Julen Alonso: "Iritsi da nire kantuak jendeari erakusteko unea"

Karkara 2018ko aza. 28a, 19:00
Julen Alonso. (Gaizka PeƱafiel)

Julen Alonsok Sutan dantzan bere lehen diskoa argitaratu du. Abenduak 5etik 9ra Durangoko Azokan izango da oriotarra, Goienkale 46. postuan. Gainera, internet bidez eta hainbat saltokitan ere erosi ahal izango da Sutan dantzan lana.

Julen Alonso oriotarra oso gazte murgildu zen musikaren munduan. Bost urterekin hasi zen akordeoia ikasten Orioko Danbolin Musika Eskolan, Itziar Zabalaren gidaritzapean. Dena dela, 14 urterekin trikitia ikasteko grina sartu zitzaion. "Trikiti jaialdi batean Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar trikitilariak entzun nituen, eta haiek piztu zidaten trikitia jotzen ikasteko gogoa. Gaur egun ere erreferente izaten jarraitzen dute niretzat". Ordutik hainbat trikiti txapelketetan parte hartu du Alonsok, Eneritz Aulestia panderoan lagun duela , eta azaroan Sutan dantzan lehen diskoa argitaratu du oriotar gazteak. 

Alonsok azaldu duenez, aspaldi hasi zen kantuak sortzen, baina orain arte berarentzako gordetzen zituen. "Hala ere, uste dut iritsi dela nire kantuak jendeari erakusteko unea. Ni soinu teknikaria naiz eta estudio propioa daukat grabaketak egiteko. Bertan grabatu eta nahastu ditut disko berriko abesti denak, eta oso gustura nago emaitzarekin". Oriotarrak hasieratik garbi izan zuen lehen diskoa autoekoizpena izango dela, eta erronka garrantzitsua izan dela aitortu du. "Asko ikasi dut bide honetan. Izan ere, disko baten atzean lan asko eta asko dago, eta are eta gehiago norberak ekoiztutako lana bada. Hasteko, kantuak sortu behar dira. Gero, gainontzeko musika-tresnekin nola jantziko diren erabaki. Grabatu, nahastu, masterizatu eta diskoaren diseinua egin", besteak beste. 

 
'Sutan dantzan'
Sutan dantzan da Julen Alonsoren lehen lanaren eta diskoko lehen kantuaren izenburua. "Kantu horren melodia sortzen ari nintzenean akelarrea nuen buruan: infernua, deabruak, sorginak eta sua; eta letrak ere horren inguruan hitz egin behar zuela garbi nuen. Gainera, infernuko hauspoa deitzen zaionari ere egin nahi izan diot keinu, beti ondoan izan dudan lagunari".
 
Bestalde, diskoa sortzerakoan hainbat jarraibide aldatu behar izan ditu Alonsok. Alde batetik, orain arte trikitiaren melodian, panderoaren erritmoaz lagunduta soilik jo izan ditu oriotarrak bere kantuak, baina diskoan musika-tresna gehiagorekin koloreztatu ditu abestiak. "Iker Telleria perkusioan, Joanes Ederra bajoan,  Ander Ederra gitarra akustikoan, eta Eneritz Aulestiaren ahotsa izan ditut lagun. Gainera, teklatuaren bidez beste hainbat hots desberdin ere txertatu ditut". 
 
Horrez gain, hainbat abestietan kantatzera ere animatu da trikitilaria. "Orain dela gutxi hasi naiz kantatzen, Eneritz Aulestiak animatuta. Gustua hartu diot abesteari, eta ia kantu denetan nire ahotsa sartzeaz gain, aurrerantzean zuzenekoetan abestea da nire asmoa", nabarmendu du.
 
 
 

Durangoko Azokan 
Abenduak 5etik 9ra Durangoko Azokan izango da Juen Alonso bere diskoa aurkezten, Goienkale 46. postuan. Gainera, internet bidez eta hainbat saltokitan ere erosi ahal izango da Sutan dantzan lana. Salmenta puntuen inguruko informazio zehaztua sare sozialen bidez jakinaraziko du Alonsok aurrerago. 

Durangoko Azokaren ostean, kontzertuak ematen hasiko da oriotarra, eta horretarako "irrikaz" dagoela adierazi du. Dena dela, Alonso dagoeneko hasi da motorra berotzen, aurreko astean Bilboko Euskalduna Jauregian eskaini baitzuen saioa. "Nervion irratiak antolatutako minbiziaren aurkako emanaldi solidario batean parte hartu nuen. Niretzat ederra izan da bi mila pertsonen aurrean jotzea, sekulako esperientzia izan zen".

Kolaborazioak
Sutan dantzan Julen Alonsoren lehen diskoa bada ere, eskarmentua du oriotar gazteak eszena tokiaren gainean, hainbat kolaborazio egin baititu musikari ezagunekin. Bi urtez Olatz Zugastirekin aritu zen, akordeoia eta teklatua jotzen. "Asko ikasi nuen berarekin. Horrez gain, Gozategiren azken diskoan lau kantutan parte hartzeko ohorea izan dut. Asier Gozategi asko estimatzen dudan trikitilaria da, eta asko lagundu dit".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!