Haurrentzako antzerkia izango da ostiralean Arraunetxen, Les Clochards Célestes taldearen eskutik

Karkara 2018ko aza. 28a, 11:30

Hitza erabiltzen ez duen ikuskizuna da, 3 urtetik gorako haur eta helduei zuzendua, eta 35 minutu inguruko iraupena izango du.

Tolosako Titirijai astearen barruan 'Les Clochards Célestes' taldeak haurrentzako antzerkia emango du Orioko Arraunetxen, ostiralean 19:00etan hasita. Orioko Udalak eta Topic-ek antolatu dute emanaldia elkarlanean.

Hitza erabiltzen ez duen ikuskizuna da, 3 urtetik gorako haur eta helduei zuzendua, eta 35 minutu inguruko iraupena izango du.

Mamita dordoka habiaren bila
Antzezlanak Mamita dordoka zaharraren istorioa kontatzen du. Mamita lehen arrautzak erruten zituen habiaren bila dabil. Baina denbora asko pasatu da eta toki hura erabat aldatuta dago orain. Halako batean, Mamita gogoratuko da non zegoen galdutako paradisu hura eta hara abiatuko da. Bidea zoragarria izango da.

Les Clochards Célestes konpainia
Les Clochards Célestes ipuin kontalariak dira. Kaleko artea atsegin dute eta denetzako zuzendutako lanak egitea gustatzen zaie. Gustuko dute ikusleen artean barreak sortzea, baina baita negar eginaraztea ere. Ikusleen arima lotiak esnatu nahi izaten dituzte.

Les Clochards Célestes bizitzan inspiratzen dira eta maskarak, txotxongiloak eta keinuak erabiltzen dituzte inguratzen gaituen mundua adierazteko hizkuntza gisa. Ikuslearen bihotza grazia, samurtasun eta poesiarekin asetzea dute helburu. Beren ikuskizunen bitartez, Les Clochards Célestes sormena erabiltzera gonbidatzen dituzte ikusleak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!