Amaia Larraza: "Espainia mailako sofbol jokalari onenekin jokatzea ohorea da niretzat"

Karkara 2018ko aza. 30a, 19:00

Amaia Larraza sofbol jokalari oriotarrak Espainiako Selekzioarekin jokatu du absolutu mailan. Bertan bizitzako esperientzia izan du hizpide.

AMAIA LARRAZA - Sofbol jokalaria

Espainiako selekziorekin jokatu duzu absolutu mailan. Lehen aldia izan al da?
Absolutu mailako Espainiako selekzioarekin jokatu dudan lehen aldia izan da, baina kadete eta jubenil mailan ere deitu zidaten selekziotik. Egia esan, azken deiak ezustean harrapatu zidan.

Zer moduzko esperientzia izan da?
Maila bakoitzean bizipen desberdinak bizi izan ditut, adinak zeresan handia baitu. Kadete eta jubenil mailan Espainiako selekzioak deitu zidanean, taldeko jokalari nagusienetakoa nintzen, eta absolutu mailan gazteena izan naiz. Egia esan, oso babestua sentitu naiz uneoro, asko lagundu didate gainontzeko jokalariek.

Kirol mailari dagokionean, aldaketa sumatu al duzu OBBko egunerokoarekin konparatuta?
Bai, alde handia antzeman dut, eta jakin badakit oraindik urte asko falta zaizkidala beste jokalarien mailara iristeko. Espainia mailako sofbol jokalari onenekin jokatzea ohorea da niretzat, eta asko ikasi dut haietaz. Nire buruan konfiantza hartzeko balio izan dit batik bat. Askotan beldur txikiak izan ohi ditugu, eta beste jokalariek horiek gainditzen lagundu didate. Horrez gain, nire kirol ibilbidean helburua markatzen ere lagundu dit selekzioak.

Izan ere, Espainiako selekzio absolutuak 19 urterekin deitzen duenean, jokalari horrek hobetzeko eta sofbolean aurrera egiteko aukera duela esan nahi du. Horregatik, azken urtetan zehar egin dudan lana aitortu dutela uste dut, eta gogor entrenatzen jarraitzeko indarra eman dit.

Espainiako selekzioak nazioarteko partidak jokatu ditu beste selekzioen aurka. Jokatzeko aukerarik izan al duzu?
Bai, entrenatzaileak bi partida jokatzeko aukera eman zidan, eta oparia izan zen niretzat

Opari hitza aipatu duzu. Dena dela, absolutuarekin jokatzera iristea ez zen bide erraza izango, ezta?
Txikia nintzenetik oso gertutik bizi izan dut sofbola, eta oso gaztea nintzenean hasi nintzen zelaira etortzen. Izan ere, nire ahizpa ere sofbol jokalaria da, eta urte askotan zehar taldeko gaztetxoak entrenatu izan ditu. Gogoan dut sei-zazpi urte nituenean nire ahizpari laguntzera etortzen nintzela. Oraindik jokatu ezin nuenez, pilota jasotzen ibiltzen nintzen entrenamenduetan. Ainara Larraza nire ahizpa beti izan dut erreferentetzat, eta bera iritsi den mailara iritsi nahiko nuke.

Hamabi urte nituenean murgildu nintzen bete-betean sofbolean, eta aurtengoa senior mailan jokatzen dudan bosgarren urtea izango da. Egia da, ez dela bide erraza izan, talde nagusian tokia izateko gogor prestatu behar izan baitut. Asko landu izan dut teknika, pilota ahal bezain beste kontrolatu eta jaurtiketa perfektua lortzeko.

Espainiako selekzioarekin jokatzeaz gain, OBBrekin ere aurre-denboraldia abiatu duzue. Aldaketarik izan al da taldean aurreko denboraldiarekin alderatuta?
Iaz bezala, talde oso gaztea gara, baina behar den bezala entrenatzen badugu, pasa den denboraldian lortutako emaitzak hobetu ditzakegu. Orain aurre-denboraldia jokatzen ari gara, eta hainbat txapelketa jokatuko ditugu. Azaroan Zaragozako talde baten aurka lagunarteko partida jokatu dugu. Abenduan berriz, kiroldegi barruko sofbol txapelketa batean parte hartuko dugu, eta bertan Espainiako hainbat talde eta Belgikako selekzioa izango ditugu aurkari. Denboraldia martxoaren lehen astean abiatuko dugu ofizialki, eta datozen hilabetetan ligarako eta koparako prestatzen arituko gara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!