Orioko Pintxo Astea antolatu dute datorren asterako

Karkara 2018ko abe. 4a, 09:00

Abenduaren 10etik 14ra izango da Orioko Pintxo Astearen lehenengo edizioa. Sei tabernak hartuko dute parte; pintxo bana aurkeztuko dute, eta bezeroek erabakiko dute zein den hoberena. Zozketa herrikoia ere izango da.

Arkupe elkarteak Orioko lehenengo Pintxo Astea antolatu du datorren asterako. Abenduaren 10etik 14ra izango da, astelehenetik ostegunera, eta sei tabernak hartuko dute parte: Kutixi, Sayalero, Baraka, Antilla, Gabon eta Aterpe. Bakoitzak pintxo bana aurkeztuko du, 1'50 euro-2 euro bitarteko prezioarekin.

Pintxo Astearen helburua Orioko ostalaritza "sustatzea" eta bizilagunei "pintxo desberdinak dastatzeko aukera ematea" da, Arkuperen arabera. Bestalde, ostalariei "esperimentatzeko" eta "oriotarrak harritzeko" aukera eskaini nahi diete, tabernen arteko "lehia osasuntsua" bultzatuz.

Bezeroak epaile

Taberna bakoitzak pintxo bat prestatu eta aurkeztuko du, eta bere eskumena izango da noiz eta nola saldu erabakitzea. Pintxoa erosi eta kontsumitzean, balorazioa egin eta helarazteko aukera izango du bezeroak, pintxo onena zein den erabakitzeko. Horretarako, taberna bakoitzak balorazio orriak izango ditu eskuragai, bezeroek, pintxoa probatzean, 1etik 5erako puntuazio markak jar ditzaten.

Balorazioa egiteaz gain, kontsumitzaileek orri horietan beren izen-abizenak idatziz gero, zozketa herrikoian parte hartzeko aukera izango dute: 100 euroko bono bat eta 50 euroko bi bono zozkatuko ditu Arkupek. Pintxo Astea amaitzean jakinaraziko dute zeintzuk diren zozketaren irabazleak, eta baita pintxo onenaren saria irabazi duen taberna zein den ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!