Mugitu ezpaina!

Karkara 2018ko abe. 6a, 10:00

Gure hizkuntza-ohiturak aldatzea izan da Euskaraldiak jarritako erronka, euskaraz gehiago eta jende gehiagorekin egiteko. Astelehenean bukatu zen ariketa sozialaren balorazio ona egin dute antolatzaileek. Lehengo ostiralean ateratako KARKARAREN 400.zenbakian, Euskaraldiari buruzko erreportaje hau argitaratu genuen.

Nadethek ahobizi gisa eman du izena Euskaraldian eta, beraz, euskaraz egiten die beti euskara ulertzen duten guztiei. Richard, berriz, ikasten ari da pixkanaka eta gonbita egiten die herritar euskaldunei berari euskaraz egiteko; eta horregatik jantzi du belarriprest txapa.

Mugitu ezpaina eta atera mingaina!

Manolo Escobarren `Que viva España!´ abesti ezagunaren doinuan eman zion hasiera Euskaraldiari Maddalen Arzallus bertsolari lapurtarrak azaroaren 23an. Whatsappez whatsapp eta bertxioz bertxio, berehala zabaldu zen kantaren bertsio berria, Euskaraldian ezpainak mugitzeko gonbita flamenkoa egiten diguna.

Espainiako kanta zaharraren bertsio ikonoklasta horrek bere baitan biltzen ditu Euskaraldiaren ezaugarri nabarmenetako batzuk: ezpainak mugitzeko eta, beraz, hizkuntza erabiltzeko deia, alaitasuna, aldarte berritzaile eta jostalaria, puntu lotsagabe bat eta kohesioa bultzatzeko nahia —falta dena, betor!—. Hori guztia da Euskaraldia, egun hauetan Orion ere zeresana sortu duen arnas luzeko ekimena.

1450 oriotarrek eman dute izena

Oriotarrek harrera ezin hobea egin diote Euskaraldiari eta parte-hartzaileen datuak Euskal Herriko onenen artean daude: 1.450 oriotarrek eman dute izena —%80 inguru ahobizi gisa, eta %20 belarriprest gisa—. Horien artean gehiengoa dira emakumeak, Euskal Herri osoan bezala: % 64.

Kontuan hartuta Euskaraldian izena emateko baldintza zela 16 urte beteta izatea, parte hartzeko adinean dauden oriotarren % 30ak eman du izena. Datu harrigarria da eta garbi erakusten du oriotarrok euskaraz bizitzeko gogo handia daukagula.

Euskararen erabilera sustatzeari dagokionez, orain arte baino ausartago jokatzeko moduan gaudela ondorioztatu daiteke datu horietatik.

Lantalde zabala, antolamendurako

Aurtengo otsailean hasi ziren Orion Euskaraldia antolatzeko lanak, Udalak eta Karkara aldizkariak aurkezpen-ekitaldia deitu zutenean batera Arraunetxen.

Euskaraldiaren berrikuntza nagusietako bat, hain zuzen ere, hauxe izan da: administrazioaren eta euskalgintza antolatuaren artean abiatu dela aurreneko aldiz horrelako ekimen zabal bat, eta Orion ere horrela eman zuen lehenengo urratsa otsailaren 3an: Udalak eta Karkarak elkar hartuta deitutako aurkezpenarekin. Ekitaldi hartan lepo bete zen Arraunetxeko aretoa eta, beraz, hasieratik nabarmen geratu zen oriotarrek ez ziotela hutsik egingo  esperimentu berritzaile honi.

Geroztik, lantalde zabala osatu da eta lantalde horrek antolatu ditu urtean zehar herrian egin diren  prestakuntza-tailerrak, ekitaldiak, entrenamenduak, txapa-banaketak eta abar. Udalak hartu ditu bere gain gastuak eta lan boluntarioaren bidez bideratu da ekimena. 15 bat lagun ibili dira lantaldean, giro onean eta gogoz. Euskararen erabilera suspertzeko, izango da gero ere zereginik, eta Oriok erakutsi du badagoela indarra erronka berri horiei ere heltzeko.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!