Plateren etengabeko birak

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abe. 6a, 16:00
Etxeberria anaiak, eskuinean Xabier eta ezkerrean Martin. (Amaia Urbieta Arruti)

Liburu bana argitaratu berri dute Etxeberria anaiek. Xabierrek zortzigarren eleberria aurkeztu du, 'Berriro itzuliko balitz' izenburupean, eta Martinek 'Winston' poema liburua plazaratu du.

“Zein duk liburua atera dikena, hi edo hire anaia?”. Batek baino gehiagok galdetu ohi dio hori Martin Etxeberriari. Bien artean egin izan dituzte hainbat lan. Oraingoan, ordea, bakoitzak bere aldetik osatu du berea. Berriro itzuliko balitz eleberri laburra argitaratu berri du Xabier Etxeberriak, eta Winston poema liburua Martinek.

Xabierrek bi beka eskuratu ditu urte honetan, eta horietako baten emaitza da Berriro itzuliko balitz thrillerra. Nobela hamar astean idatzi duela dio. “Azken nobela egiten bi urte eta erdi igaro genituen, baina orain idazteari askoz denbora gehiago eskaintzen diot, autonomo egin bainaiz”. Bi urte eta erdi horiek “ez zirela errealak” ere azaldu du Etxeberriak, idazteko oporrei egunak kentzen aritzen baitziren lehen, haurrak lotaratutakoan lanean, eta abar.

Berriro itzuliko balitz Xabierrek orain arte idatzitako nobelarik beltzena dela azaldu dute bi anaiek. “Gizon gogorraren sekretuak bazuen ilunetik zerbait, baina esan daiteke thriller karnabalero bat zela, parodia bat”, azaldu du Martinek. “Oraingo hau beltz peto-petoa da”. Gainontzeko eleberriekin alderatuta, muntaiari garrantzi handiagoa eman diola baieztatu du Xabierrek: “Erritmoa manten zedin nahi nuen. Gidoiak idazten hasi gara duela gutxi, eta uste dut gidoigintzak eragina izan duela nire azken lan honetan”. Lortutako bigarren bekarekin ipuin-liburu bat argitaratuko du. “Zortzi nobela atera ondoren, uste dut prest nagoela”, dio ironiaz.

Martinek, berriz, sei urtean behin argitaratu ditu orain arteko lau poema liburuak. Lehena 20 urte zituenean idatzi zuen: Katiluaren ipurdia. Azken liburua, Winston, “itzulpen bat, plagio bat eta poesia ez den zerbait” bezala definitu du. Kontzeptu horiek azaltzeko 24 urte atzera egiten du Martinek, izan ere, garai hartan sentitzen zuen hori sentitzea zuen helburu liburu hau idaztean. “Saiatu naiz, baina ez dut lortu”. “Orain ez dauzkak 20 urte eta!” dio Xabierrek, barrezka.

Katiluaren ipurdia irakurtzean bere burua “inozoago eta garbiago” ikusten du Martinek, idazkera lasaiagoaz eta kontuei hainbeste bueltarik eman gabe, “bestela, buruarekin idazten bukatzen duzu, bihotzarekin beharrean”. Gioconda Belli poetaren hitzak ekarri ditu gogora: “Poema onak idatz ditzakezu, beharbada, poesia egin gabe”. Sentsazio horixe eduki du Martinek, hobeto idazten duela, baina poesia kutsua bidean galdu duela. Dena den, saiakeraren ondoren izandako emaitzarekin “gustura” dago.

Lehen aldia da bakoitzak bere aldetik idatzitako lanak batera argitaratzen dituztena. Astebeteko aldearekin egin zuten lehen aurkezpena, Donostiako Elkarren. “Oraindik aulkia beroa zegoen”, dio Xabierrek txantxetan. Zarauzko Garoa liburu dendan, batak bestearen liburua aurkeztu zuen, eta Durangoko Azokan ere, Ahotsenean, aurkezpen bateratua egingo dute.

Plater txinatarrak

Hamaika proiektu dituzte esku artean Etxeberriatarrek. “Askotan, zirku txinatar bateko malabarista bat banintz bezala sentitzen naiz, plater guztiak biraka mantendu beharrean”, dio Xabierrek. Gidoigintza munduan murgildu dira azkenaldian. Horren emaitza izan da Margolaria filma, Iker Treviño eta Oier Aranzabalekin batera egindako lana. Komikietarako gidoiak ere egiten aritu dira, eta serie pare baterako proiektuekin ere badabiltza. Margolaria filma ekoiztu zuen produkzio etxe berberarekin (Maluta Films) ere dokumental berri bat dute esku artean. Oraingoan, Zamorako apaizen kartzelaren inguruko film luzea egingo dutela aurreratu dute. Horrez gain, haur literatura lantzen ere ari dira bi anaiak.

Proiektu horiek guztiak bizirik mantendu ahal izateko, badirudi 24 ordu baino gehiago izan behar dituela Etxeberriatarren egunak. Gidoiak idazten dituzte, hainbat hizkuntzatara itzultzen dituzte, hamaika merkatutara joaten dira argitaletxeak bilatzera, argitaletxeentzat dosierrak idazten dituzte… Martinek garbi dio: “Xabier autonomoa denetik zoratu beharrean nauka, nik beste lan bat ere badaukat, eta lo egitea ere gustatuko litzaidake”, dio ironiaz. Xabierrek, berriz, garbi dauka idaztetik bizitzeko gauza asko egin behar direla batera. “Nik azken urte honetan aukera izan dut idaztetik bakarrik bizitzeko, bekak eta sariak irabazi ditut, guztia ongi atera zait. Kontua da inork ezin didala ziurtatu datorren urtean ere hala izango denik. Gainera, azken aldian irudipena daukat gehiago ari naizela komertzial lanak egiten, sorkuntzakoak baino”. Guzti hori hala izanda ere, garbi daukate gustatzen zaielako eskaintzen diotela hainbeste denbora sorkuntzari. “Diruagatik behintzat ez dugu egiten”.

Bikote artistikoaren erakusleiho den Interneteko ataria ere martxan daukate: etxeberriak.com. Bestalde, zenbait proiektutarako lan talde handiagoan ere ari dira lanean. Oier Aranzabal eta Iker Treviñorekin Churchil taldea sortu dute. “Gu biok ohituta gaude batera lan egiten eta konpenetrazio handia daukagu, eta jende gehiagorekin aritzeak prozesua mantsotzea, baina, aldi berean, zabaltzea dakar”.

Literatura ‘Queerraren’ alde

Euskal Herriko literaturgileen merkatu komertzialaren txikitasuna azpimarratu dute bi anaiek. “Euskal hiztunak oso gutxi gara, euskal hiztun literaturzaleak are gutxiago, eta euskal hiztun literaturzalea izanik, liburuak erosten ditugunak oraindik gutxiago”. Zenbakietan ere azaldu du Xabierrek: “Euskal idazleetan liburu gehien salduko dituenak 10.000 inguru salduko ditu, eta gutxien saltzen dituenak, kopuru bat esateagatik, hamar. Gazteleraz gehien saltzen dituenak 10 milioi salduko ditu, eta hori alde oso handia da”.

Hori ikusita, euskal idazleak “ausartagoak” izan beharko liratekeela aldarrikatzen du Martinek. “Euskadin rock-and-rollak ez du inoiz dirurik emanen, inon baino alaiagoa izanen da”, zioen Hertzainakek. “Lehen zatia betetzen dugu, baina alaitasunera iristeko asko falta zaigu”. Presio komertzialik ez dagoela kontuan hartuta, “gauza desberdinagoak” egin beharko liratekeela uste du Martinek. “Definituegi dago literatura, gehiegi mugatzen dugu gure burua. Nik literatura Queerrago bat aldarrikatuko nuke”.

Hizkuntza guztietan doaz beherantz literatur salmentak, baina euskal komunitatea, horren txikia izanda, beherakada “askoz nabarmenagoa” dela dio Xabierrek. “Badirudi idazleok gainontzeko idazleek soilik irakurtzeko lanak egiten amaituko dugula”. Argitaratzeko moduak ere asko aldatu direla azaldu dute biek. Lehen titulu bakoitzetik askoz ale gehiago ateratzen zirela, eta orain, berriz, alderantzizkoa gertatzen dela. “Gizartearen isla da azkenean. Etengabeko berritasunak nahi dira, eta geroz eta azkarrago doa dena”.

Jasotzeko asko erein behar

Europako komikigintzaren merkatu garrantzitsuenean izango dira datorren astean Etxeberriatarrak, Anguleman (Frantzia), beren proiektuak saltzen. Esku artean dauzkaten guztietatik bat salduz gero, gustura itzuliko dira etxera. Komikien mundua ezagutzeko aukera ere izan dute, eta Xabierrek azaldu du orain apur bat loratzen ari diren arren, euskal komikigileak “lubakien lubakien lubakietan” egon direla.

“Kultura beti egon da minorizatua, baina horrek ez gaitu etsipenera eraman behar, ezin gara aritu beti gure bizkarrei kolpeka”, diote Etxeberriatarrek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!