Bale-hezurrak irudikatzen dituen obra bat jarriko dute Orioko zubiaz bestaldeko biribilgunean

Karkara 2018ko abe. 10a, 15:01
Lanak amaitzean, itxura hau izango du zubiaz bestaldeko biribilguneak. (Orioko Udala)

Aurreko astean hasi ziren biribilguneko lanekin, eta aste honetan bukatuko dituzte. Hezurdura zurez egina dago, eta bost metrotik gorako altuera izango du punturik garaienean.

Aurreko astean hasi ziren Orioko zubiaz bestaldeko biribilguneko lanekin. Lurra mugitu dute lehendabizi, eta mendi batzuen forma eman diote. Mendi horien artean zurez egindako konposizio bat jarriko dute, bale-hezurrak irudikatzen dituena, eta bost metrotik gorako altuera izango du punturik garaienean. Aste honetan bukatuko dituzte lanak.

Orioko Udalaren esanetan, "Orioko herriaren historia" omenduko dute lan honen bidez, "balea-arrantzak herrian izan duen garrantzia" ikusgarri eginez. "XVI. mendean, urtero-urtero, udaberriarekin batera, Orioko eta inguruko portuetako 20-30 ontzi inguru abiatzen ziren balea-arrantzara gaur egun Kanadako lurra den Red Bay ingurura. Balea-arrantza jarduera garrantzitsua zen garai haietan eta, gaur egun ere, bizirik jarraitzen du oriotarron memorian; batez ere, 1901ean bertako arrantzaleek harrapatu zutelako gure kostaldean arrantzatu den azken balea", azaldu du udalak.

Bi elementuk osatuko dute biribilguneko zurezko obra. Alde batetik, teila hautsien gaineko balea-hezurdura izango du. 1901eko balea eta galtzeko arriskuan dagoen sardako balea irudikatuko ditu, eta udalaren arabera, Red Bay-ra urtero bidaiatzen zuten arrantzaleak ekarriko ditu gogora. Bestetik, bost muino izango dira hezurren atzean, Balearen bertsoek aipatzen dituzten bost traineruen eta bertako "mutil bizkor bikain" guztien omenez. Zarauztik autoan etorrita aurrez aurre ikusiko da obra osoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!