Denboraldia abiatu dute OAEko emakumezkoek

Dorleta Agiriano Lai 2018ko abe. 14a, 10:08
Abendua hasi orduko egin zuten uretako lehenengo saioa Orioko arraunlariek. (OAE)

Lau kidek taldea utzi badute ere, iazko blokea mantentzea lortu dute. Bestalde, zortzi arraunlari berrik egin dute bat Orioko proiektuarekin. Xanti Zabaletak jarraituko du entrenatzaile lanetan.

Abendua hasi orduko, lehen aldiz uretara atera zen Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen taldearen txalupa. Duela hilabete inguru hasi ziren entrenamenduekin, eta gogor heldu diote denboraldi berriari. Aurtengo denboraldian, aldaketak izan dira taldean. Lau arraunlarik taldea utzi dute, eta bestalde, zortzi kide batu dira Orioko proiektura. Aurreko urtetik taldean jarraitzen dutenekin bat eginda, guztira 23 jokalarik eramango dute kolore horia soinean denboraldi honetan. Arraunarekin duten kontaktua berhartuta, lana gogor egiteko unea dela iritzi du Garazi Oliden arraunlari oriotarrak.

Aldaketak taldean

Aurten lau kidek taldea eta arrauna utzi dituzte: Myriam Aizpuruak, Lukene Lizasok, Amaia Urangak eta Edurne Morenok. Dena den, zortzi arraunlari berrik egin dute bat proiektuarekin: Leire Alkalak, Amets Arangurenek, Amaia Arregik, Laida Arrutik, Luda Davidenkok, Ane Erkiziak, Vicki Piñeirok eta Sandra Piñeirok.

Ibilbide oso desberdina izan dute aurretik aurten batu diren taldekide berriek. Alkalak lehengo urtean ez zuen arraunean egin, baina aurretik Hibaikan aritu zen. Arangurenek, Arregik eta Davidenkok ere, lehengo urtean etenaldia egin arren, badute esperientzia: Getarian aritu zen arraunean bata, eta Orion beste biak, jubenil mailara arte. Arruti Donostiarra taldean izan zen lehengo urtean, Oriok utzita; Vicky Piñeiro San Juanen aritu zen, eta Sandra Piñeiro Cabo de Cruzen. Erkizia, berriz, aurten hasi da arraunean. Aurreko urtetik jarraitzen dutenekin bat eginda, guztira, 23 arraunlari izango dira aurten Orioko taldean. Olidenen esanetan, batzuk joan zaizkigu, baina iazko blokea mantentzea lortu dugu, eta hori da garrantzitsuena.

Talde teknikoari dagokionez, ez da aldaketarik izango. Xanti Zabaletak jarraituko du  entrenatzaile lanetan, eta entrenatzailearen laguntzaile gisa Juan Antonio Erkizia Erki arituko da aurten ere. Rafa Gonzalez de Txabarri arduratuko da arraunlarien gaitze fisikoaz, eta Beatriz Manchon, berriz, nutrizioaz.

Lana "gogor" egiteko unea

Duela hilabete inguru hasi ziren aurtengo entrenamenduekin, eta abendua hasi orduko, uretako lehen saioa izan zuten. Olidenek azaldu duenez, orain arte, arraunarekin dugun kontaktua berrartzen aritu gara batez ere. Laster, entrenamendu luzeagoak egiteari ekingo diote, eta aste honetan, txalupa uretara botako dute bigarrenekoz.

Denboraldi berriari heltzean, hasieran, astean lau entrenamendu saio izaten dituzte. Gero, bost saio egitera pasatzen dira, eta martxotik aurrera, astean sei egunetan entrenatzen dute. Lehendabizi distantzia luzeko estropadekin hasten direla azaldu du Olidenek, jaitsierekin, alegia. Otsaila eta martxoa inguruan izan ohi dira. Horren ondoren, maiatza aldean, trainerila ligari heltzen diote, eta azkenik, ekaina iristearekin batera, traineru ligarekin hasten dira.

Aurtengo denboraldiari dagokionez, Olidenek adierazi du orain bizitzen ari direna egin beharreko lana ondo egiteko unea dela, lana gogor egiteko momentua, alegia. Orain eta datozen hilabeteetan egindako lanaren arabera, eta beste taldeek egindako lanaren arabera, puntu batean edo bestean aurkituko gara udaran. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Aurreko denboraldian Emakumeen Traineru Elkartea sortu zuten hamalau arraun elkartek, tartean, Orio Arraun Elkarteko emakumezkoek. Elkarteak Euskotren ligari eustea erabaki zuen, lau taldez osatua. Bigarren mailako liga bat eratzeko asmoa ere erakutsi zuen, Euskotren ligarako sailkatzen ez direnentzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!