Gabriel Medinak munduko surf txapelketa irabazi du BCSC etxeko taulekin

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abe. 18a, 18:28

Gabriel Medinak munduko surf txapelketa nagusia —WSL— irabazi du bart Hawaiin, Zarauzko Basque Country Surf Company enpresan egindako surf taulekin. Mikel Agote eta Johnny Cabianca dira surf ohol faktoriaren jabeak.

Johnny Cabiancak Hawaiin jokatutako surf txapelketa osoa gertutik jarraitu zuen bart gauean. 19:00etatik 02:00ak ingurura arte egon zen ordenagailuaren aurrean, emaitzaren zain. Hain zuzen ere, surfean bigarren aldiz munduko txapeldun izan berri den Gabriel Medina surflariaren taulak egiten ditu Cabiancak, Zarauzko Abendaño industrialdean Mikel Agoterekin batera daukan tailerrean. Ospakizunak ospakizun, gaur goizeko lehen orduan lantokian ziren biak. Cabiancak oraindik ezin izan du harremanetan jarri Medinarekin: Ziur Hawaiien oraindik ez dela festa amaitu.

Brasilgo herri berekoak dira Gabriel Medina eta Jonny Cabianca, hain zuzen ere, San Sebastianekoak —Sao Paulo, Brasil—. Medina umea zela ezagutu zuen, bere aita-ordearekin zeukan laguntasunagatik. Herri horretan hasi zen, beraz, surflariaren eta taula-egilearen arteko harremana.

Medinak 15 urte zituenean egin zion lehen taula Cabiancak, eta garai bertsuan hasi zen mundu mailan lehiatzen gaztea. Harrezkero, surf taula pertsonalizatuagoak egin dizkio Cabiancak, eta Mikel Agote lankideak baieztatu duenez, beste inork ezingo luke egin Medinaren oinetara horren ongi egokitutako oholik.

Urtean 110 taulatik gora egin ohi dizkio surflariari. Martxoan hasten da denboraldia Medinarentzat, eta Gabonetan opor egunak izango dituen arren, Cabianca dagoeneko urtarrileko denboraldi-aurrerako taulen prestaketan buru-belarri murgildua dago. 

Munduko fabrikatzaileen artean ezagunak dira Cabiancaren oholak. Orain, Medinaren garaipenarekin, fabrikatzaileek ez ezik surflariek ere bilatuko naute, ziurrenik, azaldu du. Beste hainbat negoziotan gertatzen den moduan, surfeko oholen fabrikazioa ere oso globalizatua dagoela azaldu du Cabiancak. Asiako merkatua oso indartsua da. Asko eragiten digu horrek guri, prezioen arteko aldeak oso handiak baitira. Gu ez gara ekoizle handiak, ez dugu asko produzitzen, baina ahalegin guztia egiten dugu sortzen dugun hori lehen mailako kalitatezkoa izan dadin. Bezeroarekin zuzenean hitz eginez egiten dute lan Agoteren eta Cabiancaren tailerrean, eta horrek lan eta denbora asko eskatzen du.

Surfaren bilakaera

Orain, egindako lanak bere fruituak eman ditu. Nire ustez Medina beste planeta batetik dator, gauza sinestezinak egiten ditu. Hala ere, punta-puntako kirolari gehiagok ere erabiltzen dituzte gure taulak, eta guztiek laguntzen digute aurrera egiten, azaldu du Cabiancak. Euskal Herriko harrobia ere goraipatu du:Helduagoak direnean ikusi beharko da nola egokitzen diren mundu mailako lehiara. Surflarien eboluzioa ere aipatu du. Gaur egun, duela urte batzuk imajinatu ere ezin litezkeen akrobaziak egiten dira taula gainean. Azaldu duenez, surf oholgilek horretara ere egokitzen jakin behar dute, eta beren enpresan ondo ari direla uste du Cabiancak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!