Oposizioko alderdien gutuna

Karkara 2018ko abe. 21a, 10:30

Oposizioko alderdiek —EH Bildu, Orain, PSE-EE— gutuna bidali dute KARKARAra, titulu honekin: Herriko zerbitzuak indartzen ditugu gure proposamenekin.

Udalak ematen dituen zerbitzuen kopuruak eta beren kalitateak eragin zuzena dauka oriotarron bizitzan eta oposizioko taldeei oso garrantzizkoa iruditzen zaigu horiek eguneratu eta indartzea.

2018ko aurrekontuetan Bildu, Orain eta PSEk hainbat inbertsio-proposamen aurkeztu zituzten elkarrekin, zenbait zerbitzu berri sortzeko eta dagoeneko martxan dauden beste batzuk indartu eta eguneratzeko. Proposamen horiek udal aurrekontuetan jaso ziren, bakoitza bere partida ekonomikoarekin. Hiru ziren, nagusiki:

Lehenengoa, udal liburutegiko altzari guztiak berritzea. Inbertsio horren kostua 20.000 eurokoa da. Aurreneko inbertsioa da; baina, segidan, beste bat egin beharra dago, liburutegia adin eta behar guztietara egokitzeko.

Bigarren inbertsioa Orioko Arraunetxen planteatu genuen. Orioko eraikuntza berrienetako bat da; baina, hala ere, mantenimendu-kostu handia dauka urtero. Nahitaezkoa da Arraunetxeren erabilera egokitu eta optimizatzea, diru-sarrera berriak lortzeko eta, hartara, mantenimenduaren kostua jaisteko. Arraunetxeko areto nagusia bi zatitan banatuko da: batean arraunketaren museo bat sortuko da, jendeak bisitatu ahal izango duena; bestean areto bat egokituko da, hainbat erabileratarako: hitzaldiak, kultur ekintzak, kirol jarduerak… Aretoa elkarte publiko zein pribatuek erabili ahal izango dute, dagokion tarifa ordainduta. Arraunetxen egin beharreko inbertsioaren kostua 44.000 eurokoa da.

Hirugarren inbertsioa autopista azpian autokarabanen gune bat egokitzeko egingo da. Gune horrek aukera emango die autokarabanei elektrizitatea erabiltzeko eta ur zikinak biltzeko. Gune itxia izango da eta tarifa bat ordaindu beharko da erabiltzeko. Egin beharreko inbertsioaren kostua 22.000 eurokoa da.
Azken bi proposamenek dagoeneko bukatuta eta martxan egon beharko lukete; baina, EAJren Gobernuaren antolamendu eskasak eta eguneroko lanaren faltak 9 hilabeteko atzerapena ekarri du. Obrak egitea 2018ko otsailean onartu zen arren, eta oposiziotik behin eta berriz eskatu dugun arren, oraindik zain gaude.

Oposizioko taldeek lanean jarraituko dugu agintaldi hau bukatu arte, herriko zerbitzuak hobetzen segitzeko.

Orioko Bildu, Orain eta PSE

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!