Gaur gauean itxiko dute Katxiña erretegia

Iñigo Gaiton 2018ko abe. 22a, 16:49

Ia berrogei urtez zabalik egon eta gero, Katxiña erretegia gaur itxiko dute, afariak eman ostean. Maria Pilar Etxezarretak eta Mari Carmen Atxegak baieztatu digute notizia, jatetxearen ibilbideari errepasoa ematearekin batera.

Jatetxera iristeko bezeroek hilerri ondo-ondotik pasa beharko dute. Ez al duzue horrek jendea urrutiratuko duen beldurrik? Katxiña baserria jatetxe bihurtzeko lanak egin zituen arkitektoarena da esaldia. Obra amaitutakoan bota zigun, ederra marka! Gu hemen jaioak garenez, ohituta gaude kanposantua ondoan izatera, eta negozioa irekitzerako garaian, ez genuen hori kontuan izan, gogoratu du barrez Maria Pilarrek.

Katxiña jatetxea 1979ko sanpedroetan ireki zuten, familia arteko bi senar-emazteren artean. Joxek, nire senarra zenak, berotu zizkigun denoi buruak, dio Mari Carmenek. Ia berrogei urtez zabalik egon ostean, erretiroa hartzeko garaia iritsi zaie.
 
Hasierako urteak

Katxiña zabaldu arte, jabeek ez zuten aurretiazko esperientziarik ostalaritza sektorean. Jatetxea ireki aurretik, ordea, ikasteko aukera izan zuten: Mari Carmen eta Joxe Aietera joaten ziren asteburutan, Jose Luis Mirallesen erretegian lan egiten ikastera. Maria Pilar eta Joxe Migel, berriz, Altxerrira. Sukaldean sartu eta begira egoten nintzen, ikasten, eskuekin ezer ukitu gabe, dio Maria Pilarrek.

Hasierako urteak latzak izan ziren bi elkarrizketatuen hitzetan. Katxiña ez dago herri erdigunean, eta erretegiko ateak zabaldutakoan, jendea haraino joango ote zen galdetzen zieten elkarri. Kezken eta lanean emandako ordu piloaren ondorioz, hezur eta azal geratu ginen, dio Maria Pilarrek irribarrea galdu gabe. Lehen zazpi urteetan izan zituzten buruko minik handienak
 
Bakailaoa pil-pilean, lehen pizgarria

Denborarekin Katxiña parrilagatik egin da ezagun, baina hasieran, bakailaoa izan zen beren lehen berezitasuna, Juan Antonio Ercillak ­—Galarreta frontoiko gerentea izan zenak— emandako gomendio bati esker. Kartan bakailaoa pil-pilean eskaintzeko aholkua eman zigun, inguruko herrietan ez zutelako halakorik ematen, zehaztu du Maria Pilarrek. Iruneko eta Bilboko bi jatetxe bisitatu genituen laurok, errezeta behar bezala egiten ikasteko.

Bakailaoak jendea erakarri zuen jatetxera, eta Katxiñari beste erretegietatik bereizten lagundu zion. Ordurako, Orio jatetxe askok parrilarekin ondo egiten zuten lan: Jose Mari, Xixario, Sarasua... Horien atzetik hasi ginen gu; bakailaoa eskaintzeaz gain, parrila ere berehala piztu genuen, azaldu du Mari Carmenek.

Dena den, bada jatetxeko sukaldean erruz egin duten beste jaki bat. Kroketak! kar kar kar Argiñanok pare bat aldiz esan du telebistan, hemengoak omen dira sekula jan dituen onenak!, dio Maria Pilarrek.
 
Lanerako bizi

Azken 39 urteetan, Maria Pilar eta Mari Carmen ez dira lanera joan; kontatzen dutenaren arabera, lanean bizi izan direla esan daiteke. Bere egin dute erretegiko martxa, eta hura izan dute ­—ostegunetan izan ezik— eguneroko bizitza. Niri ez zait gogorra egin. Baserrikoa izanik, txikitatik ikusi dut zer den egunerokoan lanari emanda bizitzea, eta ohitu egiten zara, dio Maria Pilarrek. Hemen orduak sartu behar dira. Guk, behintzat, hala atera dugu negozioa aurrera. Ez dago sekreturik, berretsi du Mari Carmenek. Lanerako grina! kar kar kar... Pentsa, erretegia ez ixteagatik, familiako bataio eta ospakizunak beti astegunetan egin izan ditugu, gehitu du Maria Pilarrek.
 
Eman eta jaso

Bi elkarrizketatuen esanetan, Katxiñan ematen saiatu direna bizpahiru hitzetan azaldu daiteke: produktu ona ­—beti egoera onean— eta gertuko tratua. Gaur egun, jatetxe askotan ematen dute ondo jaten, baina hemengo tratua ez dugu inon aurkitu. Bilboko ohiko bezero batek esan zien hori duela gutxi jabeei, erretegian izan zen azken aldian.

Emateaz gain, urte hauetan guztietan jaso ere ikaragarri egin izan dutela diote bi koinatek: Jendea jatetxera itzultzen dela ikustea da halako negozio batean gerta dakizunen onena, dio Mari Carmenek. Bezero batzuk gaztetan hasi ziren hona etortzen, gero ezkondu egin ziren eta seme-alabak eduki zituzten, orain ume horiek ere hazi egin dira eta ezkontzera doaz... Jatetxean horren testigu zara, eta ederra da urtez urte jendearekin sortzen den harremana.
 
Penatuta itxiko dute Katxiña erretegia jabeek, baina denboraren joana gelditu ezin dela-eta, sano-sano onartu dute erretiroa hartzeko garaia dutela.
 
Larunbatetik aurrera, auto gutxiago izango dituzte inguran bueltaka kanposantuko bizilagunek; parrilako usain goxorik, ordea, ez zaie gehiago iritsiko. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!