Biga proiektuko diskoa eta dokumentala aurkeztu dituzte

Biga proiektuko diskoa eta dokumentala aurkeztu dituzte
Biga diskoaren aurkezpena Getariako udaletxean. (Artzape)

Gipuzkoako kostaldeko itsas kantak biltzea izan da proiektuaren helburua eta, ondoren, kanta horiek herrietako abesbatzek kantatu eta grabatzea.

Getariako eta Orioko udalek Biga, itsas ertzeko euskal doinuak proiektua bultzatu dute, Pasaia eta Hondarribiko udalekin batera, eta atzo aurkeztu zuten lana Getariako udaletxean. Getariako eta Orioko alkate Nika Lertxundik eta Jose Angel Zalduak, eta Floren Iribar eta Lourdes Salsamendi zinegotziek parte hartu zuten aurkezpenean, eta bi herrietako udal ordezkariak oso gustura agertu ziren emaitzarekin.

Gipuzkoako kostaldeko itsas kantuak biltzea izan da Biga proiektuaren helburu nagusia, eta lau herrietako abesbatzen laguntzarekin kantu horiek disko batean jaso dituzte. 2017an abiatu zuten egitasmoa eta aurtengo irailaren bukaeran egin ziren grabazioak herrietan. Axular Arizmendi mutrikuarrak koordinatu ditu lanak eta Mutrikun daukan AME estudioan editatu ditu bai grabazioak eta bai bideo-erreportajea.

12 abesti eta dokumentala
Guztira 12 kantu biltzen ditu diskoak, herri bakoitzeko hiru. Gora Elkano, Getaria eta hiruzpalau kantaz osatutako Pupurria grabatu dituzte Getarian Salbatore Abesbatzak, Elkano Abesbatzak eta Juan Sebastian Elkano Musika Eskolako haurrek. Horrez gain, Orioko Salatxo abesbatzak eta Danbolin musika-eskolako abesbatzak Balearen bertsoak, Bertso txiki bat eta Arrantza kantuak grabatu dituzte Biga proiekturako.

CDarekin batera DVD bat ere grabatu da, kostaldeko kantu-ondarearei buruzko erreportaje bat jasotzen duena.

CDa eta DVDa 10 euroan daude salgai Getariako Turismo bulegoan eta Getariako Udal Liburutegian, baita Orioko Turimo bulegoan. Urtarrilaren 7tik aurrera, Orioko kultur etxean ere erosi ahal izango da.