Dikeko Kontzertazio Batzordeak, Orioko Arrantzaleen Kofradiak eta Orioko Udalak sinatutako hitzarmena behin betiko onartu du udalbatzak

Karkara 2018ko abe. 28a, 13:40
Dike eremuko hirigintza plana ahalbidetuko duen hitzarmen urbanistikoari behin betiko onarpena eman dio Orioko Udalbatzak.

Ostegun iluntzean ez ohiko bilkura egin zuen Orioko Udalbatzak, eta adostasuna izan nagusi, puntu guztiak aho batez onartu baitzituzten udal taldeek.

Ostegun iluntzean ez ohiko bilkura egin zuen udalbatzak Orion, eta adostasuna izan nagusi, puntu guztiak aho batez onartu baitzituzten udal taldeek.

Hurrengoa da aztertu zuten gai zerrenda:

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarraren akta hauen zirriborroak: 2018ko uztailaren 24ko eta azaroaren 13ko ezohiko bilkuretakoak eta 2018ko urriaren 30eko ohiko bilkurakoa. Aho batez onartu zuten.

2.- Abenduaren 19ko 599/2018 alkate-dekretuaren berri ematea. Dekretu horren bidez 7/2018 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartzen da, kreditua transferitzeko modalitatean. Aho batez onartu zuten.

3.- Abenduaren 19ko 600/2018 alkate-dekretuaren berri ematea. Dekretu horren bidez 8/2018 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartzen da, kreditu gehigarrien modalitatean. Aho batez onartu zuten.

4.- Onartzea, egoki bada, kontratazio-espedienteen kontratazio-mahaiaren osaketa, kontratazio-organoa udalbatzarra denean. Aho batez onartu zuten. 
Horren arabera, kontratazio-mahaiaren presidente Joxe Angel Zaldua alkatea izango da, eta ordezkoa lehen alkateorde Angel Del Hoyo. Mahai kideak Jon Carrera (udaleko idazkari-kontu hartzailea) eta Pilar Azurmendi (udaleko arkitektoa) izango dira, eta ordezkoa Amaia Usandizaga (udaleko aparejadorea). Bestetik, kontratazio-mahaiko idazkaria Ibai Lertxundi izango da. Mahaia modu horretan osatu dute, legearen arabera politikariek kontratazio-mahaiaren herena izan behar dutelako. Horrez gain, udalbatza osatzen duten gainerako udal taldeek ahotsa izango dute kontratazio-mahaian, baina ez dute botorik izango. 

5.- Onartzea, egoki bada, Javier Regalado Herrero arkitektoak idatzitako Orioko udalerriko irisgarritasun-planaren berrazterketa puntuala. Aho batez onartu zuten.
Javier Regalado Herrero arkitektoak idatzitako Orioko udalerriko irisgarritasun-planaren berrazterketan, alde batetik bide publikoei dagokion txostenak egin dituzte, eta horietan aztertu dituzte Antxiola, Arrantzale, Kaia, Aritzaga, Arantzazuko Andra Mari, Aita Lertxundi, Balea, Baxoalde, Bikamiota, Erribera, Estropalari eta Ixarra kaleak, Hondartza Bidea, Ibai-Ondo Ibilbidea eta Antilla hondartza. Bestetik, udal eraikinak ere aztertu dituzte irisgarritasunari dagokionean: musika eskola, kultur etxea, Kosta Tailerra, Salatxo aretoa, udaletxea, kiroldegia, kanpina eta kanpineko igerilekua.

6.- Onartzea, egoki bada, Orioko Udalaren euskararen erabilera-plana, 2018-2022 aldirako. Aho batez onartu zuten.
Udalbatzarrean azaldu zutenez, euskararen erabilera-planaren helburu nagusia da aztertzea euskarazko jardunak zer toki duen Orioko Udalean, eta diagnostiko horretan oinarrituta euskaren erabilera indartzea eta areagotzea, bai udalaren zerbitzu hizkuntza gisa, baita lan hizkuntza gisa ere. Erabilera planaren bidez Orioko Udalak sakondu egin nahi du euskararen erabilera indartzeko orain arte egindako bidea, datozen urteetarako irizpideak berretsiz eta helburu estrategikoak markatuz.

Erabilera planaren garapena aztertzeko jarraipen-batzordea osatu du Orioko Udalak, eta hezkuntza eta euskara batzordekideek osatzen dute.  

7.- Behin betikoz onartzea, egoki bada, Dikeko Kontzertazio Batzordeak, Orioko Arrantzaleen Kofradiak eta Orioko Udalak sinatuko duten plangintza eta kudeaketako hitzarmen urbanistikoa. Aho batez onartu zuten.
Plangintza eta kudeaketako hitzarmen urbanistikoa jendaurrean egon da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 20 egunez, interesatuek alegazioak aurkeztu zitzaten. Ez da alegaziorik jaso, eta ostegunean behin betiko onarpena eman zion udalbatzak aho batez.

Bozketaren ondoren, EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek hartu zuen hitza, eta nabarmendu zuen hitzarmenak aurrekari bat jarri duela gaiak lantzerako orduan. "Hitzarmen honek urtebeteko ibilbide luzea izan du. Hasieran bazirudien desadostasunak areagotuko zirela, baina lanaren poderioz lortu dugu adostasunera iristea. Guretzat oso pozgarria da, eta uste dugu gaiak horrela bideratu behar direla".

Bestetik, Dikeko lur jabeek eta Orioko Arrantzaleen Kofradiako kideek egin duten lana azpimarratu zuen Iribarrek. "Borondate handia jarri dute adostasunetara iristeko, eta hori izan da akordio batera iristeko gakoa".

8.- Baimena ematea, egoki bada, Orioko udalerriko kale-garbiketa kontratuaren lagapena egiteko FCC Medio Ambiente SA enpresaren alde, FCC, SA enpresa adjudikaziodunak eskatu duen bezala. Aho batez onartu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!