“Abestiak sortzen ari naizen arren, ez dut diskoa ateratzeko presarik”

Iñigo Gaiton 2018ko abe. 30a, 12:00

Intzak `Karan´ abestia argitaratu zuen Interneten abuztu amaieran, jendaurrean aurkeztu duen lehena. Beste bospasei abesti sortuta dituela aitortu digu, baina epe laburrean behintzat, ez du lehen diskoa grabatzeko asmorik

Intza Unanue
Musikaria

Intzak txiki-txikitatik abestu izan du. Umetan etxeko ispilu aurrean kantatzen jarduten zen, ondo gogoan du hori. Beste artisten abestiak kantatzen eskarmentua hartu ondoren, bereak konposatzen dihardu gaur egun.

Noiz konposatu zenuen zure lehen kantua?

Iaz. Umetatik kantatu izan dut, baina instrumenturik jo gabe. Duela urte pare bat-edo, ukelelearekin akordeak jotzen ikasi behar nuela erabaki nuen. Horretan ari nintzela, akorde sorta batekin jolasean, paper artean idatzita nuen letra bat musikatzen saiatu nintzen, eta ohartzerako doinu bat nuen ezpainetan. Hasieran, ez nuen sinistu ere egin nirea zenik; lagunei bidali nien, beste musikariren bati entzuna ote zioten jakiteko. Ezezkoa eman zidaten kar kar kar. Nik asmatua zen, lehenengoa!

Beraz, konposatzen baino lehenago idazten jardundakoa zara.

Bai, baina beti ezkutuan! kar kar kar. Niretzat, abesti batean letrak doinuak adinako garrantzia du.

`Karan´abestiaz gain, gehiago ba al dituzu eginda?

Bai, joan naiz beste batzuk sortzen. Bospasei baditut ia bukatuta.

Eta diskoren bat grabatzeko asmorik bai?

Oraingoz ez diot nire buruari presiorik jarri nahi, ez dut presarik. Epe ertain-luzera diskoa grabatzea gustatuko litzaidake, baina horretarako, kantu bilduma trinkoagoa osatu nahi dut.

Sorkuntza prozesuan, gozatu edo sufritu egiten duzu gehiago?

Egunaren arabera. Batzuetan gauzak aise ateratzen dira, modu jarrai eta atseginean. Beste batzuetan, aldiz, ezinezkoa izaten da ideiak nahi bezala jostea, eta sufritu ere egin izan dut; inoiz kanta pikutara botatzeko gogoa izateraino. Zure abestiak sortzen iaz hasi arren, urte asko daramatzazu musikari lotuta. Kontzientzia dudanetik izan dut harremana musikarekin, oso umetatik kantatu izan dut. Gero, ikastolan, Olaxka eta Uhats abesbatzetako partaide izan nintzen, Olatz Zugastiren gidaritzapean. Hamalau urte nituenean, Benito Lertxundiren taldean sartzeko aukera sortu zitzaidan. Koruak egiten aritzen naiz, Olatzekin batera.

Zer asmo dituzu etorkizunera begira?

Kantuei beste dimentsio bat eman nahiko nieke, beste musikariek lagunduta. Taldearekin kontzertuak ematea ere gustatuko litzaidake. Musikak bizipoza ematen dit; etorkizunean, asteburuetan kontzertuak jotzeko ilusioarekin bizi nahiko nuke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!