Herriko merkataritza biziberritu nahi dute Arkupe elkarteak eta Orioko Udalak

Karkara 2019ko urt. 9a, 17:00

Arkupek urtean zehar herriko merkataritza dinamizatzeko hainbat jarduera egingo ditu.

Orioko merkataritza sektoreak dituen erronkei erantzuteko, Orioko Udalak eta Arkupe merkatari, ostalari eta profesionalen elkarteak elkarlana indartu dute. Horren barruan marka bateratu bat sortu dute, Orion bixi izenekoa, eta marka hori erabiliko dute aurrerantzean, herriko merkataritza suspertzeko egiten dituzten jarduera guztietan.

Gabonen aurretik egin zuten Orion bixi markaren aurkezpen ekitaldia, eta Eusko Gudari kalearen hasieran jarri duten atun-sardaren eskultura inauguratu zuten. Eskultura Jokin Eizagirre usurbildarrarena da, eta 10 atun irudikatzen ditu, sardan. Xixario erretegiaren aurre-aurrean kokatuta dago, garai batean arrantzaleen sotoak izandako eraikinaren fatxadan. Eskultura atun-latez osatuta dago, eta ikusgarriago egiteko argiak ere baditu. Arrain bakoitzak 3 metroko luzera du eta hamar arrain dira guztira. Udaletik jakinarazi dutenez, egileak atun-sardaren irudia aukeratu du, "batetik, oso ondo uztartzen delako herriaren marinel izaerarekin; eta bestetik, ederki irudikatzen duelako merkatariek eta Udalak lortu nahi dutena: guztiek batera igeri egitea helburura iristeko".

Eskultura Gabonen aurretik jarri bada ere, ez da opor-garairako prestatutako apaingarria, urte osoan bertan egongo baita.

Arkupe elkartea "oso gustura" dago atun-sardaren eskulturak herritarren artean izan duen harrerarekin. "Guretzat oso garrantzitsua da Orioko merkataritzari eta merkatal guneari identitatea ematea, kalea bizitzeko". Horregatik, urtean zehar Orion bixi leloa ardatz hartuta jarduera desberdinak egin nahi ditu Arkupek herriko merkataritzari bultzada eman, eta oriotarrak bertako dendetan erostearen garrantziaz ohartarazteko. "Herritarrek herrian erosten ez badute, pixkanaka negozioak ixten joango dira, eta bizirik gabe geratuko da herria".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!