Orioko Herri Ikastolak matrikulazio kanpaina aurkeztu du Orio GarART lelopean

Karkara 2019ko urt. 14a, 12:54

Ikastolan matrikulatzeko epea urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra izango da zabalik.

Gaur eguerdian aurkeztu du Orioko Herri Ikastolak 2019-2020 ikasturterako matrikulazio kanpaina, eta aurtengoan Ikastolak herriko arte eta kultur munduarekin duen harremana islatu nahi izan dute Orio GarART leloarekin. "Izan ere, Ikastolan ez ditugu ohiko konpetentziak bakarrik lantzen. Arteari garrantzi berezia ematen diogu, eta euskal kultura oinarri hartuta, mundura irekita daude gure ikasleak. Konfiantzaren pedagogian heziak, biziak, eragileak, parte hartzaileak eta autonomoak dira. Horregatik, asko dira herri, Euskal Herri eta nazioarte mailan arte proiektu desberdinak abiatu dituzten ikasle ohiak edo ikastolako komunitateko kideak", nabarmendu du Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek. Benito Lertxundi, Olatz Zugasti, Intza Unanue eta Julen Alonso musikariak, Goiuri Unanue diseinatzailea, Nekane Larrañaga artista plastikoa, Elene Tamayo ilustratzailea, Xabier Sukia eta Ibai Esoain antzerkigileak, Iñake Irastorza aktorea, Ander Errasti eta Maitane Mugika dantzariak eta Iñigo Manterola eskultore eta margolaria aipatu dituzte, besteak beste. "Horiek denak, Ikastolak arte plastikoan, dramatikoan, musikan, eskulturan, pinturan edota dantzan egiten duen jardunaren erakusle dira". 

Artistez gain, Xalto igela ere protagonista da aurtengo matrikulazio kanpainan. "Azken bi urtetan hegoaldeko zuhaitz-igela oriotartu dugu, eta aurtengoan garrantzi berezia eman nahi diogu, herriko harribitxietako bat baita". Ikastolako igel bilakatu, eta parte hartze prozesuaren bidez zuhaitz-igelaren izena aukeratu dute Ikastolako kideek; Xalto izena jarri diote.

Matrikulazio kanpainako hitzordu garrantzitsuak
- Matrikulazio kanpaina urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra izango da irekita. Seme-alabak Ikastolan matrikulatu nahi dituzten gurasoek astelehenetik ostiralera 08:30etik 13:30era eta 14:30etik 18:30era izango dute horretarako aukera, Ikastolako idazkaritzan.

- Urtarrilaren 16an, asteazkenean, gurasoentzat aurkezpen bilerak eta ate irekien jardunaldia egingo dituzte HH 2-3 mailako espazioan. Bi batzar izango dira: euskarazko saioa 17:00etan hasiko da, eta gaztelaniaz egingo den bilera 18:30ean.

- Urtarrilaren 19an, larunbatarekin, Orioko Herri Ikastolak ateak zabalduko ditu, 11:00etatik 12:00etara, bertaratzen direnak Ikastolako txoko guztiak ezagutu ditzaten.

- Urtarrilaren 25an, ostiralean, 17:30ean hasita, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izango da Karela kiroldegian, Orioko Herri Ikastolak antolatuta.

Ikasketa prozesuaren oinarriak
Orioko Herri Ikastolak 765 ikasle ditu, eta herriko ia 500 familia biltzen ditu guraso kooperatibak. Bertan eskaintzen duten ikasketa prozesua hiru ziklotan banatuta dago, eta Konfiantzaren Pedagogia du oinarrian. Ikastolako HHko koordinatzaile Jasone Garateren esanetan, "konfiantza giroan haziz, ikasleek dituzten gaitasunak garatzeko aukerak biderkatu egiten da. Haurra da ikasketa prozesuaren protagonista, eta horrek motibazioa areagotu egiten du ikasleengan". Haur Hezkuntzan esaterako, afektibitatea, emozioak, sormena, autonomia, sozializazioa eta euskara eta ingelesa lantzen dituztela nabarmendu du Garatek. 

Lehen Hezkuntzan proiektuetan oinarritutako ikaskuntza eskaintzen dute Orioko Herri Ikastolan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan berriz, EKI proiektua lehenetsi dute. "Horiei esker, bizitzako egoera errealei aurre egiteko konpetentziak bereganatzen dituzte ikasleek, digitalizazioa oinarri hartuta". Horrez gain, eskola jazarpenari aurre egiteko KIVa proiektua ere martxan dute, eta Ikastolako komunitate osoak bat egin du programarekin. "Aurten gainera KIVa proiektuaren DBHrako ikas material espezifikoa ere izango dugu euskaraz, Finladiako Turku Unibertsitateak sortu eta Ikastolen Elkarteak euskaratua".

Bukatzeko, Zigor Saizar zuzendariak herriko gurasoak Orioko Herri Ikastola ezagutzera eta bertako kide izatera gonbidatu ditu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!