Angulazaleak biltzen hasi dira Eusko Jaurlaritzari erantzunak eskatzeko

Karkara 2019ko urt. 14a, 16:07
(Unai Eizagirrek utzitako argazkia)

Aurten astebetez bakarrik aritu ahal izan dute anguletan, eta ez dute erabakia ulertzen. Horregatik, bilera eskatu diote Leandro Azkue Arrantza zuzendariari, eta otsailaren 9an elkartuko dira, Orion bertan.

Beste urteetan azaroaren erditik urtarrila amaierara arte aritu izan dira anguletan Oriako angulazaleak. Orion hemezortzi lizentzia motordun dituzte, eta lehorreko ia 200. Unai Eizagirre Olatxo da ontziarekin ibiltzen denetako bat, eta KARKARA eta Hitza-ri azaldu die bizi duten egoera. "Zaplastekoa eman digute baina ez digute arrazoirik azaldu. Galdera zehatzak ditugu eta horien erantzuna nahi dugu", azaldu du garbi oriotarrak.

Larunbatean bilera egin zuten angulazaleek Salatxo aretoan, eta bertan izan ziren udaleko hainbat zinegotzi eta Jose Angel Zaldua alkatea. Eizagirrek kezka iturri diren gaiak jarri zituen mahai gainean: arrantzaren muga, lizentzia berririk ez ematea, arrantza kirol denominazioa, uraren kalitatea, hegazti harrapakarien presentzia, eta angula ezin saldu izatea, besteak beste.

"Bilera honekin angulazaleak eta herria inplikatu nahi genituen, eta egoeraren berri eman medioei, azaldu guk zer nahi dugun. Eta guk nahi duguna da arrantzan jarraitu. Horixe da nahi duguna", azpimarratu du Eizagirrek.

Jarraipen hori ikusten dute arriskuan. Batetik, "lizentzia berririk ezin da egin. Ondo dago mugak jartzea, baina aita batek semeari zergatik ezin dio pasa bere lizentzia?". Bestetik, ez dute ulertzen zergatik murriztu duten astebetera angularen arrantza. "Guk ez dugu ikusten angula gutxiago dagoenik, ez da hori gure sentsazioa. Alderantziz, azken urteetan gehitzen ari dela ikusten dugu". Abenduan aritu dira astebetez, eta "baldintza txarrak" aurreikusita zeuden arren, "oso ondo joan da, asko hartu dugu bai hemen, bai Urolan. Harrituta gaude, baldintza txarrak zeudelako aurreikusita eguraldi aldetik-eta". 

"Haserre" daude: "Ez dakigu zergatik ari diren hartzen erabaki hauek, eta nork hartzen dituen eta zertan oinarrituta".

Eizagirrek esan du orain arte "harreman onak" izan dituztela Eusko Jaurlaritzarekin. "Beti komunikazio ona egon izan da, baita lankidetza ere, eta ez dugu ulertzen orain jarrera hau". Angulazaleak prest daude "arrainarekin Kofradira joan, pisatu eta dena kontrolatu eta gauzak ondo egiteko".

Oraingoz, biltzen jarraituko dute. Batetik, otsailaren 9an Salatxon elkartuko dira Gipuzkoako angulazaleak Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariarekin eta Aztiko angula saileko arduradun batekin.

Bestetik, Oriako eta Urolako angulazaleek elkarte bat osatzeko asmoa dute, oraindik zehazteko puntu asko dituzten arren.

Ertz askoko gaiak
Eizagirrerentzat ez dira angulazaleak angularen egoeraren erantzule bakarrak. "Gu zigortu gaituzte, baina benetan angula gutxitzen ari baldin bada, faktore askorengatik da".

Esaterako, "azken hamar urteetan ugaritu diren txori harrapakariengatik. Korbaran pila bat ikusten ditugu errioan, eta egunero bi kilo arrain behar dituzte bizitzeko. Lehen hegoaldera joaten ziren, eta orain hemen gelditzen ari dira. Horren aurrean egiten al da zerbait?".

Uraren kalitatea ere "oso txarra" dela uste du oriotarrak. "Errioan ibiltzen gara eta ikusten dugu nola dagoen ura, eta nola aprobetxatzen duten enpresek ur zikinak eta azidodun ura botatzeko eurite handiak daudenean. Usaintzen eta ikusten dugu hori guztia". Bere ustez, Urolan egoera okerragoa da oraindik. "Hango angulazaleek diote ibaitik gertu dagoen araztegitik gora ez dela angularik pasatzen. Desesperatuta daude".

Eizagirrek azaldu du beste toki batzuetan gobernuek erosten dutela harrapatzen den angularen %60a, gero hori berriz errioetan askatzeko: "Hemen ez da horrelako neurririk hartu".

Eta argi du angula harrapatzea arrantza baino zerbait gehiago dela. "Orion eta Euskal Herrian tradizio handia duen zerbait da; gure kulturaren parte da eta hori mantendu nahi dugu eta gure ondorengoei helarazi".

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!