Yolanda Fernandezek Open Sud-Ouest dardo txapelketa irabazi du

Karkara 2019ko urt. 17a, 15:30

Fernandezek Barbara White britaniarrari irabazi zion finalean, 3-2 emaitzarekin.

Pasaden asteburuan Open Sud-Ouest dardo txapelketa jokatu zen Paun (Frantzian), eta bertan izan ziren Aurrera tabernako eta Unar dardo taldeko hainbat jokalari. Oriotarrak ez ziren oharkabean pasa, emakumezkoen bakarkako modalitatean Yolanda Fernandez izan baitzen txapelduna, Barbara White britaniarrari 3-2 irabazita; lehia estua jokatu zuten bi jokalariek.

Bikotekako modalitatean, Joseba Unanue oriotarrak Daniel Oliver donostiarrarekin batera parte hartu zuen txapelketan, eta hirugarren postuan sailkatu zen bikotea. Unanue "oso gustura eta pozik" agertu da txapelketan egindako lanarekin.

Orioko dardo jokalariek Caceresen izango dute hurrengo hitzordua, otsailaren 1etik 3ra bitartean, eta Kopako txapelketa jokatuko dute bertan. Oraingoan garaipena eskuratzen badute, Malasian mundu mailako txapelketa jokatzeko txartela lortuko dute oriotarrek. Jokalari oriotarrek azaldu dutenez, Paun lortutako emaitzen ostean, "indarrez gainezko" joango dira Caceresera "mundialeko txartela eskuratzeko asmoz". Dena dela, ez da mundu mailako txapelketan parte hartuko duten lehen aldia izango, herriko taldeak 2015an Kopa irabazi eta Kroaziara joan baitzen mundu mailako txapelketa jokatzera. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!