"Dudik eta gabe, Zaragueta" leloarekin abiatu dute matrikulazio kanpaina

Karkara 2019ko urt. 18a, 10:25

Zaragueta Eskolan matrikulazio epea urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra izango dute zabalik. Aurretik, urtarrilaren 24an, ostegunarekin, bilera informatiboa egingo dute, eskolan bertan18:00etan; bilera elebitan izango da. Bestalde, hilaren 26an, eskolako ateak zabalik egongo dira, 10:30etik eta 12:30era.

Atzo aurkeztu zuten Orioko Zaragueta Herri Eskolan matrikulazio kanpaina, eta aurtengo leloa “Dudik eta gabe, Zaragueta” izango da. "Horrekin adierazi nahi dugu, Orioko eskola publikoa Zaragueta dela, kalitatezko eskola dela eta horren aldeko apustua egiten dugula", adierazi zuen Rosa Velez eskolako zuzendariak. Ildo horretan, gogorarazi zuen, hezkuntzak herritarren "oinarrizko eskubidea" izan behar duela. "Horregatik, egunero gogor egiten dugu lan kalitatezko eskola publikoa izateko. Ikasleak hezten ditugu bizitzan eta munduan ondo moldatu daitezen. Izan ere, gure helburua da, ikasleek bere dohainak aprobetxatzen ikastea, beren bidean aurrera egin dezaten", nabarmendu zuen Velezek. 

"Eskolan, etxean bezala" 
Zaragueta Eskolako kideen iritziz, ikastetxearen ezaugarri bereizgarriena "irakasleen eta ikasleen arteko konfiantza eta gertutasuna da". Leire Iruretagoiena, HHko arduradunak azaldu zuen, gurasoek seme-alabak eskolan matrikulatzen dituztenean, haurra ondo zainduta egotea nahi izaten dutela. "Horretarako, primerako ikasle ratioak ditugu, azpiegitura ederrak eta lan-talde inplikatua. Gure eskolan haurrak etxean bezala sentitzen dira lehen egunetik, eta ikasle bakoitzaren heziketa prozesua erabat pertsonalizatua izaten da, bi urtetik 16 urtera bitartean. Horrek ezberdintzen gaitu besteengandik. Horrez gain, gure eskolaren izaera dela-eta, gurasoek, ikasleek eta hezitzaileek, denok ezagutzen dugu elkar, eta gertuko harremana dugu”.

Bestalde, Iruretagoienak eskolako azpiegiturak eta ingurune berdea ere nabarmendu zituen ikastetxearen balio bereizgarri gisa. “Ikastetxeko txoko bakoitzetik natura usaindu daiteke, eta umeak hezteko leku benetan osasungarria eta aproposa da gure eskola”.

Zaraguetan tinko eta brinko euskaraz
Zaragueta Herri Eskolaren izaera euskalduna ere azpimarratu zuten agerraldian. Joseba del Olmo guraso elkarteko lehendakariaren hitzetan, "euskara da irakasleen, ikasleen eta gurasoen artean gehien entzuten den hizkuntza". Horrez gain, ikastetxearen izaera markatzen duten beste balio batzuei ere egin zien erreferentzia Del Olmok: "inklusiboa, hezkidetzagilea, anitza, berritzailea, eleanitza, akonfesionala, eta noski, parekidea da gure eskola".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!