"Alkate izan nahi nuen berriro"

Karkara 2019ko urt. 26a, 19:00

Jose Angel Zaldua (Orio, 1959) 2006.urtean egin zen EAJ-PNVko alderdikide. Zuzenbidean lizentziatua, Gipuzkoako Federazioen Elkartean urte askoan lan egin du Orioko alkateak. 2015ean hasi eta amaitzear den legealdiaren errepasoa egin du
KARKARArentzat.

Zure burua aurkeztu al zenuen berriz hautagai izateko? Jarraitu nahi al zenuen alkatetzan?
Bai, aurkezteko asmoa nuen. Uda aurretik, ikusi nuen beharrezkoa nuela beste legealdi bat lau urte hauetan martxan jarri ditugun proiektuei amaiera emateko. Baina asmoak asmo, familiarekin kontrastatu behar nuen erabakia.  Familia ez zen ados agertu, ez baitzidaten apenas etxean ikusten.
Alderdiarekin hitz egin nuen; lehendabizi esan nien nire asmoa jarraitzea zela baina, senitartekoekin hitz egin ondoren, iritziz aldatu nuen. Alderdiari ez nion beste izenik eman, baina emaztea eta biok komentatu genuen, nire ondoren, alkategai onena Lourdes Salsamendi izango litzatekeela. Ondoren, Orioko batzarrak ere izen bera eman zuen, eta poza eman zidan hartu zuten erabakiak.


Zer nabarmenduko zenuke Udaleko azken legealdiaz?
Hasi ginenean, proiektu falta zegoen. Beraz, lehenik, zintzilik utzitako horiek bukatu behar genituen. Batzuk marroia deitzen zioten horri soluzioa ematen saiatu ginen, eta eman zaie. Behin horiei irtenbidea emanda, proiektu asko martxan  jarri ditugu herrian. Hurrengo legealdia polita izango da, proiektu asko martxan utzi ditugulako.  


Nola baloratuko zenuke EAJtik egin duzuen lana?
Oposizioak alderantzizkoa esan arren, lan bikaina egin dugula usten dut. Ikusi behar da nondik hasi ginen, eta noraino iritsi garen. Gauza gehiago dago egiteko, baina egin ditugunak nahiko indarrekoak eta ondo egindakoak izan direla iruditzen zait.
PSE-EEren botoarekin egin zinen alkate, baina agintaldian zehar, Ana Priede sozialistak askotan egin du bat EH Bildurekin eta Orainekin, zuri  eta Udal Gobernuari, lan falta leporatuz.
Oposizioak hori esan behar du. Datu batzuk ipintzen ditut mahai gainean; Bulego Teknikoan jasotako datuen arabera, aurreko legealdian 26 Hirigintza Batzorde egin ziren; oraingoan 33 egin ditugu dagoeneko, eta legealdia ez da amaitu.  Obrak eta Zerbitzuetako Batzordeari dagokionez, aurreko legealdian 28 egin ziren hiru urtetan eta gurean, oraingoz, 26. Horregatik esaten dizut, gauza bat esatea dela, baina zein datu eta fundamenturekin esaten da?
Zehazki, aurrekontuetan onartutako inbertsioak behar beste ez gauzatu izana leporatu izan dizuete. 2016 eta 2017 urteetan inbertsioek %57-58ko exekuzioa izan zuten.
Ez da baxua, horrek du tranpa. Urte berria hastean, lehenik aurrekontu bat onartu behar da, eta hori normalean martxoan izan ohi da.  Aurrekontuetan partida desberdinak jasotzen dira, horietako bat, inbertsioena.
Inbertsio horiek ezin dira exekutatzen hasi aurrekontuak onartu arte; beraz, jadanik apirilean jartzen gara. Udako oporrak tarteko, abenduaren 31 arte denbora segituan pasatzen da. Exekuzioa urte horretan %58koa da, martxoan exekutatzen hasten garelako. Ordez, aurrekontuak martxoan onartuta, hurrengo urteko martxora arte kuantifikatzen badugu, inbertsio partidan zehazten denaren %95era egitera iritsi izan gara gehienetan.


Herritarrentzat eskuragarri daude datu horiek?
Bai. Urte batean exekutatu diren partidak eztabaidatzen dira hurrengo ekaineko udalbatzarrean. Beraz, herritarrek webgunean kontsultatu ditzakete ekainero egiten diren plenoetako aktak.  


Zorrik ba al du Udalak?
Ez. Orioko Udala gaur egun zorrik ez duen gutxienetakoa da. Egia bada ere aurreko legealdian altxortegia murriztu zutela, oraingoan ez dago zorrik, eta altxortegia handitu egin dugu. Altxortegia da erabilgarria dagoen dirua eta epe laburrera ditugun aktibo finantzarioak. Diruzaintza on bat izateak kudeaketa ona eskatzen dugu, eta guk horretan lan txukuna egin dugu.


Udalean sartu eta berehala, soldata igo zenion zure buruari; gero, oposizioko alderdiek jaitsi egin zizuten. Zer iritzi duzu honen inguruan?
Nik ez nion igo nire buruari soldata. Legealdia hasita,  ekainean ez nuen ezer kobratu. Soldata 2015eko uztailean ezarri zitzaidan, batzordeak, zinegotziak eta bestelako izendapenak egiten diren unean. Eta ordutik ez dut ukitu.


Eta zergatik esaten da hori? Aurreko alkatearen soldata berdina duzu?
Ez, 300 bat euro gehiago kobratzen nituen. Legearen gomendioa da Udalean dauden funtzionarioen artean gehiengoa kobratzen duenak adina kobratzea. Idazkariak irabazten du gehien, beraz, gomendioa da idazkariaren berdina kobratzea. Ni alkate izendatu nindutenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretu foral bat atera zuen, esanaz udal bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera alkateak zenbat kobratu behar zuen. Niri jarri zidaten bertan ezarritakoa, ez euro bat gehiago, ez gutxiago.
Oposizioak onartu egin zuen soldata hori. Ondoren, jaisteko erabakia hartu zuten, niri eta beste bi zinegotziri.
Ez dut ulertzen soldata jaistearen arrazoia.
Izan daiteke zigorra, beraiek zazpi zinegotzi eta gu sei garelako. Hasieran onartutako soldata jaitsi zidaten, baita beste bi zinegotziri ere. Agian gorrotoa hitz potoloegia da, baina, nire ustez zigor modura egin zuten. Erregutu ere egin nien, nire soldata jaistea berdin zitzaidala, baina nire zinegotziei, mesedez, ez jaisteko.

Zenbatekoa da zure hilabeteko soldata?
Nire soldata orain 2.600 bat eurokoa da, garbia. Ni hemen ez nintzen diruagatik sartu, lehen baino gutxiago irabazten baitut. Orain, aurreko alkateak baino gutxiago kobratzen dut.


Zertan da EAJk azken kanpainan agindu zuen Arozena inguruko zentroa? Adinekoentzat eta gaixotasun paliatiboentzat aurreikusten zenutena?
Proiektu horri buruz Arozenako nagusiekin hitz egin zen, eta eurak Udalari lur horiek uzteko ados agertu ziren eremu hori proiektu horretara bideratzeko, lurrak Udalari dohainik utziz. Baina Orioko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin negoziaziotan hastean, Aldundiak atzera bota zuen, ez zuelako bideragarria ikusten.  

Gertaera hori herritarrei komunikatu zitzaien?
Herritarrei ez dakit, oposizioari bai.


Arraunetxeko mantenuan 80.000 euro inguru urtero, eta kirol teknikari bat jornada osoan. Ez al da gastu gehiegi ematen zaion erabilerarako?
Udal teknikari hori funtzionarioa da. Bere plaza atera zuenean, ez nengoen ni.  Niri zer iruditu edo beste bati, berdin dio, ezin dizkiogu langile bati bere eskubideak kendu. Gainera, kontutan eduki behar da, Arraunetxea ez ezik, kiroldegia, futbol eta sofbol zelaia eta pilotalekua ere ditugula Orion. Halaber, gaztediako teknikaria da. Usten dut herrian lan ona egin duela eta egiten ari dela.


Eta Arraunetxeko mantenurako 80.000 euroko urteroko gastua, ez al da gehiegitxo?
Egon gara Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan, kostu horren zati bat bere gain hartu dezan. Baina Arraunetxeak, bere osotasunean teknifikazio zentro bat izatera heltzeko hainbat baldintza bete behar ditu, hala nola,  lotarako eremu bat izan behar du. Eta, Arraunetxea, egunez funtzionatzen duen gune bat da. Hori eta beste arrazoi batzuk tarteko, Jaurlaritzak ez digu diruz lagundu.
Dena den, piraguismoko federazioak, surfekoak, eta turismo aktiborako enpresek beren kuota ordaintzen dute Arraunetxea erabiltzeagatik.  


HIRIGINTZA
Herriko Plazan obra handia egingo da. Beharrezkoa al da herriarentzat?
Obra honen inportanteena ez da ikusten dena baizik lurrean azpitik doana. Orioko erdigunea degradatuta dago, ur fekalak eta euri-urak, denak, batera doaz, eta banaketa egin beharra dago. Alkate bati ez zaio gustatzen herrigune guztia altxa eta obra hori egitea: batzuek nahiago dute auditorio bat egitea, Arraunetxe bat... Egin beharra zegoela erabaki genuen. 2016an hasi ginen gai honekin.
Obra hau asko atzeratu izanaren errua Udal Gobernuarena izan dela dio oposizioak.
Oposizioak beti izan du obra honen egoeraren berri. Bi lan eskatzen ditu Herriko Plazako proiektuak: lur guztia altxatzea ur fekalak eta  euri-urak banantzeko eta plaza oinezkoentzat egitea —Errustatik hasi eta Bordatxo atzealdera arte­­­­—. Azpiko hodien obra behin eginda, tapatu eta nola jarri pentsatu behar da.
Arazoa izan da obrak egiteko plazako eremu guztia itxi behar zela, eta herritar asko kexu ziren; guztia itxiz gero, herrira sartu eta irten Txankatik egin behako litzatekeela.   


Zein da orduan irtenbidea?
Errustatik Bordatxorako bidea oinezkoentzat egin bitartean, moila ertzean oinezkoentzat eremu bat egin eta errepidea bi noranzkotan banatu nahi genuen.
Kontua da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailak zera dioela: moilako oinezko eremu hori jarriz gero, itsasontziek ainguratzeko lekua galtzen dutela. Usten genuen bi metroko  oinezko eremu bat nahikoa izango zela, baina kasua aztertu dute eta zazpi metroko zabalerako bidea egin behar da. Beraz, ez da bideragarria oinezkoentzat eta autoentzat, bientzat, gune bat egitea moilan; plazaren beste aldean oinezkoentzako lanak egin bitartean.
Dagoeneko Eusko Jaurlaritzak onartu du herriko moilaren berriztatze proiektua. Pliegoak onartu eta obrak maiatzean hastea aurreikusten da, ezustekorik ez bada, eta sei hilabeteko obra izango da. Plazako obrak, berriz, hamar hilabeteko iraupena izango du. Bitarte horretan, plaza guztia itxiko da autoentzat, bai moila ingurua baita  Aritzaga eta Herriko Plaza kaleak ere (Errustatik Bordatxora).


Zenbat fase ditu beraz proiektuak? Plaza guztia itxiko da?
Esan bezala, proiektu honek bi zati ditu: bat moilakoa, eta bestea, Errusta eta Bordatxo arteko peatonalizazioa. Azken honetarako EAjk 280.000 euroko diru-laguntza lortu zuen, baina laguntza hori ez galtzeko, 2018ko abenduaren 31 aurretik oineztatzeak amaituta egon behar zuen. Hau da, Orioko EAJk oposizioari proposatu zion moilako obra hasi bitartean, saneamendua eta peatonalizazioari ekitea, baina nahiago izan zuten laguntza hori galdu proiektuari argi berdea eman baino.
    2018ko abenduak 31erako obrak bukatuta egon behar zuen diru-laguntza ez galtzeko eta hasi egin behar genuen. Ez dago egina oposizioa kontran atera zelako. 2017an esan genuenean onartu balute, jada egina egongo litzateke.
(...)
Gai hau estrategia bezala erabili dute hauteskundeei begira. Herritarren interesen gainetik berenak ipini dituzte.  Orain zer gertatzen da? Maiatzean bi obrek bat egingo dutela, eta sarrera zein irteera txankatik egin beharko dela.


Dikerako, Kofradiarako eta Kosta tailer ingururako plana aurkeztu zuen oposizioak 2017ko azaroan Garate familia eta Kofradiko presidentearekin batera. EAJ falta zen aurkezpenean. Nolatan ez zuen Udal Gobernuak horren lidergoa eraman?
Oso erraza da, ez ginen egon plan hori ezinezkoa zelako. 33.400 metro koadroko proiektu bat, Dikeko eremuan, ez zen sartzen. Nola eramango dugu egin ezin den zerbaiten lidergoa?
Orain egitasmo hori  onartu da, metro koadroak asko murriztuta.


Zein jarrera du oposizioak  Udal Gobernuak proiektuak aurkezten dituenean? Negoziazioak errazten dituzte?
Negoziazioak ez dira errazak izan. Zaila izan da oso legealdia aurrera eramatea. Beti gogorarazi didate  ez dudala gehiengo osoa.
Askotan EAJri kalte egitera joan dira eta esaten diet hori. Hasieran esaten nien, ari zarete aurreko alkateari ostikoz jotzen nire ipurdian, hau da, aurreko alkateak egindakoak niri leporatu izan dizkidate. Proiektu bakoitzaren onurak ikusi beharrean,  edo herriaren intereserako izan zitekeen ala ez baloratu ordez, EAJ proiektu horrekin irabazten ala galtzen ateratzen zen izan dute irizpidetzat.


PSOEk alokairu sozialerako etxebizitzak egiteko proposamena aurkeztu zuen Udalbatzarrean, eta onartu egin zen; zuek, zergatik ez?  Nola dago gaia gaur egun?
Ez genuen onartu, ez genuelako nahi Muntoko Udalaren partzelan soilik alokairu sozialerako etxebizitzak eraikitzea. Ghetto batean bihurtuko litzateke eremu hori, gizarte-bazterketan dauden kanpotarrak etorriko lirateke eta.  
Sozialak ez ezik, Babes Ofizialekoak, tasatuak eta bestelako etxebizitzak ere egin beharko lirateke gure ustez, herritarrei lehentasuna emateko; horregatik eman genuen ezezkoa. Eusko Jaurlaritzarekin bilera bat egin genuen eta beraiek ere bat zetozen gure asmoarekin, hau da, etxebizitza mota desberdinak eraikitzeko planteamenduarekin.  


Eta Anibarko Portuko etxebizitzen proiektua zertan da?
Bideratuta dago baina hitzarmena oraindik ez dago sinatuta. Eremu bat Garmendipe elkarteari utziko zaio,  gainontzekoak gazteen emantzipazioa ahalbidetzeko etxeak izango dira.


Zenbat etxebizitza egingo dira orduan gazteentzat eta zenbat denboraz utziko zaizkie etxebizitza horiek?
Bost edo sei etxe joango dira bertan, eta gehienez bost urtez ahalko dute etxe horietan bizi.  Eusko Jaurlaritzak markatzen du epea.

Noiz hasiko dira etxe horiek eraikitzen?
Lehen esan bezala, hitzarmena sinatzea falta da; behin akordioa itxita, berehala hasiko dira. Sei hilabete barru izatea aurreikusten dugu, gutxi gorabehera.

Datozen hamar urteetan, Orion zenbat etxebizitza berri egitea aurreikusten da? Non?
420 bat etxebizitza: 270 Dike eremuan, Abaromendin 36 inguru (libreak), eta besteak frontoi inguruan, Gozategi Frutadenda atzean dagoen orube edo solarrean, Arostegineko horretan,  Leundanean, Mutiozabalen, Azkueren fabrikan, eta beste zenbait eremutan, oraindik zehaztu gabe daudenak.


TURISMOA ETA MERKATARITZA
Uda aurretik azterketak egin ziren kanpineko zuzendari eta turismo teknikari postuetarako; hautagai batek ere ez zuen gainditu proba; EH Bilduko Emeterio Iribarrek KARKARAri emandako elkarrizketan esan zuen ‘hautaketa prozesuan akatsak egin ziren, eta horiek, agerian utzi zuten Udal Gobernuaren eraginkortasun eza’.
Inork froga ez aprobatzea ez da Udal Gobernuaren errua. Azterketa hori Eusko Jaurlaritzako IVAPek prestatu zuen. Udal Gobernuan ezin du prozesuan egon, ez eta tribunalean. Hautaketa Prozesua kanpora atera genuen nahita. Prozesuan sartzeko baldintzak aho batez onartu genituen alderdi guztiok.


Zertan dira bi hautaketa prozesu horiek?
Hasi dira, idazkaria bajan egon da, eta orain eguneraketa lanetan dabil. Dena dela, esan behar dut postu publiko gehiago sortuko ditugula Udaleko sail desberdinetan, Gizarte Zerbitzuetan esaterako. Lehiaketa Publiko gehiago egingo dira, beraz.  


EAJ-PNVrentzat, zein garrantzia du turismoak?
Orio kostako herria da: ibaia du, portua, hondartza... Turismo estrategia bat egiteko moduan gaude. Hala ere zaila da oreka aurkitzea, ez dugu nahi herritarrak inbadituta sentitzea.


Bueno, baina Urola Kostako herri guztiek dute Turismorako Plan Estrategikoa, eta tokikoa bermatzen da horietan. Oriok, ordea, ez du planik. Zergatik?
Aztertu dugu hori. Besteak beste plan hori egiteko kontratatu nahi dugu Turismo teknikari bat.  Dena den, plan estrategiko bat egitearekin ez da nahikoa.Turismo teknikaria garrantzitsua izango da, beste herrietako turismo arduradunekin ekintza bateratuak egiteko adibidez. Baina herriko komertzioek eta ostalariek ere inplikatu egin behar dute.


Zergatik diozu hori?
Pilak jarri behar dituzte. Nik diskoteka eduki nuenean jende mordoxka ibiltzen zen, eta Udalak ez zuen ezer egiten; guk ekartzen genuen jendea. Orain ematen du taberna edo denda ireki eta mostradore atzean Udalak jarri behar duela. Batzuk zain daude Udalak zer egingo.
    Arkupe elkarteak bisitariei zerbait eskaini behar die. Ondo dago aparkaleku beharra eta herriko bidea autoei irekita uztea eskatzea, baina eskaintzen duten zerbitzua hobetu behar dutela usten dut.  Aparkalekua behar dugu, bidea irekita... konforme, baina zerbait gehiago ere bai jendea ekartzeko. Zentzu horretan autokritika egin beharko lukete.


Hautagai zinenean esan zenuen Orio hilda zegoela, ez zela herri dinamikoa.
Eta berdin jarraitzen du. Udalak ahaleginak egiten ditu, baina ikusten da ez zela nahikoa. Arkupek ekitaldi askotan hartzen du parte eta eskertzekoa da, borondate ona erakusten dute. Guk urtero elkarte horri baliabideak jartzen dizkiogu herria dinamizatzeko, baina ikusten da ez dela nahikoa.  
Gaueko hamar t’erdietan ez etorri Oriora afaltzera, inon ez dizute eta ezer aterako.  Gure garian gaueko hamabietan tabernara joanda ere, ez zinen jan gabe irteten, edozer prestatzen zizuten momentuan.  


Done Jakue Interpretazio Zentroak benetan funtzionatzen al du? Hala bada, ez al litzateke zerbait desberdina egin behar Iturriaga eraikin horrekin? Etortzen diren erromesentzat ba al da ostataleku nahiko herrian?
Zentroak funtzionatzen du, erromesek Done Jakueko esku-orrian aurkitzen gaituzte, eta bertara joaten dira.
Iturriagako eraikinerako ideiak baditugu, baino ez dago ezer zehaztuta oraindik.


Eta erromesak Orion lo egitera geratzeko, zein neurri hartu dituzue?
Kanpinean eremu bat prestatu dugu erromesek bertan gaua pasa dezaten.
Baina horrekin ez da nahikoa, etortzen den erromes kopuruari erreparatuz gero.
Hori ez dagokio Udalari bakarrik. Eskaintza gehiago egongo balitz, noski alojamendu horiek beteko liratekeela. Baina iniziatiba pribatua falta da. Beste lekuetan negozio pribatuek irekitzen dituzte alojamendu turistikoak, ez Udalak.  


Autokarabanen aparkamenduarekin iskanbila handia sortu zen iaz Abaromendin, bizilagunekin egindako bileran. Orain, Udalak hara bideratu ditu autokarabanak,
parkin egokitua egin ez arren. Nola dago gaia?
Autobidearen azpian jarri dute baina lehen berez Abaromendi atzealdean zen. Batzordean gure alderdiak bi eremu jarri zituen. Istilua egon zen bizilagunekin. Guk esan genuen hor edo Ortzaikan izan behar zuela. Baina Ortzaikan ere ez zuten nahi. Eusko Jaurlaritzako Portuetako zuzendaritzaren eremua da hori, ordea; beraz, ezezkoa eman ziguten.  
Azkenean onartu genuen autobide azpian egitea, Emeterio Iribar kexatu egin zen, gertatutakoa azaldu zitzaion eta  azkenean aho batez onartu da autopista behean egitea.


Tontortxikiko Tumuluak herritar askok ez dituzte ezagutzen, eta zonaldeko baliabide turistiko garrantzitsu bat da. Zergatik ez dira ezagutzera eman?
Agian ez da nahikoa egin, baina ez gara herri bakarra horrelako altxorra duena.  Hau ezagutzen duen gehiengoa kanpotarra da. Herritar askok ez daki ezta non dauden.


Udalak ez du ordea promoziorik egin.
Udalak azken bi urtetan diru asko inbertitu du zona hori txukuntzen, eta interpretazio panelak jartzen. Askotan kanpoko lekuak askoz gehiago ezagutzen dira. Tibeteko monasterioa ezagutzen dugu, baina Aiako labaderoa ez.


EUSKARA
Euskaraldia. Zein balorazio egiten du EAJK? Eta zuk zerorrek? Zein rol hartu zenuen?
Ni ahobizi izan naiz. Euskaraldia hasi zenean Diputazioan elkartu ginen herrietako euskarako arduradunekin; Jabier Zabaleta euskara teknikariarekin joan nintzen. Hamaika pertsonako taldeak egin behar zirela esan zuten, eta Oriok erabaki zuen hamalaukoa egitea, trainerua bezala. Bilera hartan garrantzi handia ematen zieten belarriprest rolari.


Euskaraldiarekin Udalean eta kalean euskararen erabilera areagotu da?
Parte hartu dugunon artean bai, noski; baina, Euskaraldia bukatu denean uste dut berriz lehengora bueltatu garela.

Udalean euskaraz hitz egiten da guztiz? Entzuten al da pasiloetan gaztelerarik?
Erabat. Akaso gaztelerazko hitz gehien erabiltzen dituena, ni naiz, euskaldun zaharra naiz eta zenbait hitz eskapu egiten zaizkit. Hala ere, lau urte hauetan euskara teknikoa menderatzen ikasi dut. Lagungarria izan zait Udaleko lana.

DATOZEN HAUTESKUNDEEI BEGIRA
Lourdes Salsamendi izango da EAJ-PNVren hautagaia datozen hauteskundeetan. Nola ikusten duzu?
Hasieran esan bezala, iruditzen zait hautagai ona dela. Oso ona izango da, desira diot hauteskundeetan emaitza onak ateratzea, berak gobernatu eta duen guztia erakusteko.
Nik nire burua ikusten dut onena, baina nire ondoren, bera da nire ustez hautagai onena.


Datozen lau urteetan, Orioko EAJn jarraitzeko asmoa duzu? Edo politika uztekotan zara?
EAJko afiliatua izaten jarraituko dut, baina ez naiz aktiboki politikan jardungo; atsedena behar dut.


BALANTZE PERTSONALA
Orain dela lau urteko Jose Angel eta gaur egungoa, berdinak al dira?
Lau urte alperrik ez dira pasatzen. Alabak esan zidan ez naizela lehengoa. Ni umore oneko gizona naiz, arpa jotzailea. Baina berak azkenean oso serio ikusten ninduen, gehiegi. Andreak, semeak eta alabak esan zidaten nahiago dutela lehengo aita...
Dena den, lau urte hauetan alkate izateak gauza onak ere ekarri dizkit. Alkate izan ez banintz ez nuen ezagutu dudan jende asko ezagutzeko aukera izango.

Zertan asmatu duzu?
Asmatu, kudeaketan. Orioko herriarentzat lan eta proiektu egokiak aukeratzen jakin izan dut.
 

Eta huts egin?
Jendeak esaten dit erraztasuna daukadala harremanak egiteko. Udalean oposizioarekin ez dut hori lortu, eta autokritika moduan diot. Bidea aurkitu behar nuen berekin harremana sustatzeko, kudeatzeko. Ez dakit berek ere baduten bere partea baina... nik behintzat ez dut asmatu.


Orioko EAJk ba al du erreleboa emateko gazte jenderik?
Beti EAJri leporatu zaio jende helduegia duela bere lerroetan.  Udaleko zinegotzi zaharrena EH Bildukoa da, gazteena, gure alderdikoa.
Gaztea politikatik aldenduta dago, alderdi guztietatik. Gazteak gauzak erraz izan ditu. Orain jubilatuak kalera ateratzen dira borrokatzera, eta gazterik ez dago manifestazio horietan, gehienak sofan eserita daude eta.


Bukatzeko, zerbait gehitu nahi duzu?
Gustatuko litzaidake orain galdera asko oposizioaren inguruan izan diren bezala, beraiei elkarrizketa egin zitzaienean EAJtaz galdetzea. Eta guri ere aurretik proposatzea euren elkarrizketetan zer galdetuko geniekeen.


KARKARAk ez ditu beste alderdien galderak elkarrizketetan eransten.  Guk planteatzen ditugu galderak, ez beste inork.
Elkarrizketa honetan galdera asko PSOEkoen eta EH Bilduren  inguruan izan dira, eta KARKARAk haiek elkarrizketatu  dituenean, ez da ia gure aipamenik egin galderatan.


Alkateari, oposizioak esandakoaren inguruan galdetzea zentzuzkoa dela iruditzen zaigu, beren lana kontrol ariketa egitea da, eta gurea, kazetariona, legealdian izandako gertaeren inguruan galdetzea eta herritarrei gertaera horien berri ematea.
Kazetarion lana errespetatzen dut, noski, baina beste alderdiei egindako elkarrizketetan EAJri buruzko galderak faltan bota ditut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!