Orioko pirata hiltzailea

Rikardo Uzkudun 2018ko abe. 28a, 12:00
Marrazkia: Elene Tamayo

Historia harrigarria dakarkizugu oraingo honetan irakurle, Zinemaldiko pelikula bat egiteko modukoa, baina gure herrian bertan gertatua, hezur-haragizko pertsonekin, aspaldi, oso aspaldi. 1476 inguruan gertatu zen, Orioko eta Asteasuko bi pirata, orduko alkate eta herriko kartzela zainaren artean.

ETB 2-ko Una historia de Vasconia programak bigarren denboraldian eman dituen kapituluen artean Historia de corsarios vascos atalak piztu zuen idazten duenaren arreta. Hariari tiraka, interneten eginiko zokomiran, Iñaki Bazán historialariak egindako lan batekin topo egin zuen, Donostiako Untzi Museoak Itsas Memoria izeneko aldizkariaren 5. zenbakian argitaratu zuena. Degollaron a todos los dichos treynta e tres yngleses e asy degollados dis que los lançaron en la mar batekin hasten da artikulua.

Kortsarioak euskal kostaldean
Behe Erdi Aroan pirateria edo itsaslapurreta nola jazartzen zen ikertu zuen Bazánek bere lanean, eta hor kokatu beharra dago historia, zehazki, garai hartan agintzen zuten Euskal Ermandadeek itsas auzietan neurriak hartzeko zuten eskumenetan.
Jakina da, kortsarioek euskal kostaldean izan zuten protagonismoa garai hartan, Donostiako portuan bereziki. Urte korapilatsuak izan ziren Atlantikoko itsasoan, gerra ugari izaten ziren Castilla, Ingalaterra eta Frantziaren artean. Gerra garaietan Gaztelako koroak emandako baimenei esker, hegoaldeko kortsarioek etsaien merkantzia-ontziei eraso egin ziezaieketen eta merkantzia eskuratu. Gerra sasoi bat bukatu eta bake itunak sinatzen zirenean barkatutzat jotzen ziren ordu arteko kortsarioen lapurreta guztiak.

Ingelesak lotan zirela
1476an gertatu zen, Gaztela eta Leongo eta Ingalaterrako erregetzen artean pas y amystad nagusi zen sasoi hartan. Bost marinel euskaldun itsasontzi ingeles batean itsasoratu ziren, tartean, Mitxel de Likona oriotarra Barkua Euskal Herritik pasatzekoa omen zen, eta marinel ingelesek onartu egin zituzten euskaldunak.

Badirudi Portsmouhten izan zela hori. Frantzia eta Ingalaterra bereizten dituen Mantxako kanala igarotzen ari zirela, ekaitz ikaragarria lehertu omen zen. Marinel ingelesek bi egun eman zituzten haren kontrako borrokan. Baretu zenean, marinelak akituta erori ziren kubiertaren gainean. Bidaiari euskaldunek aukera baliatu zuten ingelesei, banan-banan, lepoa-edo mozteko. Ondoren, kareletik behera itsasora bota zituzten haien gorpuak. Badirudi biharamunean-edo Bretainiako kostaldeko hondartzetan agertu zirela gorpuak, hango korronteak hara eramanda.

Marinel euskaldunak aurrera segi eta itsasontzia Galizian lehorreratu zuten, hango portu batean. Han, barkuko merkantziak saldu zituzten: oihalak eta bitxiak. Gero, Euskal Herrira itzuli ziren. Bazánek dioenez, gezurra badirudi ere, horrelako gertakari lazgarriak ez ziren bakanak izaten. Beste zenbaitetan, gipuzkoarrak izaten ziren biktimak eta ingelesak borreroak.
Nola edo hala, Mitxel herrira itzuli zen, Oriora. Hemen bizimodu normala egiten saiatu zen. Berehala ordea, Gaztelako koroak Ingalaterran zuen enbaxadorearen bitartez —Sasiola gipuzkoarra hura ere—, Errege Katolikoek hilketaren berri izan zuten. Hauek, Pascual de Mygallez de Arrecheari, Gipuzkoako ermandadeko Getariako barrutiko alkateari, agindua eman zioten errudunak atxilotzeko.

Mitxel de Likona, ihesean
Arretxea Orion azaldu eta Mitxel de Likona errenditzea eskatu zuen, baina herriko agintariak eta bizilagunak aurka azaldu ziren, ermandadearen autoritateari zilegitasuna kenduz Orioko hiribilduaren pribilegio teoriko baten izenean. Pribilegio hori funts gabea zen ordea, Gaztelako koroak emana baitzion Gipuzkoako Ermandadeari pirateria kasuak epaitzeko eskuduntza.
Herritarrek Likona entregatu zioten herriko buru militar eta kartzelaren arduradunari, Martin de Irigoien eskumen kontu horiek argitu artean. Tarte horretan, entenditzen zaila den gertaera bat jazo zen garaiko sistema penala kontuan hartzen badugu.

Dirudienez, Irigoienek, kartzela zaina eta executor publico-a izanagatik ere, bere kabuz Likona askatzea erabaki zuen abiendolo por ynocente y desimulado su delito, dokumentuek diotenaren arabera.

Jakina, Likonak ez zuen segundo izpirik itxaron, eta ihes egin zuen. Baita Iñigo de Larrea asteasuarrak ere, ordurako ondo zabaldua baitzegoen berria Gipuzkoa aldean eta oso traza kaxkarra hartzen hasia baitzen kontua.

Garai horretan, beste hainbat instantzia judizialetan bezala, ihes egiten laga zionari errudunek zuten pena berbera ezartzen zitzaion. Halaxe gertatu zen, juizioa egin eta hiru kondenatuei epai berbera eman zitzaien.

Iheslariek, urte beteko epea zuten beren burua tribunalaren aurrean entregatzeko, eta kontrara, hori hala ez balitz, beren kondenatu izaera ezagutzen zuen orok erre edo hiltzeko aukera izango zuen eta, halaber, ermandadearen errekonpentsa jasotzeko.

Heriotz-zigorra
Hilketa mota ikusita, epaiak ezin zuen heriotza-zigorrarena besterik izan. Gipuzkoako ermandadeko alkate Arretxearen epaia heriotza-zigorrarena izan zen, Likona eta Larrearen kasuan era batera gauzatuko zena, eta Irigoienenean beste era batetara.
Hortik aurrerako kontuak, Bazánen artikuluan aurkitu ditzakezue, Irigoienek jarri zituen errekurtsoak eta abar jasota daude, baina garbi dagoena da Irigoien exekutatua izan zela eta Likona eta Larrea ez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!