Udal talde guztien proposamenak jaso ditu Orioko Udalaren 2019ko aurrekontuak

Karkara 2019ko ots. 12a, 15:45

Astelehenean 2019ko Udal Aurrekontua onartu zuen Orioko Udalbatzak, eta Orioko Udalaren Inbertsio Plana ere aurkeztu zuten udalbatzarrean, guztira 4.654.233 eurokoa.

Astelehen iluntzean 2019ko Udal Aurrekontua onartu zuen Orioko Udalbatzak, ahoz batez. Azken astetan aurrekontua lantzen aritu dira udal taldeak, eta udal gobernuak aurkeztutako proposamenari emendakinak aurkeztu zizkioten EH Bilduk, Orainek eta alderdi sozialistak, batzuk banaka eta beste batzuk modu bateratuan. Proposamen guztiak aurrekontuan txertatu zituen udal gobernuak, eta udalbatzak aho batez onartu zuen astelehenean 2019ko Udal Aurrekontua.

2019ko Orioko Udal Aurrekontua 8.074.899 eurokoa izango da. Horietatik, 3.157.777 euro pertsonal gastuak ordaintzera bideratuko dituzte; 2.408.305 euro gastuak, ondasun arruntak eta zerbitzuak ordaintzera, eta transferentzia arruntetara 1.223.194 euro. Azkenik, 1.150.933 euro inbertsioetarako izango dira.

Bestalde, udalbatzarrean Orioko Udalaren Inbertsio Plana ere aurkeztu zuten, guztira 4.654.233 eurokoa. Plangintza jasota dauden proiektuak garatzeko, 2018ko aurrekontutik 1.244.364 euro bideratzea eta altxortegiko 1.355.769 euro erabiltzea aurreikusi dute. Gainera, 824.994 euro diru laguntzetan jasoko ditu Orioko Udalak. 

INBERTSIO PLANEKO PARTIDA NAGUSIAK

- Aritzaga kaleko eta Herriko Enparantzako saneamendua berritzea eta urbanizatzea. Proiektuaren aurrekontua osoa 1.840.710 eurokoa da. 2018ko aurrekontutik 702.000 euro bideratuko dira, eta 2019ko aurrekontuan 288.311 euroko partida jaso da. Gipuzkoako Urak erakundeak 196.000 eurotako diru laguntza ematea aurreikusi dute, eta altxortegitik 654.359 euro hartzea da asmoa.

- Kaia urbanizazio hitzarmena. Proiektuaren aurrekontu osoan 535.063 eurokoa da. 2018ko aurrekontutik 265.965 euro bideratu dira proiektura, eta 2019ko aurrekontuan 259.095 euroko partida jaso da. Horrez gain, 280.387 euroko diru laguntza jasoko du udalak.

- Argiterian inbertsioak. Aurrekontu osoa 504.217 eurokoa da. 2018ko aurrekontutik 5.203 euro bideratu dira, eta 2019ko aurrekontuan 6 euroko partida irekia jaso da. Altxortegiko 259.501 euro proiektura bideratzea eta 259.507 euroko diru laguntza jasotzea aurreikusi dute.

- Mutiozabal saneamendua. Aurrekontua 100.000 eurokoa da. 2018ko aurrekontutik 49.999 euro bideratuko dira proiektura, eta 2019ko aurrekontuan 50.000 euroko partida jaso da.

- Plan Orokorra. Aurrekontua 186.103 eurokoa da. 2018 aurrekontutik 104.064 euro bideratu dira, eta 2019ko aurrekontuan 82.039 euroko partida jaso da. 

- Aita Lertxundi kaleko urbanizazio lanak. Aurrekontua 130.000 eurokoa da. 2019ko aurrekontuan 130.000 euroko partida jaso da proiekturako, eta  aurreikusita dago 41.600 euroko diru laguntza.

- Parke estalia. Aurrekontua 275.000 eurokoa da. 2019ko aurrekontuan 25.006 euroko partida jaso da, eta gainontzeko 249.994 euroak altxortegitik hartu beharko dira.

- Landa errepideak. Aurrekontua 101.520 eurokoa da. 2019ko aurrekontuan 87.006 euroko partida jaso da, eta altxortegitik 14.514 euro hartzea aurreikusi da.

- Bidegorriak. Aurrekontua 80.000 eurokoa da. 2019ko aurrekontuan 6 euroko partida irekia jaso da horretarako.

- San Martin argiteria. Aurrekontua 70.000 eurokoa da, eta 2018ko aurrekontutik 70.000 euro bideratuko dira. Diru laguntza 47.500 eurokoa izango da.

- Kultur Etxearen atzealdea eta bide publikoak. Aurrekontua 37.145 eurokoa da. Osotasunean 2019ko aurrekontutik finantzatuko da. 

- Orioko Herri Ikastola. Aurrekontua 147.945 eurokoa da. 2019ko aurrekontuan 46.580 euroko partida onartu da horretarako, eta altxortegitik 101.365 euro hartzea aurreikusten da.

- Haurtzaindegiko teilatu-hodiak eta teilatuaren hegalaren luzapena. Aurrekontua 29.900 eurokoa da. 2019ko aurrekontutik hartuko da partida osoa.

- Zaraguetako eskolako teilatu-hodiak eta argiteria. Aurrekontua 20.000 eurokoa da. 2019ko aurrekontutik hartuko da partida osoa.

- Liburutegiko egokitzapen obra eta ekipamendua. Aurrekontua 25.000 eurokoa da. 2019ko aurrekontutik hartuko da partida osoa.

- Arraunetxeko pantalana. Aurrekontua 20.000 eurokoa da. 2019ko aurrekontutik hartuko da partida osoa. 

- Mendibeltz zelaiko belar artifiziala. Aurrekontuan 228.000 eurokoa da. 2019ko aurrekontuan 6 eurotako partida irekia jaso da, eta 227.994 euro altxortegitik hartzea aurreikusten da.

- Kanpineko gasoil depositoa ordezkatu eta gas naturala sartu. Aurrekontua 50.000 eurokoa da. 2019ko aurrekontuan 40.000 euroko partida jaso da, eta 10.000 euroko diru laguntza aurreikusi dute.

 

Hondartzako bi lursail
Bestalde, Orioko Udalak hondartza eremuan jabegoen dituen bi lursail 2019an salgai jartzeko konpromisoa ere hartu zuten udal taldeek. Partzela bakoitzean 18 etxebizitza libre egiteko aukera izango da, eta salerosketa horretatik lortutako dirua altxortegira bideratuko dute.

Alderdi guztiak neurriarekin ados agertu ziren, baina Joxe Angel Zalduak udalbatzarrean egindako proposamenak zalaparta sortu zuen udal taldeen artean. Alkateak proposatu zuen salmentatik lortutako diruarekin Bikamiota eta hondartzako bidegorriak lotzeko falta den bidegorri zatia egitea, Zaragueta Eskolako frontoia egokitzeko lanak finantzatzea eta Abaromendi auzoko gabeziak konpontzea.

Gainontzeko udal taldean haserre agertu ziren Zalduaren proposamenarekin, eta nabarmendu zuten bi lursailak saltzearen proposamena EH Bildurena izan zela, eta batzordean ez zela zehaztu diru hori zein proiektuetara bideratuko zen. "Are gehiago, adostu genuen hurrengo udalbatzak erabaki beharko duela zein proiektutan inbertituko den dirua. Beraz, ez zaigu bidezkoa iruditzen diru partida horiei izen-abizenak jartzea", aipatu zuen EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek. Hauteskundeetan pentsatuz egindako adierazpenak zirela leporatu zion oposizioak Zalduari.  

Udal taldeak "gustura" aurrekontuarekin
2019ko Udal Aurrekontuaren bozketaren ondoren, udal taldeek balorazioa egin zuten eta alderi bakoitzak bere ekarpenak izan zituen hizpide. EH Bilduk esaterako, nabarmendu zuen "pozgarria" dela aurrekontuetan alderdi guztien proposamenak jasotzea. "Guk esaterako, ongizate bulegoan harrerarako eta administrari lanak egiteko langilea kontratatzeko eskatu dugu, ezinbestekoa delako arlo horretan herritarrek kalitatezko zerbitzua jasotzeko. Baita, eskualdeko euskarazko komunikabideek sortu behar duten plataformarentzat diru partida jasotzea ere. Bukatzeko aipatu nahi nuke, askotan entzun izan dugula oposizioak oztopoak jartzen dituela udalaren kudeaketan, baina uste dugu aitzakia horiek beste gabezia batzuk tapatzeko erabiltzen diren argumentuak direla. Aurrekontuak lantzerakoan argi ikusi baita udal taldeon prestutasuna".

Orain udal taldeak ere azpimarratu zuen udal taldeak "jator" portatu direla aurrekontua osatzerako garaian, eta Jose Angel Iparragirrek udalbatza zoriondu zuen egindako lanagatik. "Dena dela, esan nahi nuke EAJk aurrekontuan ez zuela jasota Mendibeltz zelain belar artifizial berria jartzeko partida. Orain eta EH Bildu udal taldeek proposatuta, sei euroko partida irekia jaso da aurrekontuan, eta horrek erraztu egingo dio hurrengo agintaldiko udalbatzari proiektua martxan jartzea".

PSE-EEko Ana Priedek ere bat egin zuen gainontzeko udal taldeen iritziarekin. "Nire iritziz gehiengoak ez dira onak izaten politikan, gehiengorik ez dagoenean negoziatu egin behar baita, eta horri esker aurrekontu osatuagoak lortzen baitira. Aurrekontu hauetan nire lehentasuna herriko saneamendu eta hiritartze gabeziak konpontzea eta zerbitzuak hobetzea izan da. Ildo horretan hainbat proposamen egin ditut: Aita Lertxundi kaleko saneamendu eta hirigintza arloko lanak egiteko 130.000 euroko partida, Zaraguetako teilatuko lanak egiteko eta argiteria publikoa jartzeko 20.000 eurokoa, eta Haur Eskolan 30.000 euroko inbertsioa teilatuko hoditeria aldatzeko. Bestalde, zerbitzuei dagokionean, Orioko Udal liburutegia garai berrietara egokitzea ezinbestekoa iruditzen zait eta horretarako haurrentzako gunea sortzea proposatu dut, intsonorizatutako kubo gardena egin nahi da bertan haurrak lasai egon daitezen, gainontzeko erabiltzaileei enbarazurik egin gabe". Horrez gain, proposamen zerrenda luzea aurkeztu zuen Priedek, baina garrantzi berezia eman zion Kultur Etxerako diru partidari. "Orioko Kultur Etxeak kultur jarduerak antolatzeko hamar mila euroko partida ere izango du, kultur agenda propioa izan dezan". Bestalde,  nabarmendu zuen EH Bilduk aipatu bezala, berari ere lehentasunezkoa iruditzen zaiola Ongizate Zerbitzuan harrera eta administrari lanak egingo dituen langile bat kontratatzea, "sail horretan herritarrei arreta bikaina eskaintzea ezinbestekoa baita".      


 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!