"Orioko itsas ondarea jasotzeko eta helarazteko aukera eskaini du 'Biga' diskoak"

Karkara 2019ko ots. 13a, 18:56
Imanol Urkizu 'Biga' diskoa eskuetan duela.

Urte amaieran Orio, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko kantu zaharrak biltzen dituen 'Biga' lana argitaratu zuten, eta diskoaren xehetasunak azaldu ditu Orioko koordinatzaile Imanol Urkizuk.

IMANOL URKIZU - Musikaria eta Biga proiektuko Orioko koordinatzailea

Abenduaren 23an jarri zuten salgai Orio, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko arrantzaleen kantu zaharrak biltzen dituen Biga diskoa eta DVDa. Hasiera batean Gabonetarako opari moduan aurkeztu bazuten ere, jende askok ez zuen proiektuaren berri izan. Dena dela, oraindik salgai dago lana Orioko Kultur Etxean eta Turismo Bulegoan.

Zer helbururekin abiatu zenuten proiektua?
Biga itsas kantuen bilduma da, eta Euskal Herriko arrantza giroko herrietako kantu zaharrak biltzea du helburu. Proiektuko lehen diskoan Deba, Mutriku, Ondarru eta Lekitioko abestiak bildu zituzten; galduta edo galtzear zeuden herriko bakoitzeko hiru kantu aukeratu zituzten horretarako. Duela bi urte berriz, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako kantutegia osatzeko proposamena egin ziguten, baina hainbat zalantza eta eragozpen zirela-eta, bertan behera geratu zen proiektua. Dena dela, Orioko eta Getariako udalei ideia interesgarria iruditu zitzaien, eta 2018an heldu genion berriz ere proiektuari, oraingoan Pasaiarekin eta Hondarribiarekin batera.

Zuk aukeratu dituzu Orioko abestiak. Zertan saiatu zara?
Nik lehendik ere herriko kantu zaharren bilduma egina nuen, eta ohartu nintzen arrantzarekin eta itsasoarekin lotutako abesti asko Euskal Herriko hainbat herritan kantatzen zirela. Orion bakarrik abesten zirenak oso gutxi ditugu, eta diskoan horiek jasotzen saiatu naiz. Alde batetik, Balearen Bertsoak aukeratu ditut, oriotarron bereizgarri baitira. Dena dela, moldaketa bat egin behar izan dugu, eta 3-4 minutuko kantua osatzeko istorioa kontatzen duten bost bertso aukeratu ditugu. Bestetik, Fabian Loidiren liburu batetik hartuta, Orioko barran ito ziren arrantzaleak omentzen dituen bertsoa jaso dugu, eta emakume arrain saltzailearen bertsoekin uztartu dugu, Arrantza abestia sortuz.

Aukeratu dudan hirugarren lana, Bertso Txiki bat bertsoa izan da. Garai batean Orioko haurrek Maria Maestraren haurtzaindegian ikasten genuen bertso hori, baina gaur egun galtzear da, eta egokia iruditu zaigu diskoan txertatzea. Hala ere, bertso bakarra denez, Fabian Loidiren liburutik hartutako bertso batzuk gehitu dizkiogu abestia osatzeko; azken horiek Orioko historia kontatzen dute.

Nork parte hartu dute grabazioan?
Salatxo abesbatzak eta Danbolin musika-eskolako abesbatzek grabatu dituzte abestiak, eta abestietan moldaketak egiten lagundu didate Salatxo Abesbatzako zuzendari Igor Arroyok, eta Danboli Musika Eskolako irakasle Izarra Aristik eta Audra Almanaitytek; talde lana izan da.

Gustura geratu al zara emaitzarekin?
Lan bat egiten denean, egin ondoren hobetu litekeela ohartzen gara. Hala ere, uste dut oso proiektu interesgarria dela Biga, herritarrek etxean gordeta izateko kantu bilduma aproposa iruditzen baizait. Gainera, abesbatzek ederki pasa zuten grabazioan eta esperientzia aberasgarria izan zen denontzat.

Horrez gain, dokumental txiki bat ere badator lanean. Guk Xanti Manterola oriotarra elkarrizketatu genuen, eta bertan 12 urterekin itsasoan lanean hasi zenetik gaur egun arteko pasadizoak kontatzen ditu. Horregatik, uste dut Orioko itsas ondarea biltzeko eta helarazteko aukera aproposa eskaini duela Biga diskoak.

Jarraipenik izango al du Biga proiektuak?
Proiektuaren helburua Euskal Herriko kostaldeko kantu bilduma osatzea da. Hurrengo urtean esaterako, Donostia inguruko abestiak jasotzeko lanean hasiko dira. Lurralde guztietako diskoak argitaratzen dituztenean berriz, proiektuari bukaera emateko herri bakoitzeko kantu bat aukeratzea eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Donostiako Orfeoiarekin diskoa grabatzea da asmoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!