Orioko piano ikasleek Andoaingo XIV. piano-jaialdian parte hartuko dute asteburuan

Karkara 2019ko ots. 14a, 15:09

Otsailaren 16 eta 17an, larunbata eta igandea, Andoaingo Bastero Kulturgunean egingo da XIV. Andoaingo Piano Jaialdia.

Urtero bezala, Orioko Danbolin Musika Eskolan ikasten duten piano-ikasleek Andoaingo piano-jaialdian parte hartuko dute.

Otsailaren 16 eta 17an, larunbata eta igandea, Andoaingo Bastero Kulturgunean egingo da XIV. Andoaingo Piano Jaialdia, Andoaingo Udalak eta Deiadar elkarteak antolatuta. Bi egunetan 9:30etik 20:30era, pianojoleak jo eta ke arituko dira Bastero Kulturguneko auditorioan eta ekitaldi-aretoan. Horien artean Danbolin Musika Eskolako 13 ikasle izango dira, 8 eta 15 urte bitartekoak. Bi modalitatean parte hartuko dute: piano bakarlaria eta pianoa lau eskutara.

Otsailaren 16an, larunbatean, ikasle hauek joko dute:

- Piano-bakarlaria, A mailan. 10:15etik 11:00etara, Paul Sarasua.

- Pianoa lau eskutara, A mailan. 12:00etatik 12:45era, Irati Chinchurreta eta Julen Lekuona eta Maddi Etxeberria eta Uxue Aginalde.

- Pianoa lau eskutara, B mailan. 17:30etik 18:15era, Beza Ijurko eta Uxue Etxeberria.

Otsailaren 17an, igandean, ikasle hauek joko dute:

- Piano-bakarlaria, A mailan. 10:30etik 11:00etara, Oier Iruretagoiena.

- Piano-bakarlaria, C mailan. 12:30etik 13:15era, Leire Olariaga.

- Pianoa lau eskutara, C mailan. 15:30etik 16:15era, Maddi eta Anne Orzaiz.

Irekiera kontzertua
Otsailaren 15ean, ostiralean, 19:15ean, Francisco Escudero Kontserbatorio Profesionaleko orkestra sinfonikoarekin batera, Ane Blázquez-ek "Armenter Sampablo Fantasia" joko du, XIV. Andoaingo Piano Jaialdiaren irekierako kontzertuan. Blanquez Danbolin Musika Eskolako ikasle izateaz gain, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasle ere bada.

Aurten, berrikuntza gisa, Clara Schumannen jaiotzaren bigarren mendeurrena aitzaki, Clara eta Robert Schumannen pianorako obra prestatzeko eta aurkezteko aukera hartu du Sara Loidik. Sari berezia lortzeko kontzertuan, Robert Schumanen "Gaztaroko albuma" op. 68 nº 13 joko du.

Jaialdian giro polita
Antolatzaileen nahia partaideentzat eta berekin batera hurbiltzen diren guztientzat gozotasun giroa lortzea da, eta normalak diren urduritasun guztien gainetik, jai giro polita sortzea. Ekitaldiaren bukaeran, igandean, amaierako kontzertua izango da, eta bertan aipamen bereziak jasotzen dituzten ikasleek parte hartuko dute. Danbolin Musika Eskolako ikasle guztiei eta Audra Almanaityte irakasleari zorte ona opa diegu. Gonbidatuta zaudete guztiok musikaz gozatzera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!