Gipuzkoako Kirol Federatuaren Galan saria jaso du Maialen Saezek

Karkara 2019ko ots. 16a, 17:00

Epaimahaiak aitortu nahi izan du Maialen Saezek Gipuzkoako Surf Federazioari bultzada emateko egin duen lana.

Ostegunean Afedegik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Kirol Federatuaren sariak eman zituzten Donostiako Aquariumean, eta Gipuzkoako Surf Federazioaren zuzendari Maialen Saezek jaso zuen Surf kategoriako saria. Izan ere, epaimahaiak kontutan hartu du Saezek eta bere taldeak Gipuzkoa Surf Federazioan egin duten "lan garrantzitsua", hurrengoa azpimarratuz: "Gipuzkoako Surf Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak emakumeak dira, eta kudeaketari bultzada handia eman diote proiektu berritzaileen bidez, esaterako FederArte Euskal Surf Kultura edo nazioarte mailako Pro Zarautz txapelketa. Horrez gain, genero berdintasuna, ingurumenarekiko errespetua eta kirol inklusiboa moduko baloreak transmititzea da, besteak beste, proiektuaren helburua".

Horrez gain, berriki eskaera historikoa egin dio Saezek Kalifornian dagoen Nazioarteko Surf Federazioari, euskal selekzioari ofizialtasuna aitor diezaion. "Ebazpena baiezkoa izatekotan, mundu-mailan lehia dezakeen euskal selekzioa izango luke Euskal Herriak". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!