"Ilusioa eta banderak irabazteko grina ditu gure taldeak"

Karkara 2019ko ots. 19a, 18:00

Azaroan abiatu zuten prestaketa Orioko emakumezkoen txalupako arraunlariek, eta neguko jaitsieretan eta estropadetan emaitza bikainak lortzen ari dira.

ITXASO AZKONOBIETA - Orio Arraunketa Elkarteko arraunlaria

Neguko estropadetan murgilduta zaudete, eta lortutako garaipenei esker emakumeen arraun munduaren arreta erakarri al duzue?
Urtez urte kirol maila hobetuz joan gara, eta gero eta gehiagok sinesten dute gugan. San Juanen gertatu diren aldaketen ondorioz, aurten sailkapenaren buruan ibiltzeko faboritoak garela uste dute askok, eta arreta jarri dute gugan.

Zer moduz ikusten duzu taldea?
Oso maila polita dugu. Neguko proba fisikoak egin ditugu zer maila dugun jakiteko, eta indartsu gaudela ikusi dugu. Gainera, iaztik taldeari eustea lortu dugu. Izan ere, lau baja bakarrik izan ditugu eta taldea indartuko duten esperientzia handiko zenbait arraunlari berri ere gehitu dira proiektura.

Fitxajeez gain, esperientzia handiagoa ere badu betiko blokeak, ezta?
Azken urtetan, behetik gorako bilakaera izan du taldeak. Prestaketan eta elikadura arloan aurrera pausu garrantzitsuak eman ditugu, eta pasa den denboraldian emaitzetan nabarmendu zen hori. Iaz banderak irabaztetik gertu ibili ginen, "ia-iako urtea" izan zen zela esan ohi dugu. Estropada ederrak jokatu genituen, eta ia-ia Ondarrun, Orion edo Zarautzen irabaztea lortu genuen. Garaipena gertu sentitzearen amorruarekin bukatu genituen hainbat estropada, baina burua hotz mantentzeko gaitasuna ere izan genuen. Ildo horretan, entrenatzaileak hankak lurrean izaten eta lanean jarraitzen lagundu zigun. Aurten faboritoak bagara ere, burua hotz mantendu behar dugu, gainontzeko taldeak ere indartsu aterako baitira uretara.

Iaz lortutako emaitzek lagundu al dute taldea egonkortzen?
Bai, ilusioa eta banderak irabazteko grina ditu gure taldeak, eta ohartu gara lanean jarraituz gero punta-puntan ibili gaitezkeela.

Azken urtetan emakumezkoen arraun munduan punta-puntan ibili diren taldeak desagertu egin dira. Hala gertatu zen bere garaian Zumaiarekin, eta San Juanen proiektua ere kolokan dago. Zer gertatzen dela uste duzu?
Faktore askok eragiten dutela iruditzen zait. Arraun talde horien zikloa bukatu dela esaten dute batzuk, baina aitortu behar da emakumeon arraun talde egonkorrak sortzea ez dela batere lan erraza. Nahiz eta azken urtetan Batelerak gure aurkari nagusia izan diren, urte batetik bestera trainerua desagertzeko zorian ikustea ez dut atsegin, eta pena ematen dit emakumeen arraun taldeen etorkizuna zikloen menpe egoteak. Gainera, uste dut goi mailako kirolari taldea bat batean desegitea galera handia dela arraun munduarentzat.

Dena dela, orain ez al zaudete banderengandik gertuago?
San Juanek buruhauste asko sortu zizkigun pasa den denboraldian, baina gogor lanean jarraitzeko pizgarria ere izan zen guretzat. Harekin lehia bizia jokatu eta indarrak neurtzeko aukerarik ez dugu izango aurten, eta ez dugu inoiz jakingo beste aurrera pausoa emanda San Juani irabazteko gai izango ote ginatekeen. Dena dela, esan nahi dut beste taldeak ez direla gutxietsi behar. Isilik dabiltza, eta ez dakigu zer maila emango duten.

San Juan taldeko arraunlariren bat izango al da Orioko tosta artean aurten?
Bai, iaz San Juanen arraunean egin zuen Viki Piñeiro gehitu da proiektura. Esperientzia handia duen maila altuko arraunlaria da, eta bere postua irabazteko itentzioarekin etorri da.

Gaur egun zenbat arraunlarik osatzen duzue trainerua?
23 arraunlari ari gara entrenatzen, baina entrenatzaileak 18-20 arraunlari inguruko taldea osatu beharko du, TKE Ligako arauak jarraituz. Eskarmentu handiko entrenatzailea da Xanti Zabaleta eta konfiantza osoa dugu berarengan, berak gugan duen bezalaxe. Zabaletak eta Erkiziak taldean sinesten dute, eta horrek lanerako gogoa pizten digu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!