Martxoaren 8an

Bi eskoletako haurrek emakume eta gizonen parekotasunaren aldeko mezuak banatuko dituzte denda eta tabernetan

Karkara 2019ko ots. 21a, 16:00

Otsailaren 25etik martxoaren 1era bitartean banatuko dituzte kartel moreak herriko denda eta tabernetan.

Martxoaren 8ko Emakumearen Eguna dela-eta, Orioko eta Zarauzko ikastetxeek eta udalek, elkarrekin, emakume eta gizonen parekotasunaren aldeko mezua zabalduko dute.

Ekimen horren barruan, Orioko bi ikastetxeetako haurrek DINA4 tamainako kartel moreak egingo dituzte parekotasunaren aldeko mezuekin eta, ondoren, herriko denda eta tabernetan banatuko dituzte otsailaren 25etik martxoaren 1era bitartean. Horrela, gure dendari eta tabernariek ere aukera izango dute, hala nahi badute, ekimenean parte hartzeko, mezu horiek jendearen bistan jarriz.

Elkarretaratzea martxoaren 7an

Horrez gain, martxoaren 7an, ostegunarekin, elkarretaratze bat egingo dute bi eskoletako ikasle, irakasle eta gurasoek Herriko Plazan, 11:30ean. Udalak ere parte hartuko du plazako ekitaldian.

Prentsaurrekoa martxoaren 1ean

Aurtengo ekimen bateratuaren aurkezpena egiteko, prentsaurrekoa emango dute Udalak eta ikastetxeek hurrengo ostiralean, martxoak 1, 09:00etan, udaletxeko udalbatzarraren aretoan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!