"Aurrerapen asko egiten dira Euskal Herrian, eta horien eskutik goaz"

Karkara 2019ko ots. 25a, 15:30
Nagore Rementeria, 'Teknopolis' saioko lan taldearekin (EITB)

Haurra zela, dokumentalak egitearekin amesten zuen Nagore Rementeriak (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Kimika ikasketak egin zituen EHUn, eta 2003. urtean Elhuyarren hasi zen lanean. Hamar urte daramatza Teknopolis saioan, azkeneko bostak zuzendari moduan.

NAGORE REMENTERIA - 'Teknopolis' saioko zuzendaria

Zer moduz joan zen urteurreneko Bilboko ekitaldia?
Zoragarri. Ehun lagun inguru bildu ginen: Elhuyarreko jendea, iraganean kazetari eta kolaboratzaile izandakoak, babesleetako ordezkariak eta abar. Babes handia jasoko dugu. Martxoaren 2ko eta 3ko saioan laburpen bat ikusi ahalko da.

"Hogei urte ez da ezer", Carlos Gardelen tangoaren arabera. Erritmoz jarraitzen al du zuen tangoak?
Bai, erritmo aldaketak izaten ditu, garaian garaikora egokituz, baina inoiz gelditu gabe. Hogei urtean telebistan mantendu izanak esan nahi du dantzan jarraitu dugula. Garai batean, denboraldiak laburragoak ziren, baina, azkenaldian, udazkenetik udaberri bukaera arte astero gaude programazioan. 36 saio dira urtean, eta horrek presentzia ematen digu urte osoan.

Nolako eboluzioa izan du saioak bi hamarkada hauetan?
Telebista asko aldatu da, eta saioa ere egokituz joan da. Hasieratik, erreportajeetan oinarritutako programa bat izan da. Horrela jarraitzen du gaur ere, gure gaiak lantzeko modu eta formatu egokia baita erreportajea. Baina, orain, telebista bizkorragoa da. Kalitatean ere egon da eboluzioa: zintekin hasi ginen, eta orain goi bereizmenean emititzen dugu. Teknopolis beti izan da aitzindari samarra ETBren barnean.

Zer esango zenieke zientzia eta teknologia dibertigarriak ez direla esaten dutenei?
Inork esaten al du halakorik! [barreak]. Gizakia jakin-mina duen izaki bat da, jakin-minagatik ikasten du haur batek dakien guztia. Bizitzako edozein alderdi ikuspegi zientifikotik azter daiteke. Jakintza dibertigarria da, eta esker onekoa ere bai. Zerbait ikasten duzunean, ondo sentitzen zara, gorputzak berak fisikoki sortzen duen sentsazio bat da. Eta zientzia umorez ere har daiteke; Teknopolis-en badaukagu atal bat Zientzia animatuadeitzen dena, eta, bertan, kontzeptuak marrazki bidez eta umorez lantzen ditugu.

Irakurri elkarrizketa osoan Berria.eus-en

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!