“Oso garrantzitsua da herrian eragingo duten ikasleak sortzea”

Karkara 2019ko ots. 25a, 17:00
Zigor Saizar, Ikastolako parkean.

2015. urtean jarri zuten martxan Konfiantzaren Pedagogia Orioko Herri Ikastolan. Metodologia horrekin haurrari proposamen desberdinak jartzen zaizkio eskura une bakoitzeko interesen eta beharren arabera.
Emaitzak ikusten hasi da Zigor Saizar zuzendaria.

ZIGOR SAIZAR-Orioko Herri Ikastolako zuzendaria

Haurra jartzen da erdigunean proiektu honetan, bera da protagonista eta gaitasunez betetako izakia gisa ulertzen da. Mundua ezagutu nahi horretan bere interesetatik abiatu behar du bere esperientzi eta garapen prozesuak, baina hori horrela izan dadin ezinbesteko garrantzia du inguruan konfiantza edukitzeak. Konfiantza hori hezitzaileekin ematen den harremanetan oinarritzen da baina batez ere familiek hezkuntzako eremu eta pertsona horiekiko dutenean.

Konfiantzaren Pedagogia proiektuaren barruan ikasgela ezberdinak bateratu dituzue.
Orain hiru urte hasi ginen Haur Hezkuntzan bateratze lanak egiten, beheko solairuan, guraso eta langileen arteko auzolanean. Pixkanaka solairuz solairu joan gara. Lehen Hezkuntzako eremuekin gabiltza orain lanean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere eredu berriak eskatzen dituen egokitzapen arkitektonikoak egitea da aurrera begirako helburua.

Konfiantzaren Pedagogiak beharrezkoak dituen espazio hauek sortzeko, paretak bota ditugu eta mikro-espazioak sortzen joan gara. Adin ezberdinetako haurren elkarbizitza ekarri du horrek. Familiekin ere bat egitea lortu da, ikastola barruraino sartzen dira konfiantza osoz; lehen gelak zeudenean gurasoak atarian geratzen ziren. Orain haurrak kontziente dira beren gurasoek eta aiton amonek irakasleekin hitz egiten dutela, horrek segurtasuna eta konfiantza ematen diete. Horri esker, esploratzen hasten dira, esploratzeak kuriositatea eragiten du.

Sentimendu hori da azken batean ikasten hastera bultzatzen diena. Ikasketa prozesua emozioekin dago lotuta eta horretarako leku seguru eta konfiantzazko bat behar du haurrak. Espazio berriarekin hori lortzea da gure asmoa.

Emaitzak jada jasotzen ari zarete, beraz? Ikasleengan motibazio handiagoa dagoela ikusten duzue?
Obrek lagundu egin dute aurrez irakasleak jaso duten prestakuntza guzti hori aplikatu ahal izateko bidean. Asko aldatu da ikasteko modua, Lehen Hezkuntzan, adibidez, proiektuka egiten dute lan. Pentsamendu estrategiak txertatzen dira.

Lehen ezagutzen ziren liburuak ia ez dira erabiltzen, banakako mahaiak ere gutxi daude jada. Proiektu mahaiak daude orain, kooperatiban lan egiteko. Eboluzio handia ikusten dugu. Ikasleak talde lanean askoz konpetenteagoak dira, ardurak banatzerakoan eragileagoak dira eta ikasle profil bat egiten ari gara. Orioko Ikastolarentzat oso garrantzitsua da aktiboa
izango den eta herrian eragingo duen ikaslea sortzea.

`Mahi-mahi' egitasmoa ere jarri duzue martxan ikasturte honetan. Zertan datza?
Jangelari dago lotuta proiektua, ikastolaren azken hiru-lau ikasturteetako berrikuntza pedagogikoari jarraiki obra egin dugu eremu honetan ere. Lehen bazkaltzeko orduan ikasleak pasiboak ziren, zerbitzu jasotzaile hutsak, giroa ez zetorren bat ikastolaren aktibotasunarekin.

Zein dira ikaslearen jarrera aldatzeko aipatzen dituzun berrikuntza horiek?
Diseinua aldatu dugu, kolore biziagoak sartu dira baina aldi berean lasaiagoak, lurra ere etxeetan bezala egurrezkoa jarri da, sortzen den zarata kentzeko sabaia jaitsi da.

Ikasleak ikastola ere bere etxea bezala sentitzea nahi dugu. Dinamizazioan ere aldaketa egon da, begiraleek rola aldatu dute, orain ez dira zerbitzariak, bide-lagunak baizik. Ikasleak berak dira janaria banatzen dutenak, mahaia jaso, garbitu... aktibo daude orain, bazkariaren parte dira.

Aldaketei esker guztiz beste dimentsio bat hartu du bazkariak haurrentzat, elkarlanean aritzen dira egin beharretan. Berea sentitzen dute.

Ikastolako eraikinaren fatxadari dagokionez, udan obretan egon da, zer da zehazki egin duzuena?
Guztira lau faseko obra bat da, udan lehenengo bi faseak egin ditugu, hau da, fatxada kanpoaldetik berritu dugu.Zatiak erortzen ziren, egoera larrian zegoen.

Eta hirugarren eta laugarren faseak?
Udalak onartu dituen aurrekontuetan, gure eraikinaren obrarentzat zati bat gorde du. Hori jakinda, gure asmoa, azken bi faseak aurten egitea da. Horretarako, une honetan Ikastola aztertzen ari da gai izango ote garen 2019ko udan egiteko.

Azken faseei ekiteko, eragina dute alde batetik, fatxadaren barrualdeko obrek eta bestetik B eraikinean epe laburrean egingo diren barneko egokitzapen arkitektonikoekin. Aipatutakoak ondo lotuta izatea garrantzitsua da hiru eta lau faseei ekin ahal izateko.

Udal eraikina den aldetik, Udalarekin elkarlanean jarraitzea da gure helburua eta gardentasun osoz arituko gara asmo horrekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!