J.Salsamendi: "Oriaren 25.jaitsiera, nazioarte mailako lehena da. Ez gara ohartzen oriotarrok, elkarrekin, lortu dugunaz"

Ainara Lasa 2019ko mar. 7a, 14:54
Ezkerretik hasita, Babyautoko Ibon Maza, Ibon Huegun, Jose Anjel Zaldua, eta Jon Salsamendi.

Larunbatean, hilaren 9an, Orioaren XXV. traineru jaitsiera egingo da. 25 urte betetzen dituen kirol proba honek nazioarte mailan duen oihartzuna eta eskualde zein Gipuzkoa mailan duen garrantzia berretsi dute antolatzaileek gaur eguerdian Arraunetxen egindako aurkezpenean.

Datorren larunbatean, martxoaren 9an, Oriaren Jaitsierak 25 urte beteko ditu. Orioko Arraunetxen aurkeztu dute hainbat nobedade dakartzan larunbateko edizioa.

Ibon Huegun Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak azaldu du gizonezkoen eta emakumezkoen traineruak, hurrenez hurren, VIII. eta V. BabyAuto Bandera eskuratzeko lehian jardungo dutela. Orio Arraunketa Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiogu Orioko Udalari, beti bezala bere esku dauden baliabideak gure elkartearen esku uzteagatik.

Huegunek adierazi du Oriako Jaitsiera bezalako ekitaldi bat antolatzeak izugarrizko lana duela atzean, boluntarioen inplikazioa ez balego, antolatzea ezinezkotzat jotzen duten proba. Zarauzko Arraun Elkarteari ere eskerrak eman nahi izan dizkio OAEko presidenteak, ZAEk Aian duen bere instalazioa larunbateko hitzordurako uzteagatik.

25 urtez, traineru denboraldira begirako funtsezko prestaketa proba
Oriaren Jaitsieraren lehenengo edizioa 1995. urtean egin zen Orioko errioan. Ibon Huegunek aurkezpenean gogora ekarri du proba honen jatorrizko eta betiko helburua neguko prestaketan aurrerapauso bat eman, eta aurre-denboraldiari begira, ontzi guztiek beren indarrak eta xedeak neurtzeko baliabide garrantzitsu bat izatea dela. Neguko geldialdi luze horren dinamika aldatu eta traineru eta bestelako ontzi guztien parte hartzea bermatuko zuen proba bat antolatu nahi izan zen orain dela 25 urte, kategoria eta maila guztiek beren uneko egoera, helburuak, errendimendua eta bestelako ezaugarriak neurtzeko aukera emango zuen proba bat nahi zen egin, denentzat irekia, gehitu du elkarteko buruak.

Pixkanaka erreferente bihurtzen joan da Oriaren Jaitsiera herrian, eta nazio zein nazioarte mailan. Datuek hala berresten dute. Lehenengo edizioan 17 txalupek hartu zuten parte; larunbateko 25.urteurrenean, aldiz, 81 ontzik.

Nazioarteko ontzien presentzia
Larunbat honetan, gehientsuenak, euskal ontziak izango dira Oria ibaia kolorez jantziko dutenak. Badira ordea, Euskal Herritik kanpo errioari nazioarte kutsua emango diotenak. Horren harira, Jon Salsamendi, Orioko senior mailako arduradunak, Oriaren Jaitsierak dituen pisua eta entzutea nabarmendu nahi izan du eguerdiko prentsaurrekoan.

Nahigabe, eta naturalki, 25. jaitsiera hau nazioarteko lehen traineru jaitsieran bihurtuko da. 81 talde Oriora datoz; inork ez diete deitu, haiek etorri dira, badakitelako proba honek zer nolako garrantzia duen. Larunbatean 1100 kirolari ikusiko ditugu sei kilometrotako eremu batean. Hori izugarrizko gertaera da, eta etxean ez gara kontziente lortu dugunaz. Mediterraneotik hainbat ontzi datoz, emakumezkoak zein gizonezkoak. Eta bitxikeria modura, aipatu nahi dut, gure sorpresarako, Amsterdametik (Holanda) orain dela zenbait aste deitu zigutela esanez Oriaren Jaitsieran bertako nesken eta mutilen traineruek parte hartu nahi zutela, jakinda gainera asteburu berdinean Amsterdamen, bertako urteko proba garrantzitsuena ospatzen dela, goretsi du Salsamendik.

Entrenatzaile oriotarrak ondorengo galdera bota du:  Zergatik datoz Oriora? Nolatan?–eta gehitu du– Ez gara ohartzen hemen egiten dugun lanak zer nolako eragina duen mundu mailan. Otsaila ez da data egokiena halako proba bat antolatzeko, eta kirolarientzat gogorra da; baina hor dago Udala, boluntarioak eta batez ere, herria eta herritarrak Oriaren Jaitsiera hau kanpora begira ere ikuskizun paregabe bihurtzen. Konturatu gabe izugarrizko proiekzioa lortu dugu, denon artean egin dugun lanari esker.

Jose Anjel Zaldua Orioko Alkateak ere kirol ekitaldi honen garrantzia berretsi du, eta eskaera bat ere luzatu die eskualde zein lurralde mailako erakundeei: Oriaren Jaitsierak jende mordoxka ekartzen du herrira; sagardotegiak, jatetxeak, hotela, eta nekazalturismoak betetzen ditu, bisitari ugari gerturatzen da eskualdera. Urola Kostako Mankomunitateari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo eta Kultura sailari hemendik, ekitaldi honi babesa emateko eskaera luzatzen diet hemendik, turismo eta kultur arloan, Zumaia eta Zarautz arteko lasterketak bezalaxe, ikaragarrizko oihartzuna baitu.

81 ontzi errioan barrena, 16:30etik aurrera
Oriaren XXV. Traineru Jaitsiera 16:30ean hasiko da. Hainbat irteera-gune izango dira. Batetik, Saikolatik aterako dira 50 ontzi –Kataluniatik etorritakoak; jubenil mistoak; beteranoak, eta emakumezko absolutuak–. Horiek guztiek 4000 metroko distantzia gauzatuko dute, Orioraino.

Bestetik, Mapil-Aginagatik aterako dira 31 traineru –Jon Salsamendik aditzera eman duenez, Eusko Label Ligako eta ARC1 eta ARC2ko ia guztiak izango dira presente–; hauek 6000 metroko distantzia beteko dute, helmuga ere Orion izanda.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!