Orioko arraun elkartea "oso gustura" dago jaitsieran lortutako emaitzekin

Karkara 2019ko mar. 11a, 16:30

Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza taldetik jakinarazi dute, Oriaren jaitsieran kirol emaitza bezain garrantzitsua dela, antolaketa arloan txapelketa behar den bezala ateratzea.

Pasa den larunbatean Oriaren traineru jaitsiera jokatu zen Orion, eta 82 ontzik parte hartu zuten neguko estropadan; 73 traineruk eta Mediterraneoko 9 llagutek. Parte-hartzea "bikaina" izateaz gain, etxeko taldeek emaitza onak lortu zituzten hitzorduan. Alde batetik, Orioko gizonezkoen traineru nagusiak VIII. Babyauto Ikurriña irabazi zuen, eta Orioko emakumezkoen txalupak V. Babyauto Ikurriña.

Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza taldeko kideak "gustura" dira, elkarteko ontziek jaitsieran egin zuten lanarekin. "Asko poztu ginen etxeko taldeek jaitsierako bi banderak irabazi zituztenean, batez ere ikusi delako neguko lana martxa onean doala". Dena dela, aitortu dute zuzendaritzarentzat egun horretan emaitzak bezain inportantea dela "antolaketa arloan dena ondo ateratzea"; "hitzordua borobiltzeko etxeko txalupel banderak irabazten badituzte, emaitza bikaina izaten da".

Erantzun ona
Aurten 80 ontzi inguruk parte hartu dute jaitsieran, eta Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza taldeak azaldu du "erronka" izaten dela maila horretako txapelketa antolatzea. "Oriaren jaitsierak izena hartu du, eta neguko estropada garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Maila horretako jaitsiera kudeatzea ardura ere bada elkartearentzat, eta goi mailako txapelketa antolatzeko ahalegin handia egiten dugu, ez baita erraza 80 ontzi biltzen dituen hitzorduan dena ondo ateratzea", adierazi dute.

Parte-hartze handia izateaz gain, jendetza ere bildu zen larunbatean herrian, estropada bertatik bertara ikusteko. "Eguraldia lagun izan genuen, eta giro ederra sortu zen, herriko jaiak ziruditen".

Oriaren jaitsiera antolatu ahal izateko 50 boluntario inguru lanean aritu ziren asteburuan. "Batzuk ostegunean hasi ziren lanean, eta beste batzuk larunbat goizean. Eskerrak eman behar dizkiegu boluntarioei, euren laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke-eta maila horretako jaitsiera antolatzea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!