Hankak hankalekuan dituzte

Aitor Manterola/ Berria 2019ko mar. 13a, 11:30
Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen trainerua ibaian behera. (Joxemari Olasagasti)

Aitor Manterola kazetariak Oriaren jaitsieraren inguruko erreportajea argitaratu du Berria egunkarian.

Historia egin zuen Oriok herrian, larunbatean, Oriako Traineru Jaitsieran lehen aldiz emakumezkoetan eta gizonezkoetan irabazita. Test garrantzitsua izan ohi da, baina ez erabakigarria. Ondo azaldu du Jon Salsamendik, Orioko gizonezkoen entrenatzaileak: "2005ean, nire lehen urtean entrenatzaile gisa, aurrena eta bosgarren egin genuen Oriorekin hemen, eta irailean, kalera bota ninduten".

LEIRE ARRIOLA Orioko arraunlaria

«Oraingo emaitza onek erakusten dute merezi duela ahaleginak»

Leire Arriola (Orio, Gipuzkoa, 1994) arraunlariak onartu du aspaldiko nahia zutela denboraldi-aurreko proba honetan nagusitzea: "Azkenean lortu dugu, hainbat urtez borrokan ibili eta gero". Larunbatetik haratago begira ere jarri da, emaitzak eta udako jarduna alderatuz: "Estropada hau ona izaten da udan gerta daitekeena ikusteko". Baina hankak lurrean dituztela segituan gehitu du: "Guk gurea egin dugu, baina ez dakigu besteak zertara atera diren, zein asmorekin, eta beti geratzen zaizu zalantza apur bat aurkariak benetan nola dauden jakin nahi horretan. Hala ere, uste dut Arraun eta Donostiarra goian ibiliko direla, eta Hondarribiak ere lan txukuna egin dezake". Udari begira, Oriori begira daude begi guztiak, faborito handitzat joa baitute pronostikoek, iaz bandera ofizialik irabazi gabe geratu eta gero: "Ikusita iazkoa, aurten aukera daukagu, eta gogor ari entrenatzen, eta horrelako emaitza onek erakusten digute merezi duela ahaleginak" [hiru Jaitsiera jokatu ditu Oriok aurten, eta hirurak irabazi].

Orioko emakumezkoak, gainerako taldea bezala, prestakuntza zehatza ari dira eramaten, eta unean-unean tokatzen den horretan daudela dio Arriolak: "Erritmo jakin batzuetan ari gara arraunean, eta larunbatean ere halaxe ibili ginen, entrenatzaileak agindutakoaren barruan. Guk badakigu faboritoak garela, baina burua hotz izan behar dugu eta lanean tinko jarraitu".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria.eus webgunean

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!