‘Marrak’ marrazki erakusketa zabaldu du Zorione Mendezek, Orion

Karkara 2019ko mar. 13a, 18:00
Herritar bat Zorione Mendezen erakusketa ikusten.

Aurpegien eta gorputzen grabatu eta marrazkiak jaso ditu artista oriotarrak, Orioko Kultur Etxeko erakusketan. Apirilaren 12ra bitartean izango da zabalik esposizioa, kultur etxeko ordutegian.

Zorione Mendezek artearen esparru desberdinak jorratu ditu azken urtetan, eta egunotan marrazkiak eta grabatuak biltzen dituen erakusketa ireki berri du Orioko Kultur Etxean. Oriotarrak aitortu du, hainbat urte daramala marraztu gabe, baina orain maila artistikoan eta pertsonalean "bilaketa prozesu batean murgilduta" dago, eta bere lanak jendaurrean aurkeztu ditu. "Erakusketako lanak hein handi batean nire isla dira. Gauza desberdinak probatzen ari naiz, horregatik margolanek ez dute estilo jakin bat jarraitzen. Esperimentatzea gustatzen zait bizitzako arlo askotan, eta hori nire lanean antzeman daitekeela iruditzen zait".

Mendezek beti atsegin izan du gorputzak margotzea, eta unibertsitate garaian, Arte Ederrak ikasten ari zenean, horretan sakondu zuen. "Anatomia naturaleko pose luze zein motzak margotzen eroso sentitzen naiz, eta horretarako marra asko erabiltzen ditut. Unibertsitatean, zenbait irakaslek Espresionismo Alemaniarraren barruan kokatzen zuten nire estiloa, traza indartsua eta soltea nuelako, denborarekin estiloa aldatu bazait ere". Horrez gain, komikigintza eta grabatu arloan ere aritu izan naiz, gorputzak eta aurpegiak margotzen.

Erretratuetan espresioa bilatzen du artista oriotarrak, eta gorputzen kasuan gorputz mota desberdinak irudikatzen saiatzen da. "Batzuetan gorputz amorfoak eta generorik gabeko gorputzak ere marrazten ditut".

Marrak protagonista
Marrak izenburua jarri dio Zorione Mendezek erakusketan bildu duen marrazki eta grabatu moultzoari, irudiak gertutik ikusiz gero, marraz osatuta daudelako nagusiki. "Gustura jarduten nahiz txuri-beltzean marrazten, kolorearekin galdu egiten naizela sentitzen baitut. Hala ere, azkenaldian kolore zertzeladak sartzen hasi naiz artelanetan; uste baino gusturago sentitu naiz kolore artean, eta uste dut indarra ematen diotela lanei".

Horrez gain, euskarri desberdinak ere probatzen ari da artista oriotarra: papera, kartoia, portzelana, egurra eta tela erabiltzen ditu oinarri gisa. Marrazteko erabiltzen dituen materialak ere, euskarriak bezain anitzak dira: boligrafoa, permanentea, tinta txinatarra, margo akrilikoak eta erroulagailuak, besteak beste.

Herritarren iritzia
Erakusketan koadernotxo bat jarri du Zorione Mendezek, eta bertan herritarren iritziak bildu nahi ditu; "izan ere, uste dut kritika konstruktiboen bidez asko ikasi dezakedala. Bertan aipamentxoa egitera animatu nahi ditut erakusketara gerturatzen direnak".

Zorione Mendezen Marrak erakusketa zabalik izango da apirilaren 12ra bitartean, kultur etxeko ordutegian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!