Data berriak, Nerea Arriaga 'Txirrita' irrintzilariak parte hartzen duen 'Erraiak' dokumentala ikusteko

Karkara 2019ko mar. 18a, 12:55

Pasa den abenduan estreinatu zuten Ekain Martinez de Lizarduyek zuzendutako Erraiak lana; irrintziari buruzko lehenengo dokumentala.Bertan parte hartu du Nerea Arriaga Txirrita oriotarrak. Filmaren proiekziorako data berriak argitaratu dituzte.

Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna.

Baina noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Hauek eta beste hainbat galderen erantzuna bilatzen duen ariketa da Erraiak dokumentala. Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa egin dute lan honetan. Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?

Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioak lankidetzan egindako dokumental honek Euskal Herri osoan zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu. Nondik dator irrintzia? Nola deitzen zaio Nafarroako mendietan, Gipuzkoako bailaretan edota Bizkaiko kostaldean? Zein da soinu miresgarri honen arrazoi zientifikoa?

Irrintzia ardatz izanda ekoiztu den dokumentala da 'Erraiak', eta bertan parte hartu du, bere testigantza eta bizipenak azaleratuz, Nerea Arriaga 'Txirrita' oriotarrak. Kontsultatu hemen dokumentalaren proiekziorako datozen datak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!