Neskak harri-jasotzera gerturatu nahi ditu Joseba Ostolazak

Karkara 2019ko mar. 22a, 09:30

16 urtetik gorako emakumeek harri-jasotzera animatzeko deialdia egin du Ostolazak sare sozialen bidez, eta datorren ikasturtean neska taldetxo bat entrenatzen hastea du helburu.

Joseba Ostolazaren Harri Eskolak saren sozialen bidez kanpaina berria jarri du martxan, 16 urtetik gorako emakumeak harri-jasotzea probatzera animatu daitezen. Martxoaren 8an, Emakume Eguna zela aprobetxatuz, argitaratu zuten ikus-entzunezkoa, baina datorren ikasturtean abiatuan nahi dute proiektu berria.

Joseba Ostolazak azaldu du, Usurbilen Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa jokatu zenean, Madrildik etorri zela parte-hartzaileetako bat, Julia Martinez segoviarra. "Txapelketa jokatu ahal izateko gutxienez hiru harri-jasotzailek parte hartu behar dute, horregatik gonbidatu genuen Martinez. Madrildarrek aipatu zidaten, urte sasoiaren arabera, bi-hiru neska aritzen zirela harri-jasotzen beren gimnasioan. Hori jakinda, hemen ere zerbait egin behar genuela pentsatu nuen, eta ideia lantzen hasi ginen".

Nesken taldea
Sare sozialen bidez zabaldu zuten bideoak erantzun ona izan duela aitortu du Ostolazak. "Triatloian ibiltzen den neska talde batek deitu zidan, kirola probatzea gustatuko litzaiekeela esanez. Horrez gain, Astigarragan badago giza-probatan aritzen den neska talde bat ere, eta horiekin harremanetan jarri nintzen. Ideia gustatu zitzaien, eta aurrerago hitz egitekotan geratu ginen". Horrez gain, zazpi aldiz Euskal Herriko txapeldunak argi utzi du, Aiako, Orioko eta inguruko herrietako neskek ere ateak zabalik dituztela. "Doakoa da, ez da ezer ordaindu behar".

Joseba Ostolaza Harri Eskolaren asmoa da, neska taldea osatu eta beraiekin astean behin edo bitan entrenatzea. Horretarako, datorren urteari begira harri-jasotzeko lau txaleko berri, eta neskentzat egokiak diren harri txiki batzuk eskatuta ditu Ostolazak. "Taldetxo batekin entrenatzen hasi nahi dut, eta hiru edo lauk jarraitzea gustatuko litzaidake, txapelketak jokatzeko aukera izan dezaten", aitortu du.

Txapelketak
Gaur egun emakume oso gutxi dabiltza Euskal Herrian harri-jasotzen. Hamarkada bat goi mailan aritu ondoren, pasa den urtean utzi zion harria jasotzeari Idoia Etxeberriak. "Pena da, baina Etxeberriak hamar urtetan hiru txapelketa bakarrik jokatu zituen, emakume harri-jasotzailerik ez zegoelako. Joera hori hautsi nahi dugu". Dena dela, horretarako hainbat moldaketa egin beharko direla uste du Ostolazak. "Idoiak harri-jasotzeko gaitasun berezia zuen, eta erraz jasotzen zuen ehun kiloko harria. Jakin badakigu gaur egun emakumeen txapelketetan erabiltzen diren harriak astun samarrak direla, eta moldatzeko eskera egin nuen federazioan, etorkizunean neska harri-jasotzaile gehiago badago, horiek ere txapelketetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Harrien tamaina ez dadila neskak harri-jasotzetik urruntzeko aitzakia izan".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!