Juan Priederi omenaldia egin diote gaur Orioko hilerrian

Karkara 2019ko mar. 24a, 13:09

Orioko zinegotzi sozialista zena omendu dute bere senideek, lagunek eta alderdikideek.

Joan den ostegunean, martxoaren 21ean, 17 urte bete ziren ETAk Juan Priede Orioko PSE-EEko zinegotzia hil zuela. Hori dela eta, urtero bezala, gaur eguerdian Juan Priede omendu dute bere senideek, lagunek eta alderdikideek. Orioko hilerrian elkartu dira guztiak, eta hamabiak puntuan hasi da haren omenezko ekitaldia. Lehenik eta behin lore eskaintza egin dute, eta jarraian "Orio eta oriotarren alde" egin zuen lana aitortu dute. Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak hartu du hitza: "Juan Priedek Orioko bizilagunen bizitza hobetzea izan zuen beti helburu, eta haren oroimena bizirik mantentzeko modurik onena, bere lanari jarraipena ematea dela uste dugu. Horretan ari da bere alaba Ana Pride Orioko Udalean, eta ziur gaude Juan harro egongo dela bere alaba Ana egiten ari den lanaz".  

Senideez gain, ekitaldian izan dira Euskadiko PSE-EEren Idazkari Nagusi Idoia Mendia, PSE-EEren Gipuzkoako Ahaldungai Nagusi Denis Itxaso eta Euskadiko alderdi sozialistaren presidente ohi Jesus Egiguren; baita alderdi sozialistako beste hainbat lagun, besteak beste, Orioko Udaleko PSE-EEko zinegotzi ohi Jesus Rodriguez eta Zarauzko alderdi sozialistako kide Gloria Vazquez eta Patxi Elola.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!