Bukatu dira Mutiozabal ontziolako bigarren faseko lanak

Karkara 2019ko mar. 25a, 10:08

Gaur hasiko dira Mutiozabal inguruko saneamenduaren eta ur edangarriaren lurpeko instalazioak berritzen.

Mutiozabal Ontziola berreskuratzeko lanen bigarren fasea bukatu dute. Azken hilabetetan ekialdeko fatxada berregin, ur-konporta berria egin, barruko egitura sendotu, barruko gradak egokitu eta kanpoko pasarelak eraiki dute. Murgil-Betilan eta Amilibia enpresek egin dituzte lanak: Murgil-Betilanek eraikinari dagokion zatia egin du, eta Amilibiak, berriz, kanpoko eta barruko pasarelak eta mailak. Guztira, 125.441,58 euroko kostua izan dute. 

Horrez gain, Azkoitiko Lanbide Eskola barruko ekipamendua egiten ari da; udaletik jakinarazi dute  laneko mahaiak eraberritzen ari direla une honetan, eta bestalde, ibilbideak osatzeko bi eskailera egin dituztela.

Orioko Udalak ontziola berreskuratzeko orain arte egin dituen lanek 319.441,58 euroko kostua izan dute. Udalak 168.036,39 euro jaso ditu guztira dirulaguntzetan: 117.000 euro, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu eta 51.036,39 euro, berriz, Eusko Jaurlaritzak.

Atzeko etxea berreraikitzen bukatzen dutenean, plazatxo bat sortuko da ontziolaren ondoan. Gauzak ondo bidean, urte bukaerarako amaituko dira lan horiek.

Saneamendua eta ur-sarea berrituko da, astelehenean hasita
Gaur hasiko dira Mutiozabal inguruko saneamenduaren eta ur edangarriaren lurpeko instalazioak berritzen. Obrak Altuna y Uria enpresak egingo ditu eta 303.262,35 euroko kostua izango dute. 100.000 euro Orioko Udalak ordainduko ditu, eta gainontzekoa Gipuzkoako Urak kontsortzioak, uraren ziklo integralerako inbertsioetatik.

Obrak 3 hilabete inguruko iraupena izango du eta, tarteka, eragina izango du oinezkoen ibilbideetan. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!