Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza berria aukeratzeko prozesua abiatuko dute irailean

Karkara 2019ko mar. 25a, 11:20
Ostiralean egin zuen Orio Arraunketa Elkarteak urteko batzarra, kultur etxeko areto nagusian. (O.A.E.)

Urrirako zuzendaritza berria lanean hastea da asmoa, 2020 denboraldia prestatzeko denbora izan dezaten.

Ostiralean urteko batzarra egin zuen Orio Arraunketa Elkarteak, kultur etxeko areto nagusian. Hainbat gai aztertu zituzten bertan, eta 65 bazkide bildu ziren bileran. Besteak beste, elkarteko zuzendaritzak denboraldiko emaitzak errepasatu zituen, eta elkartearen egoera ekonomikoa izan zuen hizpide. Batzarrean azaldu zutenez, 2018an 581.726,69 euroko diru-sarrerak izan zituen Orioko arraun elkarteak, eta gastua 576.630,37 eurokoa izan zen; beraz, 5.096,32 euroko balantze positiboarekin bukatu zuen 2018 urtea Orio Arraunketa Elkarteak.

Bestalde, 2019ko aurrekontuari dagokionez, 588.800 euroko diru-sarrera espero du zuzendaritza taldeak, eta gastua 591.825 eurokoa izatea aurreikusi du. 

Elkarteko zuzendaritza berria aukeratzeko ordua
Eskari eta galderen atalean, zuzendaritzako kideek jakinarazi zuten "beren zikloa amaitu dela". Elkarteko estatutuen arabera, lau urtero presidente hautaketa egin behar da, eta gaur egungo zuzendaritzak 2018 urte amaieran zortzi urte bete zituen elkartearen gidaritzan. Beraz, uste dute aldaketa egiteko garaia iritsi dela.

Batzarrean, jasotako laguntza guztia eskertu zuen elkarteko zuzendaritzak, eta jakinarazi zuten aurten denboraldian ere buru-belarri jardungo direla zuzendaritza lanetan.  "Historikoki Orio Arraunketa Elkarteko presidenteek ez dute 8 urte baino gehiago egin karguan. Beti egon da aldaketa, eta guztiontzat osasungarria izango dela uste dugu", azaldu zuten batzarrean.
 
2019ko irailean jarriko dute hautaketa prozesua martxan, eta urrirako zuzendaritza berria aukeratzea da asmoa, talde berria 2020ko denboraldia prestatzen hasi daitezen. Beraz, gaur egungo zuzendaritza taldeak deialdia luzatu die elkartearen gidaritza hartzeko interesa, gogoa, eta ideia berriak dituzten herritarrei. "Ongi-etorriak izango dira. Nahi izanez gero, derrepente hasi daitezke gaur egungo zuzendaritzari laguntzen. Jarduera guztiak eta elkartearen eguneroko dinamika pixkanaka pixkanaka ezagutzen hasteko modu egokiena dela uste baitugu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!