“Gero eta gehiago miresten dut guraso haien ausardia”

Karkara 2019ko mar. 30a, 12:30

Maisu Joanito esan eta nahikoa da herritar askorentzat urte batzuk atzera egiteko. Ez da alperrik izan Ikastolako irakasle kasik sortu zenetik. 40 urtetik gora eman ditu Orion, 20kin etorri bazen ere beti bizarrarekin ezagutu dugu, eta ia beti irribarretsu. Bada Joanito Beristain jubilatu da, Mikel Laboa lasaiago entzuteko eta Zarautzen Orioko kamisetarekin korrika egiteko denbora gehixeago izango du, berak zioen bezala, azkarrago joateko.

Hasierako urteak

Kokatu gaitezen lehendabizi. 1977an Zarauzko gazte bat Orioko Ikastola sortu berrian hasten da irakasle.
Orduan Andu koinatua, Anjel Lertxundi, Zarauzko Ikastolako zuzendaria zen, eta hemengo ikasleek Orion egiten zuten haur hezkuntza eta Zarautzen Oinarrizko Hezkuntza Orokorra OHO. Baina Zarauzko Ikastola handitzen ari zen neurrian lekurik gabe geratzen ari ziren, eta oriotarrak OHO ere Orion ikasteko bidea egin behar zela ikusten zuten. Halaxe esan zidan Anduk, eta halaxe etorri zitzaizkidan bi guraso nire bila. Ezezkoa esateko aukera askorik ez zidaten eman egia esan, bale baietz nik, eta horrela etorri nintzen Oriora, eta orduan hasi zen nire 40 urteko historia.

Zein irakasle zeundeten orduan?
Mari Carmen Arrillaga, Iñake Irastorza, Maribel Eizagirre eta Sagrario Olaetxea ordurako bazebiltzan, baina beste norbait behar zuten OHOko ikasketak legeztatzeko, eta horregatik ekarri ninduten. Horrelaxe hasi ginen pixkanaka, Zarauzko Ikastolaren baitan, baina Orion. Egoera arraro batean, artean eskola legeztatu gabe.

Inspektore bat etorri omen zitzaizun behin?Bai, Errastineko lokaletan geunden, eta atea jo zuen. Nik, norbait etorri ezkero, lehendakariarengana bidaltzeko agindua nuen. Baina trantze horretan, eskola bat zela esan nionean, halaxe erantzun zidan: Hik ba al dakik, benetan, zer egiten ari haizen? Hauek denak kartillik ez zeukatek. Hauek denak zer titulaziorekin irtengo dituk? Ematen ari zaretena ez da legala. Nolabait esan nahi zuen jolasean bezala hari ginela haien etorkizunarekin. Nik, lehendakariarekin hitz egitera joateko esan nion. Horixe izan zen dena. Ez zen ezer apartekorik gertatu. Handik ez dakit zenbat urtera lortu genituen legez ari ginenaren kartillak. Bitartean, gure seilua “katekesi eta haur kultura” izan zen.

Alde horretatik, gero eta gehiago miresten dut guraso haien ausardia, egoera hartan apustu hura egin izana.
Zarauzko gazte bat etorri eta haren eskutan uztea beren seme-alaben ikasketak. Gaur egun, ez dakit horrelako zerbait egingo litzatekeen.

Zer oroitzapen dituzu lehenbiziko urte haietaz?
Oso-oso politak. Gaur egundik ikusita, gaztetan egin daitekeen zerbait bezala ikusten dut, inozentzia hartan egindakoa. Garaia ere halakoa zen, Frankismotik atera berriak, herrigintzan aritzeko ilusio handia zegoen. Horrela, urtez urte, gela bat gehitzen joan ginen. Irakasle gazte gehiago etorri ziren, nolabait esateko,
pentsaera pedagogiko desberdinekin. Horrek kezka bat sortu zuen gurasoen artean, eta bateko eta besteko, zenbait irakasle beste leku batzuetara joan ziren. Hiru bat urte horrela igaro ondoren, ezegonkortasun horren aurrean, gu baino eskarmentu handiagoa zuten irakasleak behar genituela pentsatu genuen.

Horrela etorri ziren Demetrio Esnaola eta Mikel Haranburu, ikasketak bukatu berriak zituen Belen Arrietarekin batera. Irakasle horien etorrerak beste gorputz bat eman zion Ikastolari. Ordurako Demetrio Zarauzko Ikastolan ibilia zegoen, eta bere heldutasuna eta esperientzia behar genituen.

Hortik aurrera Ikastola urtez urte hasten joan den proiektu egonkor bat bihurtu zen.

Eta batetik bestera, lokalez lokal, hasi zineten.
Bai. Urtero gela bat gehiago izatean, leku berri bat gehiago behar genuen. Zer libratzen zen, soto edo dana dalakoa, hura hartzen genuen. Zaraguetarentzat eskola berria egin behar zenean, Orioko Udalak, bi eskolengan pentsatuz, proiektua gain-dimentsionatu egin zuen. Zaraguetakoek hondartzara joan zirenean guri ibai ondoko eskolako eraikin erdi bat laga ziguten. Lehen urtetako borrokak dirua lortzeko eta lokalak lortzeko izan ziren. Gabonetako zozketak, musak, tonbolak...

Izan al zenuten inoiz kobratzeko arazorik?
Behin ere ez. Esan beharra dago hori ere, ekonomiaren kudeaketa beti oso ona izan dela Orioko Ikastolan. Dirua oso ondo zaindu da, eta irakasleok, zenbaitetan, baldintza kaskarretan aritu behar izan badugu ere, moldatu izan gara.

Eta kudeaketa on horrek eragin handia izan zuen 1993an publifikazio legea etorri zenean. Publiko edo pribatu izaten jarraitu erabaki behar zenean berebiziko garrantzia izan zuen bideragarritasun ekonomikoak.

Horrexetaz hitz egin nahi nuen. Nola bizi izan zenuen egoera hura?
Gogorra izan zen. Nire kasuan, momentu hartan, publifikatzearen aldeko apustua egin behar genuela ikusten nuen, batik bat, etorkizuneko bideragarritasun ekonomikoagatik. Legeak jartzen zuen markoaren arabera, Orioko Ikastolak ia ezinezkoa zuen ekonomikoki bizirik jarraitzea. Lerro bakarra genuen, ikasle askokoa, baina lerro bakarra, eta DBH ez ziguten emango lerro bakar batekin. Haien asmoa eskola txikiei LH6 arteko baimena ematea zen, eta horrek bi maila galtzea zekarren, OHO 7.na eta 8.na. Are gehiago, legearen arabera 25 ikasle baino gehiagoko lerroak ez zituzten onartuko. Horren arabera, eta guk gelako 25 ikasle baino gehiago genituenez baina bi lerro izateko kopurura iristen ez ginenez, Ikastolak txikitu beharra izango zuen. Legeak muga handiak jartzen zituen, eta guk ikusten genuen Ikastola atzeraka joango zela legea aplikatuz gero. Gero, ez zen horrela gertatu.

Beste batzuk, ordea, esaten zuten ez zela legea aplikatuko, beldurra sartzeko zela. Azken finean, larri zeuden Ikastola askok publifikatzeko bidea hartu zuten, eta besteek ez. Esan beharra dago baita ere, mesfidantza handia zegoela Hezkuntza sailarekiko. Proposamen hori alderdi abertzale batengandik etorriko balitz beste zerbait izango zatekeen. Baina, orduan, Hezkuntza saila sozialisten esku zegoen, eta alderdi abertzaleek ez zuten postura jakinik hartu lege honen inguruan. Herri bakoitzaren esku laga zuten erabakia. Saltsa handia zegoen. Guk zorrik ez genuen, baina patrimoniorik ere ez. Egoera horretan, Orioko bi alderdi nagusienak, EAJ eta HB, sare publikoan ez sartzearen alde agertu ziren. Gainera, agindu zuten, Ikastolari ez zitzaiola dirurik faltako. Ikastola
ez zela pikutara joango diru faltagatik. Behar zen hori Udalak jarriko zuela.

Berme horrekin, guraso gehienek erabaki zuten geunden bezala jarraitzea, eta hori ere, oso ulergarria zen. Azkenean, legea aplikatuko ez zela ziotenek arrazoi izan zuten, eta bitarte horretan alderdien babesa zegoenez, bere horretan segi zion Ikastolak. Zentzu horretan, esan beharra dago, momentu batzuetan babes hori kendu nahi izan zaiola Ikastolari, eta hori ez da bidezkoa izan. Ezin dena da erabaki bat hartzera bideratu eta gero babesa ukatzea, legeak behartzen ez zuela eta. Legalki ez zeuden behartuta baina moralki bai.

Guri, gure aldetik, erabakia onartu eta txipa aldatzea tokatu zitzaigun. Alde horretatik, ez zen erabaki ideologiko baten gorabehera izan, esan dizudan moduan, zalantzazko bideragarritasun ekonomikoa batena baizik.

Orioko Ikastola publikoa izan al da?
Publikoa nola ulertzen den, baina nik uste dut Orioko Ikastola baino publikoago izaten zaila dela: Ez dut inor ezagutzen hartu ez dugunik, era guztietako jendea hartu izan dugu, edozein momentutan, eta kuota oztopo izan ez dadin beka sistema bat sortu genuen.

Kudeaketari dagokionez, Orioko Ikastolak gurasoen papera oso-oso garrantzitsua izan da, betidanik.

Beste Ikastoletan baino gehiago?
Bai, gehiago esango nuke. Bueno, ezin da orokortu, baina egia da zenbaitetan zuzendariek asko agintzen dutela. Orion ez hainbeste. Orion zuzendariaren gainetik gurasoen batzordea egon da beti. Horrek tentsioak handiak sortu izan ditu, baina esan beharra dago, baita ere, batzordeak markatu izan duela jarraitu beharreko bidea.
Aldi berean, azpimarratzekoa da kolore desberdinetako jendea egon dela batzordean, oso irekia, dinamikoa eta potentea izan dena. Alde horretatik ere, hori baino herrikoiagoa izatea zaila da. Zentzu horretan, lege berri bat etorriko balitz uste dut Orioko Ikastola hor egongo litzatekeela, bokazio hori du eta.

Hezkuntza
Asko aldatu al da hezkuntza 40 urte hauetan?
Izugarri aldatzen ari da. Aldaketa horretan Informazio eta Komunikazio Teknologiek IKTek sekulako eragina dute. Beharbada, gutxiegi hausnartu da duten eraginaren inguruan. Baina errealitatea da hor daudela, eta ez bakarrik eskolan, baita eskolatik kanpo ere. Aldaketa horren aurrean, irakasleoi egokitzea tokatu zaigu, aurreikusiz eta prestatuz.
Gure garaian buruz ikasteari izugarrizko garrantzia ematen zitzaion, gaur egun era guztietako informazioa eskura dute, badirudi kasik ez dagoela ezer memoriaz ikasi beharrik. Aldi berean, ordea, guk jasotzen genuen informazio hura bahe batzuetatik pasata zetorren, fidagarriagoa zen. Gaur egun ez daukate hori, bilatzaile batean jarri eta baliozko informazioa jasotzea oso-oso zaila da. Horretan trebatzea tokatzen zaigu, eta horrek sekulako lana eskatzen du: sarean ez galtzea oso zaila da. Desinformazio hori da nik ikusten dudan arriskurik handienetakoa, eta ez bakarrik hezkuntza mailan, baita politika mailan ere. Egunero milaka leiho irekitzen zaizkigu manipulatuak izateko.

Momentu honetan irakasle edo guraso batek baino ia indar gehiago dauka youtuber batek. Gainera, zer
transmititzen ari den ez gara enteratzen, ez dugu kontrolatzen. Ni inoiz ikasleekin sartu izan naizenean zertan dabiltzan jakiteko ikaratuta geratu izan naiz.
Gurasoen eragina eta eskolarena gero eta txikiagoa da. Adibide txiki bat, lehen euskal kantuak ezagutzen zituzten gutxi gehiago, orain kasu ale batzuk kenduta, batere ez. Famili giroan ematen zen transmisioa galtzen ari da. Nire kezka nagusia informazioarekiko jarrera hori da gaur egun.

Ez al daude, aldi berean, hiperbabestuta gaur egungo ikasleak?
Bai, baina gogoratzen naiz nire aitak esaten zidala gu ere gari pilan hasitakoak ginela, ugaritasunean hasitakoak. Egia da, nahi duten guztia eskura dutela, baina guk ere, lehen egiten ez zituzten gauzak egiten ditugu, kanpora afaltzera joan, esate baterako.

Baina zenbait gurasok, irakasleen aurrean ere, beti jotzen dute euren seme-alabak babestera?
Bai horretan bai, horretan aldatu da. Baina hori ere denean aldatu da. Mediku batekin hitz egiten baduzu, esango dizu paziente asko ia-ia diagnostikoa eginda
etortzen zaizkiela, ordu erdi baten interneten aurkitutako informazioa bizitza osoko karreran ikasitakoaren parean jarriz. Hor badago errespetu edo konfiantza falta bat.

Dena den, egia da baita ere, guraso batzuen portaera orokortu egiten dugula, eta gehienek ez dutela horrela jokatzen.

Hitz egin dezagun segregazioaz. Bistan da Orion ere etorkinak gehienbat Zaraguetara joaten direla?
Segregazioa saihesteko horretarako dauden komiteek funtzionatu beharko lukete. Eta galdera da: Funtzionatzen al dute? Ikastolan behintzat, nik dakidala, inori ez zaio aterik ixten. Inork ez badio besterik egitera behartzen bakoitza nahi duen tokira joango da.

Ez da kontu erraza, naturalki bakoitzak bere antzekoengana biltzeko joera du, eskolatik kanpo ere ikusten da hori. Gainera, integrazio lanetarako baliabideak oso oso urriak dira, batere ez esate arren. Ordu oso-oso gutxi ematen dizkigute, adibidez, etorri berriei hizkuntza errefortzuak emateko.

Momentu honetan kontua dagoen bezala ikusita, ikusita Frantzian, Belgikan zer gertatu den, administrazioa oso gaizki egiten ari den zerbait da. Hemen ez dira neurriak hartu, eta neurriak hartzeko dirua jarri behar da.


Azken urteak
Nola bizi izan dituzu azken urteak?
Azken urteak oso-oso ondo joan dira. Ez zaizkit batere luzeak egin. IKT-en ardura hartzeak oso aktibo eduki nau, eta hori oso positibotzat jotzen dut. Talde oso ona izan dugu, eta oso ondo konpondu izan naiz lankideekin, giro ona izan dugu. Ez daukat saltzeko.

Ofizioa maite izan duzu, ezta Joanito?
Bai, bai… asko gustatu izan zait. Ikasleekiko harremana gustukoa izan dut. Ikastola txikiagoa zenean, ikasle guztiekin geneukan harremana estuagoa zen. Ikusi izan dudana da azken urteotako harremanak ez direla hain intentsoak izan, baita ere, lehen oinarrizko heziketa osoa elkarrekin egiten genuelako. Denen berri jakiten genuen, zirenak eta ez zirenak. Orain eskola handitzean hori galdu egin da, batzuentzat txarrerako eta besteentzat onerako.

Zerk pozten zaitu gehien?
Ikasle ohiekin elkartzeak, eta beren ibilbidean zerbait egin dugula sentitzeak. Ordu txikitan, edo mendian topatu izan naizenetan, adibidez. Gauza triste bakarra
aipatzekotan, zenbait gurasoekin gertatu izan zaigu. Egunen batean, ikasleek zerbait egin eta gurasoak arpegia ateratzen zietenean, denbora pasa eta ikasleekin adiskidetu egiten ginen, baina gurasoekin harremana hoztu egiten zen.

Parranda handia egin omen zenuten erretiroa ospatzeko egin zenuten afarian. Badakizu, herri honetan berehala jakiten da guztia
Kar, kar, kar. Bai, gustatzen zaigu, eta luzatu zen pixka bat kontua.

Geratu zaizu zerbait esateko Joanito?
Bada, eskerrik asko. Badakit ez genuela denekin asmatuko, eta asmatu ez dugun horiei barkamena eskatu nahi nieke, eta gainontzekoei topatuko garela hortik. Oriotarrei buruzko oroitzapen politak izango ditut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!