21. Korrika

Datorren ostiralean pasatuko da Korrika Oriotik eta egun beteko programa antolatu du Korrika batzordeak

Karkara 2019ko api. 6a, 11:00

Datorren ostiralean, apirilak 12, pasatuko da Korrika Oriotik. Orioko Korrika batzordeak programa zabala antolatu du egun horretarako, goizean hasi eta gaua arte.

EGITARAUA

Korrika Txikia goizean
Korrika Txikia goizeko 11:00etan abiatuko da Bikamiotatik eta ibilbide bat egingo du herriko kaleetan barrena, bi eskoletako haurrekin. Bukaera Herriko Plazan emango zaio 12:00ak inguruan. Ahal duten guraso guztiak ere gonbidatuta daude parte hartzera. Lehenbizi ikasle zaharrenak abiatuko dira eta azken metroak bi ikastetxeetako txikienek egingo dituzte.

KORRIKA 13:45ean iritsiko da plazara
KORRIKA Zarauztik barrena etorriko da aurten eta 13:45ean du ordua Orioko plazara iristeko. Oriotarrek Xuai gainean hartuko diete lekukoa zarauztarrei eta Aginagaraino eramango dute, han Usurbildarrei emateko. KORRIKAk 10 kilometro egingo ditu Orion eta talde hauek eramango dute lekukoa:

2024 km (Xuai gainean hasita): Orain plataforma.

2025 (harrobia): Orioko Arraunketa Elkartea

2026 (Xuai-Aitzondo): Talai Mendi elkartea + Orioko AEK

2027 (tren-geltokia): Txurrumuski aisialdi-elkartea + Ametsa gaztelekua

2028a (Herriko Plaza): Harribil dantza-taldea + KARKARA taldea

2028b (Bikamiota): Herrio natur taldea + EH Bildu

2029 (Herriko Plaza): Gaztetxea + Saltxerak emakume-taldea

2030 (Etxeluze gaztetxea): EAJ + Toki Alai elkartea

2031 (Ortzaika): Zaragueta Herri Eskola

2032 (Botaleku): Orioko Herri Ikastola

2033 (Saikola): Orioko Herri Ikastola

Orio eta Azkoitiako bertsolarien arteko saioa
Errikotxia bertsozale elkarteak antolatutako bertso-saioa Gabon tabernako tunelean egingo da, 19:00etan hasita. Orioko eta Azkoitiako bertsolari hauek parte hartuko dute: Iñaki Gurrutxaga (Orio), Egoitz Eizagirre (Orio), Unai Izagirre (Azkoitia) eta Eneritz Artetxe (Azkoitia).

Afaria eta bertso zaharrak. Txartelak salgai dagoeneko
Eguneko programari bukaera emateko, Korrikazaleen afaria izango da Gure Etxea elkartean, 21:00etan hasita. Hau izango da menua: entsalada, gisatua eta gazta intxaurrekin. Afalostean Errikotxiako kideek bertso zaharrak abestuko dituzte, Imanol Urkizuk gitarrarekin lagunduta.

Korrikazaleen afarian parte hartzeko txartela aldez aurretik erosi behar da kultur etxean edo Kolon Txiki tabernan. Txartela 15 eurotan dago salgai dagoeneko eta interesa duenak hobe du azkar ibiltzea, mugatuta daude-eta (guztira, 60 afari-txartel jarri dira salgai).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!