Udako lanpostuen deialdia egin du Orioko Udalak

Karkara 2019ko api. 10a, 16:30
Orioko Kanpineko komunak garbitzeko lau garbitzaile kontratatuko ditu Orioko Udalak, uda garairako.

Udan 13 lanpostu betetzeko deialdia egin du Orioko Udalak. Eskabideak aurkezteko, beharrezkoa une honetan langabetua izatea, eta zenbait kasutan, Orion erroldatua egotea ere eskatuko dute. Bihar irekiko dute deialdian parte hartzeko epea.

Orioko Udalak udako hainbat lanposturen deialdia egin du gaur, apirilak 10. 13 lanpostu betetzeko deialdia da honakoa, eta eskabideak aurkeztu ahal izateko, bi baldintza bete beharko dituzte parte hartzaileek. Alde batetik, une honetan langabetua izatea eskatuko dute, 2019ko urtarrilaren 1etik gutxienez. Bestetik, Orion erroldatua egotea ere eskatuko dute, hiru lanpostutan izan ezik (txu-txu trenaren gidari izateko, udaltzain laguntzaile izateko eta turismo bulegoan lan egiteko postuetan ez da beharrezkoa izango).

Hain zuzen, ondorengoak dira Orioko Udalak egindako deialdian barnebildutako udako lanpostuak:

  • Kabinen garbitzailea: bi lanpostu
  • Kanpineko komunen garbitzailea: lau lanpostu
  • Udaltzain laguntzailea: lau lanpostu
  • Txu-txu trenaren gidaria: lanpostu bat
  • Kanpineko zaindaria: lanpostu bat
  • Turismo bulegorako harreragilea: lanpostu bat

Bestalde, udaletik azaldu dutenez, bertako aldizkako langile finkoren batek egungo lanpostuari uko eginez gero, zerrenda horretan txertatuko dute postu hori ere. Gainera, "aurreikusi gabeko premiaren bat" agertuz gero, lanpostu gehiago sortu daitezkeela ere adierazi dute.

Bihar irekiko dute eskabideak egiteko epea

Bihar, apirilak 11, zabalduko dute deialdian parte hartzeko epea, eta maiatzaren 8an itxiko dute. Interesa dutenek udal bulegoetara bertaratu beharko dute, eta han beteko dute eskabidea egiteko instantzia. Astelehenetik ostiralera egoten dira irekita bulegoak, 08:30etik 14.30era.

Maiatzaren 11an egingo dituzte udako lanpostuak betetzeko probak, Orioko Kultur Etxeko areto nagusian. 09:00etan emango diete hasiera saioei, eta aurki argitaratuko dituzte ordutegi zehatzak www.orio.eus webgunean. Kanpineko garbitzaile izateko lanpostuari dagokionez, maiatzaren 18an izango da proba praktikoa, eta ordua eta tokia jakinaraziko ditu udalak.

Hona hemen udalak egindako deialdiaren oinarri guztiak ikusgai

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!