Egin apustu Korrikeroak erronkan

Zergatik ez? taldeko kideak 2018ko Lilatoian.

Orion Korrikeroak porra antolatu dute, eta herritarrek asmatu beharko dute, Zergatik ez? taldeko kideen artean distantzia handiena osatzen duenak zenbat kilometro egingo ote dituen.

Ostiral eguerdian pasako da 21. Korrika Oriotik, eta azken astetan Korrika Batzordeek hainbat ekimen antolatu ditu herritarrak Korrikako giroan murgiltzeko. Horietako bat da Korrikeroak erronka, eta herritarrak Zergatik ez? taldeko laupabost kidek Korrikan zenbat kilometro egingo dituzten asmatzera animatu dituzte. Horretarako, porrak jarri ditu Orioko Korrika Batzordeak Kolon Txiki eta Salatxo tabernetan eta AEKn, eta oriotarrek euro baten truke parte hartu dezakete ekimenean.

Zenbat kilometro egingo dituzten asmatzen duen lagunak otartxo bat izango du sari. Bestalde, jakinarazi dute porran biltzen den dirua AEKrentzat izango dela.

Korrikeroak erronka
Orioko Korrika Batzordeak bota zien erronka Orioko Zergatik ez? taldeko kideei. "Duela bi urteko Korrikan antzeko erronkak antolatu zituzten eskualdeko hainbat herritan, eta Orioko Korrika Batzordeak Orion ere mota horretako ekimena egin nahi zuen. Dena dela, argi zuten ez zutela eliteko kirolariek parte hartzerik nahi, eta nahiago zuten erronkako parte-hartzaileak emakumeak izatea", azaldu du Zergatik ez? taldeko kide batek.

Zergatik ez?-eko taldekideen artean aurkeztu zuten proposamena, eta laupabost lagun animatu dira. "Zergatik ez? ekimenean 32 emakumek parte hartu genuen, baina gutxi batzuk animatu gara Korrikeroak erronkan parte hartzera. Izan ere, taldeko zenbait kidek beste konpromiso batzuk dituzte egun horretarako; batzuk ezingo dute Korrikan parte hartu lan kontuengatik; eta beste batzuk Korrikan izango badira ere, beste eragile batzuekin aterako dira korrika, Ikastolako irakasleak, eskolako gurasoak edo herriko elkarteetako kideak direlako".

Dena dela, Korrikeroak ekimenean parte hartuko duten kideek ez dute protagonismorik nahi. "Gu tropelean joango gara, jende multzoaren atzetik. Orioko plazatik irtengo gara, eta Aginaga alderako bidea hartuko dugu. Ez dakigu zein puntura arte iritsiko garen; gainera, helburua ez da kilometro asko egitea, bakoitzak nahi edo ahal duena egingo baitu". Lau-bost laguneko taldetxoak abiatuko du ibilbidea, baina ez dute denek batera bukatuko. Horregatik, herritarrek asmatu beharko dute, taldeko kideen artean distantzia handiena osatzen duen lagunak zenbat kilometro egingo ote dituen.

Taldeari eutsiz
2017an 40 urte inguruko emakume talde bat Oriotik Bilbora arraunean joan-etorria egiteko entrenatzen hasi zen, eta 2018ko udan bete zuten erronka. Esperientzia "aberasgarria" izan zela aitortu dute erronkan parte hartu zuten emakumeek, eta kirola aitzakiatzat hartuta taldeari eta beren arteko harremanari eutsi nahi izan diote. "Taldean kirola egiten jarraitu nahi genuela argi genuen, baina arraunean egiteko aukerarik ez genuenez, korrika hasi ginen. Taldetxo batek Behobia-Donostia lasterketa egitea jarri genuen helburu, eta Zergatik ez? taldeko entrenatzaile Imanol Arrutik lagundu zigun prestaketarekin". Horrez gain, Lilatoiean ere parte hartu zuten, eta uztailean mendi irteera egiteko asmoa dute 15 emakumek. Bestalde, mendi lasterketak prestatzen ere hasi da taldetxo bat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!