Martxan jarraitzen du kaleko katuak antzutzeko programak

Karkara 2019ko api. 11a, 09:00

Orioko Udalak, Katu Horia albaitaritza klinikak eta herriko boluntario batzuek 2015. urtean abiatu zuten 'Hartu-antzutu-askatu' proiektua. Bestalde, Orion kaleko katuei jaten emateko debekuak indarrean jarraitzen du.

2015. urtean, Hartu-antzutu-askatu programa jarri zuten martxan Orion Orioko Udalak, Katu Horia albaitaritza klinikak eta herriko boluntario batzuek. Kaleko katuak "kontrolatzeko" helburuarekin abiatu zuten egitasmoa, eta horretarako, katuak antzutzeari ekin zioten.

Prozesua ondorengoa izaten da: boluntarioek kaleko katuak hartzen dituzte, arrak zein emeak, eta antzutzera eramaten dituzte Katu Horia albaitaritza klinikara. Gero, boluntarioek etxean izaten dituzte katuak zenbait egunez, eta "sendatzean eta indarrak hartzean", kalera eramaten dituzte berriz. Orain arte, 20 katu inguru antzutu dituztela azaldu du Orioko Udalak.

Bestalde, "animaliak edukitzeari eta babesteari buruzko" udal ordenantzaren 5C artikuluak indarrean jarraitzen du Orion. Artikulu horren arabera, debekatuta dago kaleko katuei jaten ematea, baimendutako pertsonek izan ezik. Hain zuzen, Hartu-antzutu-askatu proiektuaren parte diren boluntarioek soilik elikatu ditzakete kaleko katuak, toki eta baldintza zehatzetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!