Amaiur Sukia eta Manex Guenetxea irabazle Urola Kostako idatzizko Bertso txapelketan

Karkara 2019ko api. 11a, 10:18

Gipuzkoako Bertso Txapelketako jardunaldian Urolako Kostako gaztetxoak juntatu ziren.

Orioko Ikastolako Bertso eskolako bi ikaslek lehen eta bigarren sariak irabazi dituzte Urola Kostako idatzizko Bertso txapelketan. Pasa den ostiralean Karela kiroldegian jokatu zen Gipuzkoako Bertso Txapelketako beste jardunaldi bat; bertan, Urola Kostako umeak eta gaztetxoak elkartu ziren, Oriokoak ere bai, tartean. Amaiur Sukia Yaben izan zen irabazlea eta Manex  Guenetxea Manterolak lortu zuen bigarren postua.

Gaia: Badut lagun bat konfiantza ematen didana

 

Amaiur Sukia
Doinua: Itxasoari begira
Badut lagun bat nire alboan
atsegin eta apala
sekretutxo bat kontatu diot
eta berak gorde dezala
Ni berarekin fidatu naiz ta
esan diot berehala
gure harremanak jarraituko du
orain artean bezala
baina hori bai, hark hurrengoan
ongi tratatu nazala.

Ta azkenean esan diozu
jende askori jakina
baina nolatan izan zaitezke
holako zerri zikina
momentu hontan nik sentitzen dut bihotz barrenean mina
azken aldian ez zara izan
nik uste nuen berdina
hau ez zenidan inoiz egingo
nire laguna bazina.

Manex Guenetxea
Doinua: Mutil koskor bat itsu aurreko
Txikitatikan daukat lagun bat
nire onena jakina
beti laguntzen egoten dena
hartzen dudanean mina
konfiantz dena emanaz eta
sendatuz nire ezina
hiru bihotzen laguntasuna
eta zure ahalegina
egin duzun hau ezin da izan
lagun txar batek egina.

Ikasten duen guzti-guztia
niri partekatu ahala
bera beti da hain atsegina
alaia eta apala
inperfekzio perfektuekin
denekin eskuzabala
“beti lagunak izango gara”
kontentu esan dezala
elkarren ondon biziko gara
lagun onenak bezala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!