Euskadiko batel eta zortzikoen txapelketetan parte hartuko dute Orioko arraunlariek

Karkara 2019ko api. 11a, 15:24
Euskadiko zortzikoen txapelketan parte hartuko dute senior mutilek. (OAE)

Asteburu honetan jokatuko dituzte Euskadiko batel txapelketa eta Euskadiko zortzikoen txapelketa, Legution. Bertan izango dira Orioko arraunlariak: sei ontzi aurkeztuko dituzte batel txapelketan, eta bat zortzikoen txapelketan.

Amaitzear da aurtengo batel denboraldia. Datorren asteburuan, apirilak 13 eta 14, Euskadiko batel txapelketa jokatuko dute Legutioko urtegian (Araba). Larunbat arratsaldean izango dira sailkapen estropadak, eta igande goizean, aldiz, finaletan neurtuko dituzte indarrak maila bakoitzeko lau onenek.

Orio Arraunketa Elkarteak sei ontzirekin parte hartuko du lehiaketan. Hain zuzen, infantil neskak eta mutilak, kadete neskak eta mutilak, eta jubenil neskak eta mutilak izango dira bertan.

Bestalde, Euskadiko zortzikoen txapelketa ere izango da Legution, igande goizean, batel txapelketako finalen aurretik. Orioko senior mutilek parte hartuko dute. Orion ere izango dira estropadak asteburuan, izan ere, larunbat goizean, aulki mugikorreko Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!