"Sekula ez nuen pentsatu Ameriketara pilotan jokatzera joango nintzenik"

Karkara 2019ko api. 13a, 12:00
Ibon Aranalde Berastegiko Kultur Astearen barruan eskaini zuten 'Bertsopilota' ikuskizunean.

Ibon Aranalde pilotari oriotarrak Bertsopilota ikuskizuna eskainiko du Aste Santuan, Estatu Batuetako hainbat Euskal Etxetan.

IBON ARANALDE - PILOTARIA

Nola murgildu zinen Bertsopilota proiektuan?
Orioko eta Villabonako pilota elkarteetako kideok elkarrekin entrenatzen dugu. Villabonako elkarteko pilotari Iñaki Lizasok jarri zuen Bertsopilota proiektua martxan orain dela urte batzuk, eta aurten Aritz Lertxundiri eta niri proiektuan parte hartzea proposatu zigun. Tamalez Lertxundik lan kontuak direla-eta ezingo du AEBra joan.

Proiektuak kirola eta kultura uztartzen ditu. Zein da ikuskizunaren dinamika?
Binakako esku pilota partida jokatzen dugu, 22 puntura. Lau pilotarik eta bi bertsolarik parte hartzen dugu, eta bertsolariek botilero rola hartzen dute. Hauek partidaren hasiera eta bukaeran bertsoak botatzen dituzte ikuskizunari sarrera emateko eta agurtzeko; horrez gain, pilotarion atsedenaldietan, bertso saiotxoak ere egiten dituzte, umorea ibilita aurkariak zirikatzeko asmoz. Bertsoak bat-batekoak izaten dira, partidan gertatukoaren arabera sortzen dituzte, eta horrek berezia egiten du ikuskizun bakoitza.

Pilotarientzat partidak jokatzeko modua desberdina al da?
Pilotariak ahal dugun lanik txukunena egitera ateratzen gara kantxara, baina festa giroko partida dela ahaztu gabe. Ez dugu txapelketetako presiorik, eta ondo pasatzeko eta ikusleei ondo pasa arazteko asmoz jokatzen dugu. Oso gustuko dut proiektuak. 

Harrera ona izaten al du publikoaren artean?
Bai, giro ederra sortzen da. Duela bi urte esaterako, Argentinako Euskal Etxeetan aurkeztu zuten ikuskizuna, eta aipatu didate harrera bikaina izan zutela bertan. Aste Santuan Ameriketako Estatu Batuetan izango gara. Bertako hainbat Euskal Etxeekin harremanetan jarri gara, eta San Frantziskon, Bakersfielden eta Los Angelesen eskainiko dugu ikuskizuna; bestalde, oraindik baieztatu gabe badago ere, Las Vegasen ere egingo dugu saioa.

Esperientzia berria bizitzeko gogotsu al zaude?
Oso gustura nago eskaini didaten aukerarekin. Urte asko daramatzat pilotan jokatzen, eta denbora horretan jende eta toki pila bat ezagutu ditut. Dena dela, sekula ez nuen pentsatu Ameriketara pilotan jokatzera joango nintzenik; oparia da niretzat, eta esperientzia aprobetxatzea da nire asmoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!