Hiru domina oriotarrentzat Euskadiko batel eta zortzikoen txapelketetan

Karkara 2019ko api. 15a, 14:17

Legution jokatu dituzte Euskadiko batel eta zortzikoen txapelketa, eta guztira, Orioko zazpi ontzik parte hartu dute estropadetan. Hiru domina ekarri dituzte Oriora, zilarrezko bi eta brontzezko bat.

Asteburu honetan jokatu dituzte Euskadiko batel eta zortzikoen txapelketa, Legution. Guztira, Orioko zazpi ontzik parte hartu dute estropadetan: infantil neskek eta mutilek, kadete neskek eta mutilek, eta jubenil neskek eta mutilek batel txapelketan; eta senior mutilek zortzikoen txapelketan. Hiru domina irabazi dituzte oriotarrek, zilarrezko bat eta brontzezko bat bateletan, eta zilarrezkoa zortzikoan.

Atzo, larunbata, eman zioten hasiera Euskadiko batel txapelketari, eta gaur, igandea, izan dira finalak. Kadete neskak, jubenil neskak eta kadete mutilak aritu dira finaletan, eta bi domina lortu dituzte. Kadete neskek bigarren egin dute, zilarrezko domina poltsikoratuz, eta jubenil neskek, aldiz, hirugarren postua eta brontzezko domina eskuratu dituzte.

Bestalde, Euskadiko zortzikoen txapelketa ere izan da gaur Legution, eta bertan izan dira Orioko senior mutilak. Hondarribia Arraunketa Elkartekoak gailendu dira, eta bigarren egin dute oriotarrek. Hirugarren postuan Raspas taldekoak gelditu dira.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!