Asteartean irekiko dute berriz Orioko Udal Liburutegia

Karkara 2019ko api. 17a, 14:28
Amaitu dituzte Orioko Udal Liburutegiko egokitze-lanak. (Orioko Udala)

Dagoeneko amaitu dituzte egokitze-lanak Orioko Udal Liburutegian, eta zerbitzua martxan jarriko dute berriz. Besteak beste, altzari berriak eta ate automatikoa jarri dituzte, eta haurrentzako txoko berria ere prestatu dute.

Datorren asteartean, apirilak 23, irekiko dituzte berriz Orioko Udal Liburutegiko ateak. Otsailean abiatu zituzten liburutegia egokitzeko lanak, eta bi hilabeteko epean amaitu dituzte. Hala, lanak bukatuta, martxan jarriko dute berriz zerbitzua. Lehenengo astean, 09:00etatik 13:00etara irekiko dute.

Orioko Udalak azaldu duenez, apal guztiak aldatu eta metalezkoak jarri dituzte, kolore zurikoak. Mahaiak, aulkiak eta bestelako altzariak ere berritu egin dituzte, eta haurrei zuzendutako txoko berri bat eraiki dute. Kristalezko itxitura baten barruan kokatu dute txokoa. Bestalde, kristalezko ate automatikoa jarri dute liburutegiko sarreran. Elementu osagarri batzuk jartzea falta da oraindik, eta aurreikusi dutenez, datozen asteetan amaituko dituzte lanak bere osotasunean.

Obra hauek aurrera eramateko, guztira, 50.000 euro erabili ditu udalak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!