Euskadi Mini Meeting egingo dute Orion maiatzean

Karkara 2019ko api. 25a, 14:30
Hirugarrenez antolatu dute Euskadi Mini Meeting topaketa. (Euskadi Mini Meeting)

Mini auto klasikoen topaketa izango da Orion maiatzaren 10ean, 11n eta 12an. Espainiako estatu osoko parte hartzaileak bertaratuko dira, eta Orioko kanpinean hartuko dute ostatu.

Euskal Herriko Mini Klubak hirugarrenez antolatu du Euskadi Mini Meeting, hau da, Mini auto klasikoen topaketa. Maiatzaren 10ean, 11n eta 12an izango da, Orion. Bi urtean behin elkartzen dira, eta Espainiako estatu osoko parte hartzaileak bertaratzen dira. Antolatzaileen arabera, aurten 31 pertsonak eman dute izena momentuz, eta besteak beste, Bartzelonako, Lleidako, Castelloko, Logroñoko, Galizako eta Euskal Herriko kideak izango dira Orion.

Orioko kanpinean hartuko dute ostatu parte hartzaileek. Bertan elkartuko dira ostiralean, maiatzak 10, eta ingurua ezagutzeko aukera izango dute nahi dutenek. Gauean elkarrekin afalduko dute kanpinean.

Larunbatean, maiatzak 11, 09:30ean emango diote hasiera egitarauari. Orioko kanpineko sarreran elkartu eta Biarritz aldera mugituko dira mini autoetan, kostatik. Biarritz izango da helmuga, eta hara iristean, bazkaldu egingo dute. Parte hartzaile bakoitzak erabakiko du noiz itzuli Oriora, baina guztiak elkarrekin bueltatzen saiatuko dira. Gauean, aldiz, Ashé jatetxean afalduko dute, eta kanpoaldean erakutsiko dituzte Mini auto guztiak. Igandean, maiatzak 12, ez da egitasmo berezirik izango.

Euskadi Mini Meeting-eko egitarau osoan parte hartzeko izen-emate epea itxi dute dagoeneko, baina antolatzaileek azaldu dutenez, interesa duen oro bertaratu daiteke larunbateko ibilbidea egitera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!