2019ko udal hauteskundeak

"Oposizioan baina Orioren alde lanean"

Karkara 2019ko api. 26a, 10:21
Amaitzear dagoen agintaldiaren balorazioa egin dute Orioko EH Bildukoek. (@orioehbildu)

2015-2019 agintaldiaren balorazioa egin du Orioko EH Bilduk. EAJ-PNVren "pasibotasunaren aurrean", EH Bilduko lau zinegotziak "adostasunak lantzen" saiatu direla azaldu dute: "Oso emankorra izan da ahalegina". Bestalde, udal gobernuaren gidaritzan izan den EAJ-PNV "noraezean" eta "akordiorako borondaterik gabe" ikusten dute koalizioko kideek: "Horrek eragin kaltegarriak izan ditu oriotarrentzat". Etorkizuneko erronkei buruz ere mintzatu dira.

Maiatzaren 26an izango dira hurrengo udal hauteskundeak, eta beraz, amaitzear dago 2015-2019 agintaldia. EAJ-PNV alderdia arduratu da Orioko udal gobernuaren gidaritzaz, eta asteazkenean, apirilak 24, azken lau urte hauen balorazioa egin zuen Orioko EH Bilduk, Salatxon. Koalizioko lau zinegotziek udalean egin duten lanaren inguruan hitz egiteaz gain, EAJ-PNVk erakutsi duen jarrera eta aurrera eraman duen kudeaketa izan dituzte hizpide. Bestalde, etorkizuneko erronkei buruz ere mintzatu dira.

Egin dugun lana baliagarria izan da

Azken lau urteetan EAJ-PNVko Jose Angel Zaldua izan da Orioko alkatea, eta guztira, 6 ordezkari izan ditu alderdi jeltzaleak udalean. EH Bilduk lau zinegotzi lortu zituen, Orain taldeak bi, eta PSE-EEk bat. Orioko EH Bilduko kideen arabera, EAJ-PNVren pasibotasunaren aurrean, beste bi alderdietako hiru zinegotziekin adostasunak lantzen saiatu dira: Oso emankorra izan da ahalegina.

Besteak beste, 2017ko, 2018ko eta 2019ko udal aurrekontuei begirako proposamenak adostea lortu dutela nabarmendu dute, nahiz eta, EAJren moteltasunaren ondorioz, gaiak nahi bezain ez azkar ez egin. EH Bildukoek iritzi dute lan asko egin eta ekimen ugari bultzatu dituztela, hala nola, liburutegiaren berrikuntza, Arraunetxeko aretoa edota pobreziaren azterketa.

Dikearen eta Kofradiaren inguruko lanei dagokienez, EAJ-PNVk jarritako oztopoak eta trabak ikusita, prozesu ilun eta liskartsu baten bidetik joateko arriskua zegoela adierazi dute EH Bildukoek. Dena den, oposizioko hiru taldeek lur-jabeekin egindako elkarlanak ahalbidetu duela egoera bideratzea uste dute.

Laburbilduz, apaltasunetik, eta aitortuz beti dagoela non eta zertan hobetua, egin duten lana baliagarria izan dela azaldu dute EH Bilduko kideek: Oriok eta Euskal Herriak merezi du eta guretzat ohore bat izan da herriarentzat lan egitea.

Kemenik gabeko EAJ bat ezagutu dugu

Kemenik gabeko EAJ bat ezagutu dugu, noraezean eta akordiotarako borondaterik gabekoa. Zoritxarrez, horrek eragin kaltegarriak izan ditu oriotarrentzat, esan dute EH Bildukoek. Zenbait proiektuk bi edo hiru urteko atzerapena jasan dutela azpimarratu dute, hala nola, Plan Orokorrak, plazako obrek, langileen kontratazioak edota hondakinen bilketa-sistema berriaren egokitzapenak.

Bestalde, batzordeen funtzionamenduan koordinazio eta antolakuntza falta izan direla salatu du koalizioak. Batzordeen funtzionamenduan kaosa gailendu dela eta beste hainbat batzorde kasik desagertuta egon direla azaldu dute, hala nola, merkataritza, ongizatea, hezkuntza edota euskara. Kanpainan horrenbeste famatu zuten 'kudeaketa ona'ren adibiderik ez dugu ikusi, zoritxarrez, gehitu dute. 

Duela lau urteko kanpainan EAJ-PNVk kea saldu zuela iritzi du EH Bilduk: Herriari berriro sinestarazi nahi zioten EAJ dela aukera bakarra. Dena den, beste taldeek ere badituztela proposamenak aldarrikatu dute, beharbada xumeagoak, baina egingarriagoak. Politikan adostasunak bilatzea dela gakoa diote, eta horretan EAJ-PNVk huts egin duela.

Etorkizuneko erronkak

Etorkizuneko erronkei dagokienez, datorren agintaldiari begira EH Bildutik aurkeztu duten lan-taldearekin konfiantza osoa dutela adierazi dute: Gaitasun handia daukate eta ez zaie ilusiorik falta. Ziur gaude lan paregabea egingo dutela. Bestalde, Orioren eta oriotarren etorkizuna bermatzeko, udalari norabide egokia markatzea eta bultzada emango dion gidaritza izatea beharrezkoa dela gehitu du EH Bilduk, eta hori EAJ-PNVren eskutik nekez etorriko dela esan dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!